Renault-Nissanen burua atxilotu dute Tokion, iruzur fiskala egotzita

Japoniako konpainiak berak salatu du Carlos Ghosn presidentea, bost urtean 38 milioi euroren irabaziak ezkutatzeagatik. Nissanek etzi kargugabetuko du; Renaultek laster erabakiko du zer egin

Jon Fernandez.
2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Planak okertu zaizkio Carlos Ghosni. Autoaren handikiak pentsatuta zeukan erretiroa pixkanaka hartzea. Renault-Nissan-Mitsubishi aliantzako buru nagusiak 64 urte dauzka, iaz Nissanen zuzendari kargua utzi zuen —ez presidentetza—, eta Renaulten zuzendaritza 2022a baino lehen utzi nahi zuen, apurka-apurka karguak laga eta erabateko erretirorako bidea astiro egiteko. «Irteeraren edo agurraren unea garrantzitsua da, mezu bat uzten duelako», adierazi zion Financial Times kazetari ekainean. Baina irteera bat-batean etorri zaio, eta iruzurraren mezua utzi du. Japoniako Poliziak atxilotu egin zuen atzo, iruzur fiskalak leporatuta. Nissaneko administrazio kontseiluak etzi egingo du bilera, kargutik kentzeko, eta Renaulten administrazio kontseilua ere «lehenbailehen» batzartuko da zer egin erabakitzeko.

Nissan konpainiak berak abiatutako ikerketak ekarri du atxiloketa. Enpresak irregulartasunak eta «jardunbide okerrak» sumatu zizkion presidenteari, eta hura ikertzen hasi zen. Nissaneko zuzendari nagusi Hiroto Saikawak ordu eta erdiko prentsaurrekoa eman zuen atzo Tokion, azalpenak emateko. Haren esanetan, Ghosnek, azken bost urteetan, 38,7 milioi euro ezkutatu ditu irabazien aitorpenean. «Konpainiak ezin ditu onartu horrelako jarrerak», azaldu zuen Saikawak.

Okerrak konpontzeko unea dela ere esan zuen Saikawak: «Gauza batzuk zuzendu egin behar dira: pertsona bakar batek ezin du horrenbeste botere bereganatu». Ghosn Nissaneko, Renaulteko eta Mitsubishiko presidentea da aldi berean.

Ghosnekin batera, Greg Kelly ere atxilotu dute, talde japoniarreko beste agintari bat. Nissanen administrazio kontseiluak etzi egingo du bilera biak kargugabetzeko. Ghosni Nissaneko presidentetza kentzeak dardararazi egin ditzake Renaulten eta Mitsubishi autogileen negozioak ere, aliantza bakarra osatzen baitute hirurek, Ghosnek bi hamarkadatan eraiki eta gidatutako aliantza.

Renaulten akzioek balioaren %8,43 galdu zuten atzo Parisko burtsan, eta Nissanenek %10,9ko galerak izan zituzten Alemanian. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere hitz egin du gaiaz: «Estatua, akzioduna den neurrian [Renaulten %15 kontrolatzen du], adi egongo da, aliantzarenegonkortasuna zaintzeko».

'Kostuen borreroa'

Renaultek eta Nissanek aliantza egin zuten 1999an, eta 2012az geroztik Nissanen akzioen %43 Renaultenak dira, eta Renaulten akzioen %15 Nissanenak. Era berean, Frantziako Estatuaren esku dago Renaulten jabetzaren %15. 2016an aliantzan sartu zuten Mitsubishi ere, Nissanek haren akzioen %34 erosita.

Gohsn 1996an hasi zen Renaulten, eta handik Nissanera egin zuen salto 2001ean; 2005ean Renault-Nissan aliantzaren presidentetza hartu zuen. Lehenik Renault eta gero Nissan porrotetik salbatzea aitortu izan zaio, gastu eta lanpostu murrizketa handiak eginda salbatu ere bi-biak. Nissanen 21.000 lanpostu kendu zituen, zazpitik bat. Kostuen borreroa ezizena ezarri zioten.

Hiru enpresen presidente izanik, iaz ia hamabost milioi euro irabazi zituen, eta horietatik 8,52 milioi euro Nissanek pagatu zizkion, Japoniako soldata handiena. Ghosnen boterearen erakusgarri, Bloombregek iazko udan honela definitu zuen enpresaria: «Davos [munduko aberats eta boteredunen urteroko foroa] pertsona bat balitz, Carlos Ghosn izango litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.