Espetxea, osasuntsu egoteko ere harresi

Lander Garrok zuzendutako 'Tipularen sehaska kanta' dokumentala aurkeztu dute, Donostian. Kartzela eta eritasuna landu ditu

Fernandez, Oiartzabal, Etxebarria eta Garro dokumentala aurkezten, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Ana Lizarraldek bi mioma eduki zituen kartzelan zegoela, eta, azkenean, umetokia kendu zioten; Ainara Fresnedaren bikotekide Ibon Fernandez de Iradi euskal presoa minez hasi zen espetxean, eta esklerosi anizkoitza atzeman dioten arren, kartzelan dago oraindik ere; Kepa Etxebarriak urteak egin zituen kartzelan, eta gaixo zegoen kide bati laguntzea tokatu zitzaion. Lander Garrok zuzenduta, espetxean gaixo egotea zer den lantzen duen Tipularen sehaska kanta dokumentalean jaso dituzte hamaika istorioetako hiru baino ez dira. Atzo estreinatu zuten lana, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Estreinaldian, kultur eta politika arloko dozenaka herritar ezagun igaro ziren aretoko alfonbra gorritik: Olatz Salvador, Tessa Andonegi, Antton Telleria... Eta besarkadak eta aspaldi ikusi gabekoei egindako agurrak izan ziren protagonista. 19:00etarako dozenaka ikusle eserlekuetan prest zeuden, eta eszenatokiaren gainean, lau lagun: Lander Garro zuzendaria, Sareko Inaxio Oiartzabal, dokumentaleko partaide Kepa Etxebarria, eta gidari lanetan, BERRIAko Ane Fernandez.

Oiartzabalek azaldu zuenez, Saren badaramate denbora batgaixotasun larria daukaten presoen egoeraren berri ematen eta hura gizarteratzen, baina, oraingoan, aldarrikapenetatik harago joanda, ikus-entzunezko baten aldeko apustua egiteko garaia zela ikusi zuten: «Ohartu ginen beharra zegoela ikus-entzunezko batekin jendeari sentiarazteko preso dauden gaixo horiek zer-nolako egunerokoa eta zer-nolako oztopoak dauzkaten. Ahalik eta gertuenetik egin nahi genuen».

Orduan, Lander Garrorengana jotzea erabaki zuten. Argi zuen ekarpen berriren bat egitea izango zela helburua: «Uste dut errealitate oso ezaguna dela, eta oso ezaguna izanik, gure erronka ekarpen berri bat egitea, ikuspegi berri bat ekartzea, eta hori zaila izan zen». Dokumentalean bezala atzoko hitzaldian ere, gaixo dauden presoen egoera ere salatu zuen: «Haien bizitzarekin salerosian ibiltzen dira, haien bizitza debate politikoan sartzen da, eta debate politiko horren arabera hasten dira 'askatuko dugu, ez dugu askatuko'».

Azkenik, dokumentaleko protagonistetako batek hartu zuen hitza, Etxebarriak. Ikus-entzunezkoen mundua ezagutzea «oso polita» izan dela aipatu zuen, eta bazegoela behar bat Tipularen sehaska kanta gisako zerbait egiteko: «Gai honen inguruan bazegoen behar bat, azaltzeko kartzeletan zer bizitzen den».

Hamazazpi emanaldi

Atzokoak segida izango du hainbat herritan, dagoeneko hamazazpi emanaldi behintzat lotuak baitituzte: esaterako, gaur Urruñan (Lapurdi) eskainiko dute; hilaren 8an, Oñatin (Gipuzkoa), eta 9an, Elorrion (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.