Irakasleentzako ordezkoak falta dira

Ordezkapen zerrendak berandu irekitzea eta baremazioak asko luzatzea egotzi diote sindikatuek Jaurlaritzari. Hezkuntza Sailak esan du gaixoaldien kopurua asko handitu dela urte hasieratik

Ibai Maruri Bilbao.
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan irakasleen ordezkapenak ez direla behar bezala betetzen salatu dute sindikatuek. «Hezkuntza ordezkaritzako langile batek kontatutakoa da honako hau: joan den ostegunean, ordezkapenetarako zerrendan zeuden 200 laguni deitu zien, eta telefonoa hartu zioten guztiak dagoeneko beste ordezkapen bat egiten ari ziren; ez zuen inor topatu », ipini du adibide LAB sindikatuko Irakaskuntza arloko arduradun Aitor Nuñezek. Ohartarazi du joan den ostegunean Bizkaian 155 ordezkapen egin gabe geratu zirela. Esan du egoera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren «kudeaketa txarraren» ondorioa dela.

Iazko apirilean sinatu zuten lan hitzarmen berria sindikatuen gehiengoak eta Hezkuntza Sailak; besteak beste, ordezkapenak irakaslea faltako den lehen egunetik egitea adostu zuten. Urrian jarri zen dekretua indarrean. «Neurri hori betetzeko sistemak milaka langile gehiago behar izan ditu, baina Hezkuntza Sailak ez du hori aurreikusi. Zerrendetan ez da behar beste jende egon, eta ezin izan dira ordezkapenak bete», azaldu du Steilaseko bozeramaile Aitor Idigorasek. «Langileak oso haserre daude. Akordioa adostu aurretik baino okerrago daude ikastetxe batzuetan. Zazpigarren eguna, hamargarrena, hamabigarrena... eta ordezkoaren zain egon dira kasu batzuetan», gehitu du Nuñezek.

Jaurlaritzak joan den azaroan ireki zituen zerrenda batzuk: fisioterapeutena, ingeleseko irakasleena, gorputz hezkuntzakoena eta kontsultoreena. Baina orain arte baremoa ezarri gabe egon dira izena eman dutenak; hau da, ordezkapenetako zerrendetan sartu barik. Joan den ostiralean iragarri zien Hezkuntza Sailak sindikatuei dagoeneko ezarri diela baremoa, eta asteon argitaratuko dituela zerrenda berriak. Hala baieztatu dio Hezkuntza Sailak berak BERRIAri ere. Beraz, ordezkapenak egiten hasi ahal izango dira. 3.000 langiletik gora baremazioa noiz egingo zain egon direla salatu du Nuñezek, lan egin ezinik; eta, aldi berean, hainbat ordezkapen hutsik geratu direla tarte honetan, nahiz eta jendea lanerako prest egon. Baremazioak «ohiko prozedurari» jarraitu diola esan du Hezkuntza Sailak.

Gripeak jota

HH Haur Hezkuntzako eta LH Lehen Hezkuntzako zerrendak zabalduko dira hurrengo. Otsailean izango dela esan du Hezkuntza Sailak berak. Aurreikuspenen arabera, 20.000 pertsona inguruk emango dute izena. «Ikusita 3.000 lagun pasatxoren baremazioa egiteko zenbat denbora behar izan duten, asko kezkatzen gaitu horien baremazioa egiteko zenbat denbora beharko duten pentsatzeak», ohartarazi du Idigorasek. Baremazioa egiteko ezohiko prozeduraren bat martxan jartzeko eskatu dio administrazioari, azkarrago egiteko. Azaldu du gaur egun baremazioetan zero puntu jaso duen jendeari deitzen dabiltzala, eta aste honetan beste zerrenda batzuetan izena emanda daudenei deitzen hasiko dira HHn eta LHn ordezkapenak egiteko.

Hezkuntza Sailaren arabera, zerrendetan «egon badago» jendea. Baina, kasu batzuetan, «zailtasunak» dituzte hutsuneak betetzeko: «Zerrendan dagoenak ikusten badu bizpahiru eguneko kontua izango dela eta onartzea ez duela merezi, gero eta gehiagotan esaten digute ezetz». Gainera, azpimarratu dute aurten gaixoaldian dauden irakasleen kopurua «nabarmen handiagoa» dela. Gripearekin lotu dute, besteak beste. Idigorasek espero du datozen asteetan gaixoaldiek eragindako ordezkapenak gutxituz joango direla, eta egoera normaltzen hasiko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.