Gipuzkoak kamioientzako 545 aparkaleku jarriko ditu AP-8an

Garraio Zentroak bi eremu izango ditu, bat Astigarragan, 355 aparkalekurekin, eta bestea Oiartzunen, 190ekin. Eremu itxiak izango dira, eta bertan argiak eta zaintza kamerak jarriko dituzte
Markel Olanok eta Aintzane Oiarbidek Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu zuten proiektua.
Markel Olanok eta Aintzane Oiarbidek Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu zuten proiektua. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Ane Lamarka Etxeberria -

2018ko abuztuak 30
Markel Olano diputatu nagusiak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Gipuzkoan eraikiko den Garraio Zentro Integrala aurkeztu zuten atzo goizean. AP-8 autobidean eraikiko dute, eta bi plataforma izango ditu: bat Astigarragan eta bestea Oiartzunen. Guztira 545 kamioi aparkatzeko tokia izango dute. Astigarragako plataforma AP-8ko 17. kilometroan kokatuko da, Behobiako noranzkoan. Frantzia aldera doan trafikoa hartuko du, eta 355 ibilgailurentzako tokia izango du. Oiartzungoa, berriz, egungo zerbitzugunean kokatuko da, AP-8ko 8. kilometroan. Bilboko noranzkoko trafikoarentzat izango da, eta 190 ibilgailurentzako tokia izango du. «Garraio Zentro berri horren helburua da kamioilariei zerbitzua ematea, eta Biriatuko [Lapurdi] mugan sortzen diren auto ilara handiak saihestea», adierazi dute.

Aurreikuspenen arabera, lanak urtearen azken hiruhilekoan aterako dira lizitaziora, eta zentroa erabilgarri egongo da 2020. urtearen erdialderako. «Azpiegitura berri horrekin, gure helburu nagusia da zerbitzua ematea autobidea erabiltzen duten garraiolariei, segurtasun pertsonala zein ibilgailuena bermatuz. Gure ustez, Garraio Zentro horrek trafikoa arintzen lagunduko du mugan auto ilara handiak daudenean, eta, era berean, kamioilariek atseden hartzeko eta beren gestioak egiteko aukera izango dute azpiegitura berrietan eskainiko diren zerbitzuei esker», azaldu zuen Olanok.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak, berriz, azpimarratu zuen Gipuzkoan egongo den Garraio Zentro berri horrek 4. maila izango duela Europako estandarren barruan: «Euskadira begira, zerbitzu eta segurtasun maila hori eskainiko duen zentro bakarra izango da, baita estatuko handiena ere. Badakigu garraiolarien kezkarik handiena, atseden hartzen dutenean, beren ibilgailuen eta garraiatzen duten kargaren segurtasuna dela». Esplikatu du Garraio Zentro berriaren bi plataformak eremu itxi batean kokatuko direla, eta bertan, argiak eta zaintza kamerak jarriko dituztela, gune guztian ibilgailu nahiz pertsonen sarrerak eta irteerak kontrolatzeko. Esparru horretara, aparkalekuko langileak eta gidariak bakarrik sartu ahal izango dira.

Bi eremuetan egongo diren zerbitzu eraikinek hainbat baliabide izango dituzte: besteak beste, jatetxea eta kafetegia, supermerkatua, komunak, telebista aretoa, wifia, takografoa deskargatzeko sistema eta aldez aurretik lekua erreserbatzeko aukera. Oiartzungo zerbitzugunean, eraikina orain erabiltzen den bera izango da, aparkalekuak mantenduko dituzte ibilgailu arinentzako eta doako area bat gordeko dute autobusentzako.

Bidegi foru sozietateak egingo ditu urbanizazio lanak, eta guztira 11,2 milioi euroko kostua izango dute —BEZa gehituta—; haien erabilera eta ustiapenerako kontzesioa eskainiko dute. Oiartzungo zerbitzugunearen berrantolaketaren kostua, berriz, 2,2 milioi euro ingurukoa izango da. Kontzesioak Astigarragako zerbitzuen eraikina egingo du, baita bi guneen eremua itxi eta zaintza sistema jarri ere. Olanok eta Oiarbidek adierazi dute aldundiak inbertsiorik ez duela egin beharko.

Egitasmoa bertan behera

Bidegik 2011n proposatu zuen kamioientzako aparkaleku bat egitea. Orduan aurreikusi zuen Garraio Zentroak, baina, 584 leku izango zituen, eta guztira 25 milioi euroko kostua izango zuen. 2011n EH Bildu Astigarragako alkatetzara iritsi zenean, proiektua berrikustea erabaki zuten, eta jeltzaleek egotzi zioten proiektua atzeratzea. Ondorioz, Sestra konpainiak 2014. urtean idatzi zuen proiektuaren nondik norakoa Bidegiren eskariz, eta kalkulatu zuen kostua 12 milioi eurokoa izango zela. Lizitazioa atera zenean, enpresa bakar batek ere ez zuen aurrera eraman nahi izan proiektua.