Soldata arrakalari behar bezala ez heltzea egotzi dio ELAk Jaurlaritzari

Legebiltzarrak onartutako planean aurreikusten diren neurri asko aurretik onartuta daudela salatu du sindikatuak. Planaren 283 milioi euroak «publizitate kanpaina bat» egiteko direla diote
Leire Txakartegi eta Amaia Muñoa, atzo, ELAren Bilboko egoitzan egindako agerraldian.
Leire Txakartegi eta Amaia Muñoa, atzo, ELAren Bilboko egoitzan egindako agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko urtarrilak 4
Partziala dela, prekaritatea murrizteari uko egiten diola, engainuan oinarritzen dela, eta politika zaharraren adibide argia dela. ELA sindikatuak modu horretan definitu zuen Jaurlaritzak, atzo, soldata arrakalari aurre egiteko aurkeztutako plana. Azaroaren 27an onartu zuen legebiltzarrak, eta bertan biltzen diren ekintzak aurrera eramateko, 283 milioi euro bideratuko dituzte. Baina plan horretan biltzen diren neurriak «urriak» dira, sindikatuarentzat, eta ez da «arazoaren muinera joaten». Eta horrela arrakala gainditzea zailagoa da, Leire Txakartegi genero berdintasuneko arduradunaren arabera.

Soldata arrakalari aurre egiteko planean aurreikusitako dirua, gainera, publizitatea egiteko baliatuko dutela salatu zuen Amaia Muñoa sindikatuko idazkari nagusiaren ondokoak. «Plana bera publizitate kanpaina bat da». Izan ere, plana onartu aurretik ere, martxan zeuden neurriak aurkeztu izana leporatu zion Jaurlaritzari. Hau da, planean jasotako neurri gehienak onartuta daude, eta indarrean daude. Horregatik zioen publizitate kanpainarena, Eusko Jaurlaritzak «soldata arrakalaren aurka borrokatzeko dirua era nabarmenean handituko den itxura» eman nahi duela uste baitu. Baina «errealitatean ezer berririk ez dute egingo».

Neurri berririk ez, eta diagnosian, gainera, gabeziak sumatu dizkio sindikatuak. Txakartegik emandako azalpenen arabera, soldata arrakalaren erroa zein den zehaztean, Jaurlaritzak bi faktore nagusi aipatzen ditu: sexuaren araberako lanaren banaketa, eta zaintzaren lanak eta enplegua uztartzeko emakumeek dituzten zailtasunak. «Bi faktore horiek ezinbestekoak dira soldata arrakalaren atzean dagoen arrazoia ulertzeko. Baina hirugarren elementu bat ez dute azaltzen: emakumeen prekaritatea eta haien enplegu eskasak». Haren arabera, prekaritateari erreferentziarik egin gabe, «ezinezkoa da» soldata arrakalaren arazoaren oinarria ondo finkatzea. Alegia, planak berak diagnosian bertan duela hutsunea.

Administrazioaren arrakala

Muñoak salatutakoaren arabera, gainera, soldata arrakalari aurre egiteko planeko neurri gehienak «orokorrak dira», eta ez dute zehaztasun nahikorik. Eta ez hori bakarrik, azpikontratatutako zerbitzuen aurka ezer gutxi egiten duela ere esan zuen. Gero eta zerbitzu gehiago azpikontratatzen dituzte enpresek, baina baita erakunde publikoek ere: «Askotan prekarioenak diren zerbitzuak azpikontratatzen dira, errazagoa delako horiek kanpora ateratzea». Garbikuntza, jantokiak, edo zaintzen sektoreak aipatu zituen horren lekuko. Alegia, azpikontratazioak, batez ere, emakumeei eragiten diela azaldu zuen, eta erakundeek arlo horretan duten ardura bere egin behar dutela eskatu zuen. «Jaurlaritzak, esaterako, neurriak har ditzake bere zerbitzuetan arrakala amaitzeko».

Lan ikuskaritzan ahalegin handiagoa egingo dela ere zehazten du planak, eta enpresetako berdintasun planen erregistro baten sorrera aipatu du. Muñoaren ustez, hori ez da nahikoa: «Berdintasun planik ez duten edo onartuta edukita ere betetzen ez dituzten 250 langiletik gorako enpresak kontrolatu eta zigortu behar dira». Enpresa horietan beharrezkoa da berdintasun planak egitea, baina kasu askotan egin gabe daudela zioen, eta, horregatik, uste du ikuskari gehiago behar direla.

Diagnosian eta hartutako neurri «orokorrez» gain, sindikatuak planaren koordinaziorako esparrua ere kritikatu zuen. Izan ere, planaren jarraipenerako eremu nagusia elkarrizketa sozialaren mahaia izango da. Puntu hori ere salatzeko modukoa dela zioen Muñoak: «Mahai horrek ez ditu gutxieneko demokratikoak betetzen, eta patronalari, gainera, soldata arrakalaren aurkako neurriak baldintzatzeko ahalmena ematen zaio, hain zuzen bera den arren arrakala hori bultzatzen duen eragile nagusia». Horregatik guztiagatik, plana hanka motz geratzen dela salatu zuen sindikatu abertzaleak.

ELAren proposamenik ez

Soldata arrakala onartu baino hainbat hilabete lehenago, apirilean, Emakunderi eta Eusko Jaurlaritzari 32 neurri biltzen zituen dokumentu bat helarazi zien ELAk. Emakunderekin bilera bat egin zuten bertako neurrien berri emateko, baina, Txakartegiren arabera, Jaurlaritzatik ez zuten erantzunik jaso. Jaurlaritzak aurkeztu zuen planean, ordea, eragile sozialek egindako ekarpen gisa jasotzen dira ELAk proposatutako hainbat neurri. Bada, sindikatuak argitu nahi izan du prozesu horretan ez duela parte hartu. Atzoko prentsaurrekoan banatutako dokumentazioan dioenez, «proposamenak dokumentutik atera dituzte, baina horietako asko ez daude ondo jasota». Planaren inguruan sindikatuak egindako balorazioa «ezkorra denez», ELAk eskaera egin dio Jaurlaritzari erakundearen izena ez erabiltzeko «onartu den planari zilegitasuna emateko».