Huerta de Peraltako langileek erantzun bat jasoko dute bihar

Beharginek proposamen bat egin diote zuzendaritzari, eta erantzunaren zain daude. Bitartean, lanuztearekin jarraituko dute, eta nazioarteko eragileen babesa jasoko dute

Huerta de Peraltako langileek manifestazioa egin zuten Iruñean joan den ostegunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Huerta de Peralta enpresako beharginek zazpigarren eguna beteko dute gaur greba mugagabean; bihar zortzi izango dira, eta ordurako zerbait alda daiteke. Bihar, gatazka konpondu daitekeelako, edo kontrara, mobilizazioak gogortzeko erabakia har dezaketelako beharginek. Zuzendaritzarekin elkartu ziren langile batzordeko kideak atzo, eta proposamen oso bat jarri zioten mahai gainean Azkoiengo (Nafarroa) enpresako arduradunei. Ostiralean erantzun bat emango dietela esan zieten, eta horren arabera erabakiko dute langileek zein bideri jarraitu.

Abenduaren 26an hasi zuten greba mugagabea Huerta de Peraltako langileek, enpresak kaleratutako lau behargin berriro hartzeko. LAB sindikatuarekin lotura dute lau langileek. Atzoko bileran aurkeztu zuten proposamen integral horretan, eskaera hori berretsi dute, eta, gainera, «azken hilabeteetan ezarritako zigorrak bertan behera geratzea eta grebalarien aurkako neurririk ez hartzea» eskatu zuten.

Horrekin batera, beste bi neurri ere eskatu zizkioten langileek. Batetik, zuzendaritzak beharginei zor zaien dirua nola banatu proposatu zien, eta, bestetik, negoziazio prozesu bat abiatzeko eskaera ere egin zuten. Negoziazio prozesu hori lan hitzarmen bat lortzeko da, «egunerokoan oso gatazkatsuak diren hainbat gai lantzeko». Hala nola egutegia, oporrak, lan osasuna, kontratazioak eta soldatak. Horrekin guztiarekin, zuzendaritzarekin lan harreman normalizatuak lortu nahi dituzte langileek.

Zuzendaritzak proposamen horiei emango dien erantzunaren arabera erabakiko dute lanuzteekin jarraitu ala ez, baina, bien bitartean, mobilizazioekin aurrera jarraituko dute beharginek, eta gaur ere greba egingo dute. Nazioartetik, gainera, ordezkaritza baten bisita jasoko dute grebalariek. Kataluniako IAC sindikatua, Aragoiko CUT, Asturiasko CSI, Frantziako Solidarioak eta Intersindical Valenciana Azkoienera joango dira langileei babesa helarazteko.

Bihar, bestalde, elkartasun eguna antolatu dute, eta 12:00etan manifestazioa egingo dute herrian zehar. Litekeena da ordurako zuzendaritzaren erantzuna zein den jakitea.

Urtebete dirauen gatazka

El Huertico markako entsaladak eta aurrez prestatutako beste hainbat barazki produktu merkaturatzen ditu Huerta de Peraltak, eta 130 langileri ematen die behar. Langileen gehiengoak lanuzteekin bat egin du, eta batzordeko kideak gustura azaldu dira babesarekin. Urtebete inguru da, ordea, bertako langileak antolatzen hasi zirenetik. Enpresa sindikalizatzea erabaki zuten, eta hauteskundeak egin zituzten. Bederatzi ordezkarietatik sei eskuratu zituen LABek, bi CCOOk, eta bakarra UGTk.

Sindikatuak enpresan sartu zirenetik lan baldintzak asko hobetu direla azaldu du LABek: aldi baterako kontratu asko kontratu mugagabe bilakatu dira, esaterako; ordu arte betetzen ez zen hitzarmen bat betetzen hasi dira; lanorduetan hobekuntzak izan dituzte, eta baita soldatetan ere. Baina hobekuntza horien ondorioz zuzendaritzak langileen aurkako neurriak hartu dituela salatu du sindikatuak. Horren lekuko dira kaleratutako langileak.

Azaroaren 12an greba egun bat egin zuten negoziazioa eskatzeko, eta bilera batzuk egin ostean, ez zuten aurrerapausorik lortu. Horren eraginez, greba mugagabeari ekin zioten langileek, abenduaren 26an. Protesta horietan foruzainak langileei oldartu izan zaizkie, eta, horregatik, Maria Jose Beamont Segurtasun kontseilariaren dimisioa eskatu du LABek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.