«Ezkor» hasi dute greba Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeek

Sindikatuen arabera, %65eko parte hartzea izan du. Esan dute Jaurlaritzaren itun moldaketak xehetasunak falta dituela. Ez dute uste patronalak oraingoz pausorik emango duenik

Kristau Eskolako eta IZEAko langileen manifestazioa, atzo, Bilboko Kale Nagusian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Zortzi eguneko greba hasi dute Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetako langileek. Lehen egunarekin bat eginez, indar erakustaldia egin zuten atzo, Bilbon: sindikatuen arabera, 5.000 lagun elkartu ziren manifestaziora. Guztira, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 215 ikastetxetako 9.000 langile daude protestara deituta. Grebak %65eko parte hartzea izan zuela ere esan zuten, «aurreko deialdien parekoa». Steilas sindikatuko Sabin Arrizabalagak zoriondu egin zituen beharginak, «adierazitako konpromisoagatik eta erakutsitako adoreagatik». Patronalak, berriz, %28ra jaitsi du grebalarien zenbatekoa.

Beharginak «haserre» agertu dira Eusko Jaurlaritzako Lan Sailarekin. «Grebari ikusgarritasuna kendu nahi izan diote. Neurriz gaindikoak dira ezarri dituzten gutxieneko zerbitzuak. Ikastetxe handietan laukoiztu egingo dira», ohartarazi zuen Arrizabalagak. «Langileen greba eskubidearen aurkako erabakia da».

Hezkuntza Sailak sektoreari begirako keinua egin zuen astearteko gobernu kontseiluan. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri zuen ikastetxeekin duten ituna «hobetuko» dutela. Sindikatuen esanetan, xehetasunak behar dira horrek zer ondorio izango dituen jakiteko. «Jaurlaritzak ez du esan zehazki zer egingo duen; beraz, ezin dugu jakin zer ondorio izan ditzakeen langileen lan baldintzetan», ohartarazi zuen ELA sindikatuko Miren Zubizarretak. Haren ustez, «kasualitateak ez dira existitzen», eta ez du uste iragarpen hori greba bezperan iritsi izana ere kasualitatea izan denik. Oraingoz, «ezkor» agertu dira, patronalek «argi» esan dutelako ez dutela proposamen berririk egingo. Horregatik, ez dute espero grebak iraungo duen ia bi asteotan akordiorik lor daitekeenik. «Gatazka bideratzeko inplikazioa» eskatu diote gobernuari.

Zubizarretaren esanetan, beharginen aldarrikapenak «bidezkoak» dira; ez dira «batere maximalistak». Salatu zuen patronalak «negoziazio itxura faltsua» eman nahi duela. Izan ere, aurkeztu dituzten proposamenak «oso eskasak» izan dira, sindikatuen irudiko. Joan den ostiralean izan zuten azken bilera enpresen ordezkariekin. Mahaitik «dezepzionatuta» altxatu zirela azpimarratu zuen Arrizabalagak. «Eduki serioak dituen» proposamenak egiteko eskatu diote patronalari.

Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetan duela hamar urte sinatu zuten azken lan hitzarmena. Besteak beste, beharginek esan dute azken urteotan %13 inguru galdu dutela erosahalmena.Ohartarazi dute Haur Hezkuntzako irakasleen eta behar bereziak dituzten ikasleekin lan egiten duten hezitzaileen lan baldintzak «oso prekarioak» direla. Azpimarratu dute bi sektore horiek direla feminizatuenak. Jaiotza tasa apalen ondorioz etorriko den matrikulazio beheraldiari aurre egiteko plana ere eskatu dute.

Lanez gainezka

Behar bereziak dituzten ikasleen hezitzailea da Asier San Miguel. LAB sindikatuko liberatua da gaur egun. Manifestazioan egon zen atzo. «Gure arloan, gehienek lanaldi partziala dute. Horren ondorioz, soldatak ere oso eskasak dira, eta ez daukagu ordu osagarririk egin behar ditugun bestelako lanetarako». Ikasleen balorazio txostenak egitea, familiekin elkartzea eta beste lankide eta ikasleen tutoreekin koordinatzea; halakoak aipatu zituen.Kontatu zuen bere gisako hezitzaileak, oro har, ikastetxe gehienetan ez dituztela lantaldeko kide gisara hartzen. «Hein batean, horren ondorio da gure egoera». Azken urteetan lan karga «nabarmen» handitu zaiela diotelangileek. Ana Fika Lehen Hezkuntzako lehen mailan da tutore. Manifestaziora joan zen bera ere. Esan zuen trebakuntza saioak euren lan orduetatik at egin behar dituztela. Salatu zuen maila berean beste gela bat sortzeko ikasle asko eskatzen direla. «Ez baduzu bi gela osatzeko beste ikasle, bakarrarekin geratuko zara; gainezka izango duzu. Ez gara iristen».

Sindikatuek eta langileek ulertzen dute familien kezka, deialdia «luzea» delako. Hala ere, gogorarazi diete langileen baldintzak hobetzeak «ikasleei ere mesede» egingo diela. Sindikatuak joan den astean elkartu ziren gurasoen elkartearekin. Atzo, Kristau Eskolako buru Mikel Ormazabal joan zen Bilbora, haiekin biltzera. Gaur arratsaldean elkarretaratzea egingo dute Bilboko Indautxu auzoko Jesuitak ikastetxean. Domekarako manifestaziora deitu dute. Atzo era guztietako iritziak azaldu zituzten ikastetxe atarietan. Gehienek ulertzen dute irakasleek greba egitea. «Egoera honetara iritsi aurretik konpon zitekeen gatazka. Guztiek dute erantzukizuna: sindikatuek, enpresek eta gobernuak», kexatu zen Noelia Fernandez, alaba txikiena Bilbo erdiguneko ikastetxe batera eroan zuenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.