Iruzurraren tamaina ageriago

'De Miguel auziaren' epaiketako lekuko gehienek deklaratu dute dagoeneko. Fiskaltzak uste du EAJko buruzagi ohiak 25 sozietate sortu zituela iruzur egiteko.

Hogeita sei auzipetuak, Arabako Probintzia Auzitegiko epaiketan. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ia sei hilabete pasatu dira De Miguel auziari buruzko epaiketa hasi zenetik Arabako Probintzia Auzitegian, eta orain arteko saioek eleberri bat idazteko adina eman dute. Mamitsua eta korapilatsua izaten ari da ustezko iruzurragatik EAEn sekula egin den epaiketarik handiena, eta, auzi saioek aurrera egin ahala, agerian geratzen ari da EAJko hainbat kide ohik ustez gidatutako legez kanpoko komisioen sarearen tamaina. Legez kanpoko komisioak jaso eta hirigintza operazioekin iruzurra egitea egozten diete Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohiari eta beste 25 laguni. Denera, hamaika delitu egozten dizkiete, tartean eroskeria, dirua zuritzea, dokumentuak faltsutzea eta prebarikazioa. Fiskaltzak 439 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuentzat: De Miguelentzat 54 urte, eta 32 eta 4 urte bitarteko zigorrak gainerakoentzat.

Urtarrilaren 8an epaiketa hasi zenetik, ehunka lekuko eta dozena bat peritu pasatu dira Arabako Probintzia Auzitegitik, eta, auzi saioek udako etenaldia izan aurretik, gehiago dira deklaratzekoak. Azken hilabeteotan deklaratu duten lekukoei esker ezagutu diren datuek ustezko ustelkeria sarearen tamainaren neurria ematen dute. Besteak beste, jakin da De Miguelek 25 sozietate inguru sortu zituela propio iruzur egiteko, eta gehienetan senideen izenean eratu zituela. Sozietate askok ez zuten langilerik, eta ez zuten izena emanda Gizarte Segurantzan: Kataia, Errexal, Ortzi Muga eta Eskamelo S.L. enpresen izenak maiz atera dira epaiketan, ustez akusatuek haiei esleitu zizkietelako lanak «nahieran», eta komisioak jaso zituztelako horien truke.

Alberdi eta koadernoa

Ainhoa Alberdi lekuko nagusiaren deklarazioa giltzarri izan da epaiketan. Enpresariak azaleratu zuen 2009an ustezko ustelkeria kasua, eta hark epaiketan adierazitakoa gakoa da. Hainbat saiotan deklaratu zuenez, Alfredo de Miguelek eta Aitor Telleriak 100.000 euroko komisioa eskatu zioten Miñaoko teknologia parkea handitzeko obrak Urbanorma Consulting bere enpresari esleitzeagatik, eta estortsioa frogatzen duten elkarrizketak eta posta elektronikoak aurkeztu zituen epaiketan. Gainera, salatu zuenez, komisioa ordaintzeari uko egin zionean haren aita Juan Antonio Alberdirengana jo zuten dirua eskatzera. Hark egindako salaketatik tiraka, besteak beste, 700.000 euroko komisioak eta hamasei milioi euroko eragiketa irregularrak atzitu dituzte.

Alberdik hirutan deklaratu du epaiketan, baina, De Miguelen defentsak eskatuta, ez du berriro egingo. Uztailaren 2an deituta zeuden Alberdi, haren aita eta Beatriz Vicinay bazkidea, baina fiskaltzak defentsaren eskaria aintzat hartu du eta haien deklarazioak bertan behera uztea erabaki du, orain arte emandako lekukotzekin jasotako informazioa «nahikoa» dela iritzita.

Alberdiren lekukotza ez ezik, Ertzaintzak Koldo Otxandiano ABBko kide ohiaren etxean atzemandako koaderno bat ere funtsezkoa izan da ustezko komisioak nola kobratzen ziren jakiteko. Epaiketan erakutsi den koadernoak Arabako Batzar Nagusien armarria du, eta Otxandianok bertan apuntatzen zituen enpresei ordaindu beharreko diru kopuruak. Ohar batean, esaterako, Obra %4 Kataia agertzen da, aditzera emanez Kataia Consulting enpresak ehuneko hori beltzean jaso behar zuela obra baten esleipenagatik.

Zanbranakoa, handiena

Ustezko iruzurrarekin zerikusia duten hamabi atal ari dira epaitzen, eta urtarrilaz geroztik ia denak aztertu dituzte. Asteazkenean egin zuten auzi saioarekin, Zanbranako (Araba) hirigintza-operazioarekin zerikusia duten ustezko delituen atala itxi dute. Zanbranakoa izan da, tamainagatik, atalik garrantzitsuena. Ustez De Miguelek zuzendutako sareak hiru milioi euroko komisioa kobratu zion Riera eraikuntza enpresa katalanari Arabako Zanbrana udalerrian inoiz eraiki ez zen industria poligono bat esleitzeagatik. Nicolas Guerrero inbertitzaile katalanak emandako testigantzaren arabera, Iosu Arruti akusatuetako batek gidatu zuen trama hori, Sidepur enpresaren bitartez, eta hark, ostean, De Migueli ordaintzen zion. Josu Izagirre fiskalak uste du Sidepurrek ia 200.000 euro eman zizkiola De Migueli, ustez ustelkeria sarearen burua zenari.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Gazteria Sailetik adjudikatutako kontratuak eta Arabako Foru Aldunditik egindakoak ere aztertu dituzte azken saioetan, ustez iruzur egin baitzen hainbat enpresari esleipenak egiterakoan. Zehazki, 2006. eta 2009. urteen bitartean, Gurutz Larrañaga Kultura eta Gazteria sailburuordeak eta Francisco Javier Sanchez Robles Gazteria zuzendariak De Miguelek, Otxandianok eta Aitor Telleriak ustez zuzendutako sareari 380.000 eurogatik emandako kontratuak auzitan jarri ditu fiskaltzak. Haren arabera, dozenaka kontratu eman zizkieten iruzur egiteko sortutako hiru «enpresa pantailari» —Kataia, Errexal eta Ortzi Muga —, eta gehienetan ez dago dokumenturik lanak burutu zirela baieztatzeko. Epaiketan, Sanchez Roblesek Jaurlaritzaren erregistro zigilua daramaten dokumentuak aurkeztu ditu lan horiek justifikatzeko, baina fiskalak zalantzan jarri du horiek egiazkoak diren, erregistratu gabeak edo «plagiatuak» direlako.

Alfredo De Miguelek ustez gidatzen zuen sareak iruzur egiteko hainbat enpresa erabiltzen zituela baieztatu dute hainbat lekukok epaiketan, tartean Bizkaiko Aldundiak —akusazio partikularra da— eta Ertzaintzak. Bizkaiko Aldundiko Ogasun saileko aditu batek asteon deklaratu du egiaztatu dutela De Miguelek Sidepur eta Zerulur enpresak baliatu zituela iruzur egiteko 2005 eta 2009. urteen artean.

Epaiketa aurrera doa, baina uztailera arte ez da auzi saiorik egongo. Ondoren, eten egingo da epaiketa, eta irailaren erdialdera hasiko dira deklaratzen 26 akusatuak. Urriaren 25erako espero zen epaiketa amaitzea, baina epaimahaiak erabaki du hilabete luzatzea. Azaroan hamabi saio egingo dituzte, eta epaiaren zain geratuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.