DARWIN ETA GU

'Stupidity Hostel Sarajevo'

Jose Mari Pastor -

2018ko abenduak 29
Gerra turismoa. Edo turismo iluna. Izen hori hartu du gero eta ikusmin handiagoa pizten ari den turismo motak. Gerra edo sarraskiak izan diren lekuak bisitatu eta bertan bizi izandako esperientzien antzeko sasiesperientziak eskaintzen ditu. War Hostel Sarajevo hotela dugu toki horietako bat, Bosniako hiriburuan. Bertan, biolentziaren eta basakerien zantzuak aurkituko ditu turistak, baina bigarren eskukoak. Fake war da, ustezko gerra gozatu eta bizi izateko, benetako gerran sufritu eta hil gabe.

Sarajevoko hotelean ostatua hartzen dutenak tiro, bonba eta leherketen etengabeko hotsen artean bizi dira, gau eta egun. Lurrean botata lo egiten dute, koltxoi ziztrinetan, izararik gabe. Hormetan armen irudiak dituzte, eta Heriotza hitza pintatua.

Arijan Kurbasic da hotelaren managerra. Hark jakinarazi duenez, hainbat lekutako jendea joaten da War Hostel Sarajevo-ra. Ezetz asmatu nongoak diren gehien-gehienak? Bingo! AEB, Europa eta Australiakoak. Sarajevoko jendeak ez du ezer jakin nahi horretaz, benetako gerra zer den ederki baitaki. Alta, lehen munduko herritar zibilizatuak irrikan daude sentsazio horietan murgiltzeko. Kurbasicek The New York Times egunkariari adierazi dionez, millennial-ek gozatzen dute gehiena. «It's cool!», esaten dute. Kontua ez dela cool erantzun du Kurbasicek, gerra dela, baina oker dago. Ez da gerra. Gerraren sufrimendua eta tragedia zorionez zer diren ez dakiten zenbait gazte aspertu deszerebraturentzako jolasaldia da. Bizpahiru gautan ostatua hartu hotelean, eta etxera itzultzen dira pozik, low cost hegaldian. Ez dituzte tirokatu, jipoitu. Ez dituzte bortxatu edo hil. Gorputza osorik dutela bueltatzen dira gure heroiak. Gerratik bizirik irten dira. Zer gerra, baina?

Gerra turismoa. Abendu hasierako zubian Auschwitz bisitatu zuen lagun batek azaldu didanez, kontzentrazio-esparruko zenbait lekutan grafitiak eta pintadak daude. Denak iraingarriak, denak antisemitak izan ez arren —ez al da errespetu falta gatibuak xaboia egiteko hiltzen zituzten lekuan Ni hemen izan nintzen idaztea?—. Lagun horrek esan dit nola fusilamendu gela batera joan ziren eta, han zeudela, bikote batek jendea tirokatzen zuten hormaren kontra jarri, eta selfie bat egin zuen, irribarretsu. Party, party, more party; dont worry, be happy, material ona ekarri dugu eta.

Ruanda aldera ere joango litzateke jende hori, selfie-ak egitera. Ba al dakite zer egiten zieten bertako soldaduek emakumezkoei? Ikus ditzatela ume soldaduei buruzko dokumentalak: seme nerabea fusilaz mehatxatu eta ama bortxarazi, haiek barre egiten zuten bitartean. Edo seme-alabekin iheslari ilaran zegoen emakumeari bularrean babestuta zeraman hilabeteko haurra kendu eta tiro batez hil, negar egiten ari zelako. Eta horren ostean, amari esan: «Orain gorpua zapaldu eta zapaldu; txikitu, birrin-birrin egin arte, beste seme-alabak akabatzea nahi ez baduzu».

Gerra, sarraskiak eta genozidioak izan diren lekuak bisitatzea komenigarria da iragana ez ahazteko. Gernikako Bakearen Museoan naziek eta faxistek eragindako sarraskiaren berri izango duzu. Historia da, ezagutu beharrekoa. Hala ere, ez dakit zer esango lukeen bertako jendeak negozio gizon edo emakume buruargi batek Sarajevoko ostatukoaren antzeko egonaldi bat antolatuko balu hotel batean, burugabe batzuen morboa asebetetzeko.

Espektakuluaren eta exhibizionismoaren gizartea puzten ari gara, gerraren edo bestelako astakerien inguruan. Sarajevon edo Iruñean bertan. Begira, bebarru honetan bortxatu zuten Manada delako taldekoek Madrilgo neska hura. Eta selfie bat egin hantxe, irribarretsu. Erlaxatu eta gozatu, badakizu.

Gerra zer den jakiteko, ez duzu hotel batera joan behar tragediaren eszenifikazioaz gozatzeko. Nahikoa duzu gerra pairatu duen jende zaharraren begi isilei erreparatzea. Haien oroitzapenen oihu mingotsak simulatutako tiro, metraila eta bateria hotsak baino ozenago entzungo dituzu bihotzean. Baldin eta bihotzik baduzu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna