Xabier Aizpurua Ugarte. Euskara teknikaria

«Euskara garraia dezaten ahaldundu behar dira ikasleak»

Udalerri euskaldunetako ikasleek euskara zabaltzerakoan «lidergoa» berreskuratu behar dutela uste du Xabier Aizpuruak. Horretarako, soziolinguistikarekin lotutako baliabideak jarri ditu haien eskura.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2016ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Euskaren arnasgune diren herrietan bizi diren ikasleek euskarari buruz duten pertzepzio soziolinguistikoa aztertu du Xabier Aizpurua Ugartek (Zumaia, Gipuzkoa, 1982). Euskararekiko pertzepzio soziolinguistikoa nola landu udalerri euskaldunetako ikasleekin: hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia lanean jaso ditu emaitzak, eta egoera soziolinguistikoa lantzeko baliabide didaktikoak eskaini ditu. Soziolinguistika Klusterraren Hausnartu saria jaso zuen atzo Donostian.

Euskararekiko zein pertzepzio dute udalerri euskaldunetako ikasleek?

Ikuspegi orokorra falta zaie. Bizimodua euskaraz egiteko zailtasunik ez dute, eta bizi diren ingurutik kanpo egoera ezberdinak ere badaudela badakite; jakitun dira euskara askoz gutxiago erabiltzen dela beste eremu batzuetan. Kontua da egoera horrek ez diela mesederik egiten aurrerago etorriko zaien errealitaterako, eta horretarako, prestatu egin behar dira ikasleak.

Nola prestatu behar dira?

Egoera zein den azaldu behar zaie, eta euskara garraiatu dezaten ahaldundu behar dira, euskarak presentzia gutxiago duen eremuetara iristen direnean, haien euskalduntasuna lotsarik gabe eta naturaltasunez adieraz dezaten. Nik jarduera batzuk proposatu ditut perzepzio soziolinguistiko hori DBHn sakontzeko.

Zergatik bideratu duzu proiektua eskola eremura?

Herri euskaldunetako jendeak beti erakutsi du euskalduntasun hori inguru erdaldunetan. Kontua da orain eskolatik hasi garela. Hezkuntzara begira egindako programa bat da, arnasguneetara bideratuta dagoena, udalerri euskaldunek inguruan dituzten hizkuntzek zein botere harreman dituzten kodifikatzen laguntzen diena ikasleei.

Zer jarduera mota dira?

Ariketa parte hartzaileak eta dinamikoak dira, hausnarketara bideratuta daudenak. Izan ere, ikasleei askotan falta zaiena da gaia lantzeko plaza bat izatea. Behin hori emanda, berehala hartzen dute lekukoa, orain arte gramatikak eta testugintzak pisu gehiago izan dutelako soziolinguistikako edukiek baino. Gaitasun horiei tokia egitea aurrerapausoa da etorkizunerako.

Zein emaitza jaso dituzu?

Hainbat proba egin ditugu Gipuzkoako zazpi ikastetxetan, eta oraintxe ari gara emaitzak eskuratzen. Inkesta batzuk egin ditugu, eta irakasleengandik jasotako erantzuna oso positiboa izan da. Orain artean presentzia gutxi izan duten arloei eta kontzeptuei plaza bat ematea ona izan dela esan dute. Datorren ikasturtean jarraituko dugu Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik.

Arnasguneetan eta hizkuntzaren ekologian oinarritu duzu lanketa. Zer da hizkuntzaren ekologia?

Inguruan ditugun hizkuntzen arteko botere harremanak aztertzen ditu. Hizkuntza batzuk ahultasun egoeran daudenez, horiek indartzeko neurriak zilegi direla aldarrikatzen du. Babesa behar duten hizkuntzei baliabideak eman behar zaizkie, horretara bideratutako guneetan. Euskararen kasuan arnasguneak dira kokaleku horiek, eta normalizazio prozesuak garatzeko gune horiek baliatu behar ditugu.

Zertan lagun dezakete ikasleek normalizazio prozesu hori garatzerakoan?

Egoeraren jabe egin behar dute, eta udalerri euskaldunetako gainerako herrikideekin batera lidergo papera berreskuratu. Indarguneetatik irtendakoan eskatzen zaie ahalegin handiena, baina inguru horietan daudenean ere norberaren ardura izan behar da euskaraz egitea.

Azterketa udalerri euskaldunetara bakarrik mugatu daiteke, edo zabaldu daiteke?

Udalerri euskaldunen tipologian zentratu naiz interes berezia daukadalako, baina beste eremu batzuetara ere zabaldu liteke. Esperientzia pilotuan bada ikastetxe bat beste eskualde batekoa, eta emaitzak erakutsi du oso ondo funtzionatu duela han ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.