Hipoteken zerga

Gorenak bankuen alde egin du, hipoteken zergaren zama bezeroei ezarrita

Bankuen alde egin dute hamabost epailek, eta bezeroen alde hamahiruk. Unidos Podemosek manifestazio batera deitu du zapaturako, «independentzia judiziala» eskatzeko

Hipoteka zergari buruzko eskandaluaren inguruko protesta bat, atzo, Madrilen, Gorenaren aurrean. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Bankak irabazi du. Finantza erakundeen interesen alde egin zuten atzo Espainiako Auzitegi Goreneko osoko bilkurako hamabost epailek, eta bezeroen alde hamahiruk. Emaitza estua bi egunez egindako bilera maratoiaren ostean, baina emaitza argia: Gorenak bertan behera utzi du Gorenak berak duela bi aste ebatzi eta martxan jarritako doktrina, eta erabaki du bezeroek ordaindu behar dutela hipoteken zerga, eta ez bankuek. Garaipen handia da bankarentzat, eta porrota bezeroentzat. Erabakiaren mamiak ez eze, justizia administrazioak ere azken asteetan izandako jarrerak pitzadura sakonak azaleratu dituAuzitegi Gorenaren independentzian. Hori dela eta, Unidos Podemosek manifestaziora deitu ditu herritarrak zapaturako, Madrilen, 18:00etan, Gorenaren aurrean, «justizia soziala eta independentzia judiziala» eskatzeko.

Gorenak bi eguneko konklabe baten ostean jakinarazi zuen azken erabakia, atzo iluntzean. Presioak handiak izan dira. Alde batetik, bankuek ez zieten orain arteko dirutza bueltatu nahi bezeroei —milaka milioi izan zitezkeen—, eta argudiatu dute legea bete baino ez dutela egin. Bestetik, administrazio publikoak ere egin du bultza: Espainiako Ogasun ministroak atzo epaia baino lehen iragarri zuen zerga bankuen bizkar jarriz gero azken finean autonomia erkidegoekitzuli beharko lieketela dirua kaltetuei —zergapekoek, alegia—, 5.000 milioi euroko faktura; Espainiaren defizit helburua lortzea ezbaian gera zitekeela ohartarazi zuen ministroak. Halaber, Unidos Podemosek herritarrak kalera ateratzeko eskaria egina zuen, Gorenak zerga herritarren bizkar lagaz gero. Erabakia jakinda, badirudi herritarren balizko presioak eduki duela pisurik txikiena.

Azkenean, milaka euroko faktura aurreztu dute bankak eta administrazio publikoak. Hein batean, sorpresa izan da bankaren aldeko ebazpena, erabaki salomonikoagoa espero zelako: hipoteka zerga bankaren bizkar uztea aurrerantzean, baina atzerako eraginik gabe; edo, asko jota, soilik 2014ra arteko dirua bueltatzea bezeroei —Maria Jesus Montero ministroak aipatutako 5.000 milioi euroak—.

Carlos Lesmes Goreneko presidentearen adierazpenek hauspotu zuten erdibideko erabaki baten aukera: «barkamena» eskatu zuen joan den astean, Gorenak hipoteken zergaren auzian izandako «kudeaketa txarragatik», eta azaldu zuen azaroaren 5eko osoko bileraren helburua ez zela zerga kontsumitzaileen bizkar jartzea, Gorenak berak urriaren 18an indarrean jarritako doktrina deseginda. Baina Lesmesen hitzak haizeak eraman ditu.

«Lotsagarria»

Diru asko zegoen jokoan Gorenaren erabakiaren atzean, baina erakundearen beraren zilegitasuna ere bai, urriaren 19az gerotik erakutsitako modus operandi-ak kolokan jarri baitu haren independentzia. Bankuek justiziari egindako xantaia salatu du Adicae kontsumitzaileen elkarteak, eta «lotsagarritzat» eta «amorragarritzat» jo dute erabakia OCU kontsumitzaileen elkarteak eta PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak.

Urriaren 18ko epaia da gakoa, ulertzeko zer-nolako ziaboga egin duen Gorenak bi astean: ordura arteko jurisprudentziaren kontra, hipoteken eskriturengatik pagatu beharreko zerga bankuek ordaindu behar dutela ebatzi zuen Auzitegi Goreneko 3. aretoak. Biharamunean bertan, urriaren 19an, ezohiko neurri bat hartu zuen Luis Maria Diez Picazok, administrazioarekiko auzien salako presidenteak: etenda utzi zituen bezperako epaiaren ondorioak, haren «eragin ekonomikoengatik eta sozialengatik» eta zergaren zama bankuen bizkar jartzeak zekarren errotiko aldaketagatik. Aurrekaririk gabeko bilera batera deitu zuen berehala, azaroaren 5erako: Goreneko osoko bilkura, hipoteken zergaren inguruan behin betiko doktrina ezartzeko. Urriaren 18ko epai irmoa desegin du, bankuei arrazoi emanda.

Kontsumitzaile elkarteen esperantza da Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak atzera botatzea Gorenaren erabakia. Bien bitartean, Espainiako Gobernuak ere badu aukera keinu bat egiteko: borondate politikoa izanez gero, erabaki dezake hipoteken gaineko zerga kentzea.

Hego Euskal Herriari dagokionez, Gorenaren erabakiak Nafarroan izango du eragin handiena, beste lurraldeetan etxebizitza nagusien kasuan ez delako pagatzen zerga hori. Nafarroan %0,5ekoa da zerga, eta ogasunak, urtero, hamar milioi euro biltzen ditu zerga horri esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.