Datorren asterako agortuko dute hegaluzearen kuota arrantzaleek

Hilaren 18an badaezpadako itxiera egingo du Arrantza Idazkaritzak, baina ordurako ahitu egingo da kuota. Kantauriko ontziek 12.000 tona inguru arrantzatu dituzte dagoeneko

Arrantzaleak hegaluzea deskargatzen Getariako portuan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
xabier martin
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Hegaluzearen kanpaina abagune gazi-gozoa eragiten ari da egunotan Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen artean. Gozoa, ondo joan delako prezio eta harrapaketen aldetik; gazia, nahi baino lehenago bukatuko delako, eta harekin batera arrantzale asko jarduerarik gabe geratuko direlako berdelaren kanpaina hasi arte, 2019ko otsailean. Horrela jakinarazi zuen Bizkaiko Kofradiako presidente Iñaki Zabaletak, atzo. «Kontuan hartzen badugu 4.000 tona hegaluze baino gutxiago geratzen direla, segurua da aste eta erdian harrapatuko dela kuotaren %100. Astero, 2.000 tona inguru harrapatzen ari gara. Itxi egin beharra dago, ez dago besterik».

Eta orain, zer? Arrantzale asko lurrean geratuko direla. Ingura sareko arrantzontziak aterako dira sardina eta txitxarro bila; baita tretzakoak ere legatzaren bila; «baina arrantza hori oso ukitua dago jadanik», esan zuen Zabaletak. 40 arrantzontzi inguruko arrantzale gehienek, berriz, lehorrean geratzea baino ez dute izango datorren otsailera arte; berdela euskal uretara hurbiltzen den arte, alegia.

«Batzuek esango dute zergatik gauden kexu arrantzatu ahal zen kuota arrantzatu baldin badugu», esan zuen Bizkaiko Kofradiako presidenteak; eta gaineratu zuen azalpen moduan «gogorra» dela itsasora ezin ateratzea berriro otsailera arte.

Kuota handiagoa nahi dute

Izan ere, oso azkar bukatuko da aurten hegaluzearen kanpaina; oso ondo joan denaren seinale da, noski, «baina inoiz ez dator ondo gelditu beharra». Ekainaren hondarrean abiatu zen kanpaina, eta ohi duen baino bi hilabete lehenago itxiko da. Zergatik? Urak inoiz baino tenperatura beroagoa duelako Kantauri itsasoan, seguruenera. 24 gradu horiek eragin dute hegaluze gehiago egotea kostatik hurbil, eta harrapaketa gehiago egitea epe txikiagoan.

Zabaletak onartu zuen ez dela «ezustea», badaezpadako itxieraren zain zeudelako. Hegaluzeak aurten lortu dituen salneurriak ere badira kontsolamendu txiki bat. «Onak izan dira, harrapaketen neurria ikusita; pozik gaude alde horretatik». Baina Zabaletak ez zuen ezkutatu arrantzaleek badutela arantza bat, sarritan entzuna: «Kuota handiagoa nahiko genuke, aukera dagonean gehiago arrantzatzeko. Badakigu hori zientzialarien esku dagoela, haiek erabakitzen dutela igoerak zenbatekoa behar duen».

Kantauri itsasoko arrantzale guztientzako 15.000 tonako kuota finkatu dute aurten; aurreko urtean, 6.760 tona hegaluze harrapatu zituzten euskal arrantzeek, kuota osoaren erdia baino zertxobait gutxiago, eta kanpaina oso ona izan zen; 2016. urtean, berriz, 6.231 tona izan ziren. Litekeena da aurtengo kanpainak kopuru horiek gainditzea. «Aurten hegaluze asko egon da, eta asko arrantzatu da», erantsi zuen Zabaletak.

Pelagikoen lehiaren kezka

Aurten ere atzerriko arrantzontzi pelagikoen deskargak egon dira euskal portu batzuetan, eta Elkarrekin Podemosek galdetuko du Eusko Legebiltzarrean zergatik ez diren oztopatu deskarga horiek, iaz egin zen moduan. Sare pelagikodun ontziek lehia desleiala egiten dutela azalduko du Jose Ramon Becerra legebiltzarkideak, eta hegaluzearen prezioa behera bultzatzen dutela.

Iñaki Zabaletak dio Irlandako ontziek beren kuota dutela eta arrantzatu dezaketela. «Pelagikoen aurka gaude, baina ezin dugu askoz gehiago egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.