Dimisio bat suebaki gisara

Osakidetzako zuzendari nagusiaren kargu uzteak jarrera aldaketak eragin ditu oposizioko talde batzuetan. Mujikaren erabakia «ke laino» bat dela adierazi dute hainbat eragilek

Jon Rejado.
2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Osakidetzako lan eskaintza publikoan salatu dituzten irregulartasunen kudeaketak lehen dimisioa eragin du: Osakidetzako zuzendari nagusi Maria Jesus Mujikak kargua utzi zuen herenegun. Berria kontrajarrita dago Osasun sailburu Jon Darponek hilabeteotan argudiatu duenarekin, irregulartasunen kudeaketan ez dela erantzule politikorik egon esan baitu. Oposizioko taldeek, baina, ez dute hala ikusi, eta erantzuleak argitzeko eskariak areagotu dituzte hilabeteotan: Osasun Saileko eta Osakidetzako goiko postuetan jarri dituzte begiak. Bada, Mujikak kargua utzi du. Alderdi batzuek balekotzat dute. Ordea, bada sailburuari egotzi dionik ere Mujika baliatu duela erantzukizunik ez hartzeko.

Mujikak iragan astelehenean egin zuen azken agerraldia Eusko Legebiltzarrean, Darponekin batera. Han, Laura Garrido PPko legebiltzarkideak Darpon sailburuari leporatu zion Mujikaren atzean babestea; uda osteko agerraldietan ohikoa izan du kritika hori. Ordea, orain, lau egun geroago, Garridok «ontzat» jo du Mujikaren erabakia. Osakidetzako zuzendari nagusiak dimisioa eman baino ordu batzuk lehenago, horixe eskatu zuen ekinbide bat aurkeztua zuen PPk. Bi ekinbide, hobeto esanda: lehenengoan, erantzukizun politikoak hartzeko eskatzen zion Eusko Jaurlaritzari, oro har; minutu batzuk geroago testua aldatu zuen, eta Mujika jarri zuen jomugan.

Osakidetzako zuzendari nagusiaren dimisioak alderdien artean eragin dituen erantzunei begira, Eusko Legebiltzarrean gaia baretuko dela dirudi. Oposizioko taldeek ez dute adierazi, oraingoz behinik behin, irregulartasunen erantzuleak argitzeko ikerketa batzorde bat abiarazteko asmorik. EH Bilduk zenbait eskari helarazi zizkion Darpon sailburuari, eta, horien artean, Osakidetzako zuzendaritza berritzea zegoen. Gainontzeko eskariak betetzen diren ikusteko zain dago orain koalizioa, bestelako erabakiren bat hartu aurretik. PPk, bestalde, ontzat jo du Mujikak ostegunean hartu zuen erabakia.

Bitartean, Elkarrekin Podemosek azken hilabeteetako jarrerari eutsi dio, eta Darpon jo du erantzule nagusitzat. ESK, LAB eta ELA sindikatuak ere oso kritikoak izan dira sailburuarekin, eta UGTk «ke laino» bat ikusi du Mujikaren dimisioaren. Are, Bizkaiko PPko presidente Raquel Gonzalezek ere aurreko tesia berretsi du, legebiltzarrean popularrek defendatutakoaren kontra.

Hainbat neurri

Duela seihilabete piztu zen Mujikaren dimisioa eragin duen zalaparta. Lan eskaintzako irregulartasun zantzuen salaketarik ez zegoela azaldu zuten Osakidetzako buruek, eta ikerketa «mugatu» bat hasi zuten horien atzean zer zegoen argitzeko. Salaketen dimentsioa handitu ahala, lehen neurriak heldu ziren: hiru hautaproba geldiarazi zituzten, etsamin guztien azterketa Oviedoko Unibertsitateko aditu baten esku utzi zuten... Horrek ez zuen zalaparta baretu. Osasun sailburuak eta Osakidetzako zuzendari nagusiak karguak uzteko eskariak ohikoak izan dira albiste bakoitzaren ostean.

Eusko Legebiltzarreko oposizioko taldeek adostasunak lortu dituzte hautaproben irregulartasunaren gaian. Horren erakusgarri da ekainaren 21eko osoko bilkura. Darpon eta Mujikari gertatutakoa ikertzeko eskatzeaz gain, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk 2019an lantalde bat sortzea onartu zuten; Osakidetzako giza baliabideen politika eredua ikertzea litzateke talde horren helburua. EAJk eta PSE-EEk horren aurkako boza eman zuten. Testuinguru horretan aurkeztu zuen EH Bilduk ikerketa batzorde bat abiarazteko ekinbidea, hautaproben irregulartasunak aztertu eta erantzukizunakzehazteko. Oporren atarian aurkeztu zuen, eta oposizioko taldeen arteko adostasun puntu horiek ikusita, gauzatu zitekeen.

Emaitzen ondoren, dimisioa

Darponek ikerketa batzordearen gaineko bozketa atzeratzeko eskatu zuen, ordea. Esan zuen Osasun Sailak aurretik aurkeztu nahi zituela martxan zuen ikerketaren emaitzak, ondorioak eta neurriak. Eskaera aintzat hartu zuen EH Bilduk, eta ez zuen ekinbidea osoko bilkurara eraman. Irailean hasi zen EAEko osasun administrazioko arduradunen agerraldi sorta. 17an, Mujikak Osakidetzako barne ikerketaren emaitzak ezagutarazi zituen. Urriaren 30ean, Darponek eta Mujikak Legebiltzarrean azaldu zituzten hainbat erabaki. Azken agerraldia iragan astelehenean izan zuten bi agintariek. Osakidetzako langileen hautaproba eredu berri bat hitzartzeko asmoa aurkeztu zuten, eta Osakidetzako barne egituraketan aldaketak egitekoa.

Agerraldiz agerraldi, Osasun sailburuak eskatutako denbora urrituz joan da, oposizioko taldeen kritikak areagotuz joan dira, eta ikerketa batzordearen itzala gero eta luzeagoa izan da. Orain, Mujikaren kargu uzteak ingurumari berri bat ekarri du. Urriko eta azaroko agerraldietan Laura Garridok hausnarketa bera errepikatu zuen: «Ezin izango dugu etorkizunera begiratu ez bada guztiz ixten irregulartasunen auzia». Datozen hilabeteetan ikusiko da Mujikaren erabakiak auzia ixteko balio izan ote duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.