Egoera bihurritzeko bidean

Kartzelatutako politikarien askatasuna eskatzen duen sinbologia kentzeko ekintzak ugaritu dira Katalunian. Isabel Elbal adituarentzat, «gorroto delitutzat» har daitezke.

Rivera Ciudadanoseko presidentea eta Arrimadas Ciutadanseko burua, joan den asteazkenean, Alellan (Bartzelona), xingola horiak kentzen. ALEJANDRO GARCÍA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Ciutadansentzat, «onartezina» da. Alderdi laranjari iruditzen zaio Kataluniako prozesu subiranistaren ondorioz kartzelatuta dauden politikarien askatasuna aldarrikatzeko xingola horiek ez dutela lekurik espazio publikoan. Horregatik, [kaleak] Denonak dira lelopean, horiek kentzeko kanpaina hasi zuen uztail amaieran. Ciutadansekoek diote kalean «neutraltasuna» bermatu behar dela. Kanpainaren ondorioz, sinbolo horiak kentzen hasi den herritar kopurua areagotu da azken hilabetean. Eta horrek istiluak eragin ditu sinbologiaren aldekoen eta kontrakoen artean. Maria Jose Segarra Espainiako fiskal nagusiak joan den abuztuaren 20an adierazi zuenez, ez da delitua ez xingola horiak jartzea eta ez horiek kentzea. «Adierazpen askatasunaren barruan dago». Isabel Elbal zuzenbide penalean adituak (Madril, 1969) BERRIAri nabarmendu dionez, ordea, ekintza horiek «gorroto delitutzat» hartu beharko lirateke, Espainiako Zigor Kodeko 510. artikuluak hala jasotzen baitu: «Xingola horiak kentzeko ekintza bakan horiek bat egiten badute ideia jakin bat —preso politikoen edo politikari presoen askatasuna— defendatzen duten pertsona batzuekiko gorrotoa edo etsaikeria akuilatzen duten adierazpenekin, plan batekin, delitua da».

Eta Madrilgo Abokatuen Elkargoko irakaslearen iritziz, «dirudienez» ez dira ekintza bakanak, «adostutakoak» baizik. «Pertsona batzuk ikusi dituzte, uniformedunak, aurpegia estalia dutela, ekintza horiek gauez egiten; hau da, badakite ez direla ari zerbait ongi egiten, eta, beraz, identifikatuak izatea saihestu nahi dute. Armatuta doaz, gainera, xingola horiak kentzeko eta auskalo zer gehiagorako tresnekin...». Elbalek aipatutako pertsona horiek garbiketa brigadak deitutakoak antolatu dituzte, eta, haien esanetan, egiteko bat dute: «Herritar zein udal independentistek ilegalki zintzilikatutako zabor kutsagarria eta propaganda sezesionista kentzea».

Ekintza horiek «dinamika batean», alderdi batek helburu jakin batekin antolatu eta koordinatuko plan baten barruan kokatu behar direlakoan dago Elbal. «Horri gehitu, joan den asteazkenean gertatu bezala, manifestazioak antolatzen dituztela ustez motibo ideologikoengatik gertatutako ustezko eraso baten kontra protesta egiteko, eta marko horren barruan eraso egiten diotela kazetari bati [Telemadrid telebista katekoa], Kataluniako telebista publikoko langilea delakoan». 510. artikulua aplikatzeko arrazoiak ikusten ditu zuzenbide penalean adituak. «Gorroto delitua aurreikusi zuten, eta hura aldarrikatu, talde kalteberak bidegabeki diskriminatuak izan daitezen saihesteko». Eta kasu honetan, talde kaltebera bat sortzen ari da, Elbalen ustez: «Xingola horia defendatzen dutenena». Delituaren tipifikazioaren historia azaldu du: «Europan kezka bat zegoen, ultrek juduei jazartzen zietelako. Juduena ez zen talde kaltebera orduan, baina hala bilakatu zen».

Fiskaltzak, berriz, adierazpen askatasuntzat jotzen du gertatzen ari dena. Elbalentzat, baina, ofizioz esku hartu beharko luke. «Estatuko Fiskaltza ikuspegi murritzarekin jokatzen ari da, eta ez zaio ari heltzen oso definituta dagoen arazo bati».

Ciutadansen esanetan, aldiz, xingola horiak kentzean espazio publikoen «neutraltasun politikoa» defendatzen ari dira. Elbalek argitu du, dena den, ez dela «espazio publiko neutrorik» existitzen, espazio publikoa herritarrena dela. Adibide «arrunt» bat jarri du: «Ni kaleko banku batean eserita banago, ez da beste bat etorriko ni bertatik altxatzera bankua publikoa delako eta berak eseri nahi duelako». Xingolak kendu nahi izateak «espiritu demokratikoaren gabezia bat» erakusten du, haren hitzetan. «Toleratu behar dute kalean xingola horiak jartzea, besteok eraikinen fatxadetan eta leku publikoetan Espainiako banderak jartzea toleratzen dugun bezala».

Identifikazioak

Garbiketa brigada bateko hamalau kide identifikatu zituzten Mossos d'Esquadrakoek abuztuaren 17an, Tarragonako hiru herritan xingolak eta sinbologia independentistako beste elementu batzuk kentzen ari zirelako. Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilariak adierazi zuenez, horiek Herritarren Segurtasunerako Legea, mozal legea, urratu zuten, «ustez». 601 eta 30.000 euro arteko isuna ezar diezaiekete. Mozal legea «indargabetzea» nahi du Elbalek, eta, hortaz, «inoiz» ez du defendatuko haren aplikazioa. «Nolabaiteko biolentzia instituzionala iruditzen zait, gehiegikeria bat, pertsona batzuk atxilotzea xingola horiak kentzeagatik». Pertsona horiek identifikatu zituzten mossoen kontrako diligentziak ireki ditu Kataluniako Fiskaltza Nagusiak.

Nahiz eta balizko isunen aurka egon, Madrilgo Abokatuen Elkargoko irakasleak azpimarratu nahi izan du sinbologia kentzeko ekintzak ezin direla «kasu bakantzat hartu», eta Estatuko Fiskaltzak «askoz ere adiago» egon beharko lukeela. «Ekintza horiek banalizatzen baditu bakanak iruditzen zaizkiolako, egoera eutsi ezinezko bat eragin dezake, jarrera biolentoak sorraraziko dituena, asteazkenean ikusi bezala».

Ciutadansek antolatu zuen asteazkenean egindako manifestazioa, eta horretan parte hartu zuten Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak eta Ines Arrimadas Ciutadanseko buruak. Goizean Alella herrian (Bartzelona) egon ziren, zabor poltsa bana eskuan, kaleko xingola horiak kentzen. «Ekintzak antolatuta daude. Rivera eta Arrimadas, esaterako, zabaltzen ari diren mezuek gorrotoa akuilatzen dute», azpimarratu du Elbalek. «Oso arriskutsuak dira. Gorrotoa goratzen duten mezuak dira, eta egoera askoz ere gehiago deskontrolatu eta erotu daiteke. Plan oso argi batean barruan ari dira egiten ekintzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.