Foruzaingoak babespean jarri du Solana

Eduki pornografikoak dituzten gutunak jaso dituzte Hezkuntza Departamentuan, Skolae proiektuaren polemikaren erdian. Bulegora sartu zitzaizkien hiru aldiz joan den ekainean

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Hezkuntzaren arloan hartu du jarrera gogorrenetakoa Nafarroako eskuinak gobernu aldaketaren aurka. Eta jarrera horrek gainditu egin du parlamentuko kritikaren esparrua. Maria Solana Hezkuntza kontseilaria Poliziaren babespean jarri dute, departamentuan «mehatxuak» jaso eta gero. Gobernuko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, joan den ekainean izan zituzten lehen gorabeherak: departamentuko kabinetean sartu ziren hiru aldiz, eta «mezu faxistak» utzi zituzten bulegoan. Joan den astean izan zuten azkena: gutun anonimo bat iritsi zen, eduki pornografikoa zuena. Hain justu ere, eskoletan hezkidetza bultzatzeko egitasmo bat martxan jarri du gobernuak, Skolae, eta eskuineko taldeak irmo ari dira horren kontra. Uste izatekoa da eskutitzek lotura daukatela horrekin.

Joan den ikasturtean jarri zuten martxan Skolae proiektua. Besteak beste, genero berdintasuna eta sexualitatea lantzeko egitasmoa da: genero desorekak, maitasun erromantikoaren mitoa, desberdintasunen gaineko kontzientzia kritikoa, sexu erasoak... Eskoletan «kultura berdinzalea» sustatu nahi dute, eta indarkeria sexisten aurkako kontzientzia hedatu.

Hamasei ikastetxetan hasi zuten proiektua iazko ikasturtean, eta ehun dira gaur egun; datorren ikasturtean beste ehun sartzea espero du departamentuak. Izatez, gobernuak ebazpen bat emana du Skolaeri buruz: eskola publiko guztietan da derrigorra hezkidetza lantzeko proiektu hori. Itunpekoei dagokienez, ezinbestekoa da haietan ere, baina materialak eta irakasleen heziketa «aukeratzeko» modua daukate. Departamentuko iturrien arabera, izan ere, ezin dituzte derrigortu material eta formazio jakin bat egitera.

Pintaketak Uharten

Hain justu, horri buruzko ebazpen bat eztabaidatu zuen atzo Nafarroako Parlamentuak: ikastetxe guztietan Skolae derrigorrezkoa izatearen aldeko adierazpen bat. PSNk aurkeztu zuen, eta babesa eman zioten EH Bilduk, Ahal Dugu Orain Baik eta Ezkerrak. PPk eta UPNk aurka egin zuten, eta abstentziora jo zuen Geroa Baik. Koldo Martinez Geroa Baiko eledunaren arabera, ez dute «derrigortuko» Skolae eskola guztietan, baina bai hezkidetzan jardutea.

Beste ebazpen bat, bai, onartu zuten: Uharten pintaketak egin dituzte aniztasunaren aldeko mural batean, eta hori salatu dute.

Besteak beste, Skolaren aurkako pintaketak egin dituzte mural horretan. Seinale du giroa gaiztotzen ari dela. Izan ere, azken asteetan jarrera irmoagoa agertu dute UPNk eta PPk: umeak «doktrinatu» egin nahi dituztela. Edukien bueltan sortu dute zurrunbiloa: umeak «jolas erotikoetara» bultzatu nahi dituztela, abesti batzuk «debekatu» egin nahi dituztela...

Skolaeren edukiak «bere onetik ateratzen» ari direla salatu du Solanak. Aste honetan, ostiralean, agerraldia du parlamentuan; gaur Ana Ollo kontseilariak izango du; eta Uxue Barkos lehendakariak orain hiru aste eduki zuen.

Parlamentuan bertan gaiarekin jarraitzeko asmoa dute UPNk eta PPk. Idatzizko argibideak eskatu dizkiote gobernuari: Skolae zein adituk landu duten, eta haiei buruzko datuak —izen-abizenak, zer ikasketa eta lanpostu duten, eta zehazki zer fitxa lantzen jardun duen aditu horietako bakoitzak—. Horren guztiaren oinarrian «sorgin ehiza» dagoela dio gobernuak.

Areago, parlamentutik kanpo, herriz herri ari dira Skolaeren aurkako mezuak zabaltzen; herri batzuetan apaizak ari dira horretan.

Gutunak eta mezuak

Horrekin lotu dute joan den astean departamentuan gertatutakoa. Berdintasun teknikariaren izenean gutun bat iritsi zen, ustez eskola batetik bidalia; barruan CD bat zeukan, eduki pornografikoekin, eta propio Skolae aipatuz. Departamentuko iturrien arabera, gutuna ez zuten eskola batetik bidali eta ez zen posta zerbitzuaren bidez iritsi; hots, norbaitek zuzenean eraman zuen departamentura. Salaketa jarri dute Foruzaingoan.

Izatez, ez da gisa horretako lehen salaketa. Ekainean jarri zuten beste bat, nahiz orain arte ez duten horren berri eman. Solanaren kabineteko bulegoetara hiru aldiz sartu ziren, departamentuko iturriek azaldu dutenez. Hil hasieran izan zen, euskara «inposatzearen» aurkako manifestazioaren bueltan. «Mezu faxistak» utzi zituzten bulegoan. 24 orduz zainduta dago departamentua, baina sartzea lortu zuten. Salaketa jarri zuen departamentuak, eta, egoera ikusita, Solanari polizia babesa jartzea erabaki zuen Foruzaingoak. Babesarekin dabil gaur egun ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.