Akordioa lortuta, Alonsotegiko auzipetuak ez dira preso sartuko

Erredakzioa
Bilbo
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
2011tik 2015era bitartean Alonsotegiko (Bizkaia) EAJko alkate izandako Jose Luis Erezumak, udaleko arkitekto izandako batek eta haiekin batera ustelkeria auzi batean korapilaturiko Laneder Construcciones eraikuntza enpresako bi kideek ez dute kartzelara joan beharko azkenean, atzo gauean Efe berri agentziak jakinarazi zuenez. EH Bilduk herri akusazio gisa jardun du auzian, eta guztira 48 urteko espetxe zigorra eskatua zuen sei auzipetuentzat —beste bi langile ere bazeuden—, baina bi aldeek akordioa lortu dute.

Auzipetuek aitortu egin dituzte leporaturiko delituak, hots, prebarikazioa egin izana, dokumentuak faltsutu izana eta iruzurra egin izana; eta bakoitzak bi urteko espetxe zigorra, beste hamarreko inhabilitazioa eta denen artean 881.000 euro ordaintzea onartu dute. Zehazki, lapurtutako dirua itzuli beharko dute —681.000 euro ziren—, eta beste 200.000 euro ordaindu, interesengatik.

Fiskaltzaren txostenaren arabera, akusatuek 2011n egin zuten delitua. Udalak diru laguntza bat eskatu zuen ustez euriteen ondorioz hondaturiko hainbat kalte konpontzeko, baina, egiaz, enpresa batekin 2008tik zuen zor bat kitatzeko erabili zuen diru hori. Garai hartako EAJko alkate Erezumak auziaren instrukzioan onartu egin zuen «egin ez ziren» lan batzuk ordaindu zituztela, nahiz eta argudiatu zuen horrek ez ziola kalte ekonomikorik eragin Alonsotegiko Udalari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.