Iruñeko haur eskoletan «ingelesa inposatu» nahi dutela salatu dute

«Euskararen gisako hizkuntza gutxitu batek babes eremuak behar ditu gazteleraren eta ingelesaren gisako hizkuntzek zapaldu ez dezaten, eta argi dago murgiltze eredua dela babes eremu posible bakarra». Haur Eskolak Euskaraz plataformak argi ezarri du zer irizpide behar den Iruñeko haur eskoletako gatazkan, eta salatu du Navarra Suma koalizioak gobernatzen duen udalak «euskara desagerraraztea eta ingelesa inposatzea» duela helburu.
EH Bilduko udal taldeak asteartean eman zuen Iruñeko Udalak haur eskoletarako duen asmoen berri. Horren arabera, Printzearen Harresi zentroan egiten den euskarazko eta gaztelerazko eskaintzan ingelesezko jarduerak egingo lituzkete. Koalizio abertzaleak kritikatu zuenez, udalak euskarazko murgiltzea amaiarazi nahi du, «euskarazko ereduan ingelesezko jarduerak sartzera behartuz».
Gogora ekarri zuten euskarazko tokien kopurua eskaera errealetik oso urrun dagoela, eta, horretarako, aurreko legegintzaldian udalak egindako txosten bat jarri zuten adibidetzat. Neurketaren arabera, haur eskolako gurasoen %38,5ek eskuratu nahiko lukete euskarazko tokiren bat. Iruñe osoan, ordea, gaur-gaurkoz euskarazko murgiltze ereduko eskola bakarra dago, Txantreako Izartegi zentroan. Beste hiru zentrotan gaztelerazko eta euskarazko eskaintza mistoa dago, baina murgiltze eredurik gabe.
Udalaren erabaki hori jakin ondoren iritsi zen atzo Haur Eskolak Euskaraz plataformaren erreakzioa, ohar bidez. Iruñeko Udalaren proposamena «jukutria, zurikeria eta antzezlana» dela salatu dute, eta zehaztu eredu misto horrek ez duela oinarri pedagogikorik. «Murgiltze eredua defendatzen dugu, euskara ikasteko tresna pedagogiko bakarra delako». Gizartean eskaera hori indarra hartzen ari dela esan, eta Navarra Suma eta PSNren jarrera kritikatu dute, «hainbat hizkuntza eredu nahastu» baitituzte proposamen horretan.
Mobilizaziorako deia
Plataformako kideek, joan den astean, agerraldi bat egin zuten Iruñeko Kondestablearen jauregian, eta udalari eskatu zioten hiriburuan gutxieneko euskarazko eskaintza bermatu zezala. Gaur egun Iruñeko haur eskoletan den egoera grafikoki erakutsi zuten, euskararen eskaintzaren «basamortua nabarmen» irudikatzeko. Hamazazpi zentrotatik, lautan soilik dago euskarazko ereduren bat.
Errealitate hori eskuan, gutxieneko proposamen bat egin zuten: lau barrutitako bakoitzean euskarazko murgiltze eredua bermatzea. «Proposamena gutxieneko bat da; ez da nahiko genukeena». Baina, alderdi politikoekin egindako bileretako «akordio falta ikusita», mahai gainean jarri zuten alternatiba. Proposamen horrekin, eskaera bat egin zien plataformak Geroa Bai, Ahal Dugu, Ezkerra eta EH Bildu alderdiei: publikoki eta idatziz berrestea, eta PSNri eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuari irtenbidea eskatzea.
Auzia konpon dadila eskatzeko, manifestazioa egingo dute bihar bertan, 18:00etan, Hezkuntza Departamentutik abiatuta.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.