Arabako Aldundiak dio 19.000 adinekok ez dituztela diru laguntzak jasoko

Kezka adierazi du errenta aitorpena egin behar ez izateko muga igo eta harmonizazioa jaitsi izanaz: «Arabari kalte egingo dio». Oposizioak gezurretan aritzea egotzi dio aldundiari

aitor biain
Gasteiz
2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Arabako Aldundiak gogor kritikatu du beste behin oposizioak batzar nagusietan onartutako diru laguntza sorta. Jose Luis Cimiano Ogasun diputatuak ohartarazi du, EH Bilduk, Orain Arabak eta PPk onartutako neurrien ondorioz, 65 urtetik gorako 19.000 lagunek orain arte jasotzen zituzten zerga kenkariak galduko dituztela, eta ez dutela inolako diru laguntzarik izateko eskubiderik izango aurrerantzean. Halaber, diputatuak adierazi du, hileroko diru sarrera gordina 1.314 euro baino handiagoa duten adinekoek 340 edota 622 euro gehiago ordaindu beharko dutela datorren urteko errenta aitorpenean. «Kolektibo garrantzitsua da, eta asko kezkatzen gaitu».

Iragan astean onartu zituzten neurriak oposizioko hiru alderdiek batzar nagusietan. Onartu zuten, besteak beste, 2 milioi euroko saila bideratzea 65 urtetik gorakoei laguntzeko. Hots, zerga kenkariak erabili ordez, zuzeneko diru laguntzak ematea urtean 20.000 euro baino gutxiago irabazten duten adinekoei. EAJk eta PSEk osatzen duten foru gobernuak prest zuen errenta zergaren tasak inflazioaren arabera egokitzeko plana, baina erretiratu egin zuen bi neurriak bateragarriak ez direla iritzita. Izan ere, adinekoen laguntzez gain, haur jaioberriak dituzten familiei ere 250 eta 1.000 euro arteko diru laguntzak ematea adostu zuten. Bada, aldundiaren kalkuluen arabera, guzti horrek bost milioi euroko kostua ekarriko dio ogasunari.

Cimianok adierazi du oraindik xehetasun asko argitzeke daudela, nahiz eta esan neurriak ahal bezain azkar martxan jarriko direla. Horiek hala, familiek hilabeteko epea izango dute, gutxi gorabehera, haurra izateagatik jasotzeko laguntzak eskatzeko. Aldiz, 65 urtetik gorakoek datorren urteko urtarrilera arte itxaron beharko dute, arauaren arabera, eskaera egiten duten guztien artean banatu beharko baita bi milioiko saila.

«Gezurretan ari dira»

Oposizioak gezurretan aritzea egotzi dio aldundiari, eta aurreikuspenekin zuhurra ez izatea. EH Bilduren iritziz, «dimentsio handiegia» hartu du eztabaidak. Iñaki Ullibarri batzarkideak nabarmendu du, ez dela egia neurri berriek herritar batzuei soilik eragingo dietela: «Neurriak, batez ere, diru sarrera txikiak dituztenen aldekoak dira. 1.300 euroko pentsio ertaina jasotzen du adinekoen kopuru handi batek Araban. Baina horiek guztiak ez dira iristen 20.000 euroko langara. Gezurretan ari dira».

Ullibarrik azpimarratu du, halaber, bateragarriak direla oposizioko alderdiek onartutako neurriak eta aldundiaren zerga kenkariak gutxitzeko proposamena. Hala berretsi du Javier Bizarro Orain Arabako batzarkideak ere, eta gaitzetsi du foru gobernuak «oposizioaren bizkar» utzi nahi duela plana erretiratzearen erabakia. «Ez dute esaten, baina erreforma txiki hau haien proposamenetan jasota zegoen». PPk, bestalde, «errealitatea ezkutatu» izana egotzi dio aldundiari. Ana Morales batzarkideak adierazi duenez, Arabako erretiratuen %80k jasoko dituzte laguntzak.

Desoreka bai ala ez

Errenta aitorpena egin behar ez izateko muga 12.000tik 16.800 eurora igo izanak ere kezka eragin dio aldundiari. Cimianok adierazi du, zenbateko horrek «desharmonizazio nabarmena» eragiten duela Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin, eta «ondorio kezkagarriak» eragin ditzakeela balizko ekarpen legearen eguneratzean: «Arabari kalte egingo dio».

Oposizioa, ordea, desorekaren aldekoa da. EH Bildu eta Orain Arabaren iritziz, harmonizazioarekin hautsi izana «positiboa»eta «beharrezkoa» da, «bestelako politika fiskal bat» aurrera eramateko aukera zabaltzen duela uste baitu Ullibarrik. Bizkaiaren «arauetara mugatzea» egotzi dio Bizarrok diputazioari: «Bizkaiarentzat egokia da egungo legea, baina hemengo errealitatea bestelakoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.