Nafarroako zeladoreen deialdian euskara ez puntuatzea salatu dute

Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin du zeladore talde batek, eta salatu postu elebidunean izena emateko B1 maila eskatu zitzaiela, baina ondoren ez dela titulua baloratu

Nafarroako administrazio publikoko deialdietan euskara baztertzearen aurkako elkarretaratzea, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Nafarroako administrazioan sartzeko orduan euskara meritu gisa aitortzen zuen 103/2017 dekretua indarrean sartu ondoren egin zen lehen oposizioa izan zen zeladoreena. Eremu mistoan aritzeko eskaini ziren lanpostu elebidunetan lehiatzeko, euskarazko B1 perfila zutela ziurtatu behar izan zuten hautagaiek. 2019ko uztailean egin zuten azterketa, baina urte hartako urrian Nafarroako Auzitegi Nagusiak dekretuaren puntu batzuen aurka egin zuen, eta tartean euskara meritu gisa onartzeko betekizuna indargabetu zuen. Epai hori zeladoreen oposizio prozesuan aplikatu da, eta, ondorioz, euskararen ezagutza ez da puntuatu. Bai ordea, ingelesa, frantsesa edo alemana jakitea. Beraz, zeladoreen deialdi prozesua lehena izan da, halaber, eskatzen zitzaien hizkuntza eskakizuna aintzat ez hartzen. Prozesuak izandako gorabeherak azaltzeko, zeladore talde bat Nafarroako Parlamentuan izan zen atzo, Geroa Bai eta EH Bilduk eskatuta. Ganberaren kanpoaldean, Nafarroako langile publikoen talde batek elkarretaratzea egin zuen, Euskarafobiaren kontra! zioen pankarta eskuan zutela.

Prozesu horretan izandako kontraesanak agerian utzi zituen parlamentuan egindako hitzaldian Maxi Valencia zeladoreen taldeko kideak. Izan ere, oposizio horretako lanpostu batzuk elebidunak dira, baina ondoren hizkuntza eskakizun horiek ez dira puntuatu. «Surrealista eta kontraesanezkoa da B1 maila eskatzea oposizioa egin behar izateko, baina ondoren titulu hori meritu gisa aintzat ez hartzea». Auzitegi Nagusiaren ebazpena iritsi zenetik, euskara meritu gisa aintzat hartzeko lege hutsune bat dago Nafarroan, «baina epai horrek ez du esaten euskara puntuatu behar ez denik», Valenciaren hitzetan. Hori dela eta, lan deialdi publikoetan norbanakoen, langile publikoen eta euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzearen alde egin beharko litzatekeela ohartarazi zion Nafarroako Gobernuari.

Nafarroako araudia eskuan, euskal hiztunen hizkuntza eskubideei erreparatu zion Valenciak atzo, parlamentuan. Izan ere, eremu euskalduneko herritarrek eskubidea daukate administrazioarekin duten harremana euskaraz izateko. Eremu euskaldunean ospitalerik ez egonda ere, euskaraz artatua izateko eskubideari eusten diotela zioen, baita ospitalera Iruñera joaten direnean ere. Horregatik, lan deialdietan euskara aintzat hartzen ez denean, herritar horiei oinarrizko eskubideak urratzen zaizkiela salatu zuen.

Lan deialdian parte hartu zuten hautagaiak babesgabe geratu direla ere esan zuen Valenciak, atzerriko beste hizkuntza batzuk puntuatu baitira. Horregatik, arazoari irtenbidea emateko eskatu zien parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politikoei.

Dekretu berriaren beharra

Parlamentuko lantaldean parte hartu zuten alderdi denek bat egin zuten puntu batean: lege hutsunea dagoela, eta deialdi publikoetako hizkuntza eskakizunak arautuko dituen dekretu bat behar dela. Izan ere, Auzitegi Nagusiaren epaia iritsi zenetik 742 lanpostu publiko esleitu dira Nafarroan, eta horietarako 14.000 herritar aurkeztu dira prozesuetara. Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak eman zuen datua, eta ondoren zehaztapena: «Izena eman zuten horien guztien artetik ez dakigu zenbati baloratu ahalko zieten euskara; baina hemen gehiago jakiteagatik diskriminatu egiten da. Gehiago dakitenek puntu gehiago izan beharko lituzkete, eta hemen ez da hori gertatzen». Horregatik, halakorik berriro ez gertatzeko, irtenbide bat eskatu zuen, eta gobernuko kideei kritika egin: epaia atera zenetik hamabost hilabe igarota ere, arazoari ez diotela behin-behineko irtenbiderik proposatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.