Presidentetzari eutsi dio Aznarezek, Orain Bairen eskaera ezetsi baitute

Parlamentuko Mahaiak ontzat jo du zerbitzu juridikoen txostena, eta, gehiengoz, ez du onartu Ahal Dugu-ko parlamentariak kaleratzeko eskaera. Laura Perezek salatu du «aldaketatik kanpo» utzi dituztela
Orain Baiko Laura Perez, atzo, Nafarroako Parlamentuko korridoreetan.
Orain Baiko Laura Perez, atzo, Nafarroako Parlamentuko korridoreetan. VILLAR LOPEZ / EFE

Joxerra Senar -

2019ko otsailak 12
Hari batetik zintzilik izan da Ainhoa Aznarez ia bi hilabetez, baina azkenean onik atera da. Parlamentuko zerbitzu juridikoek bigarren txosten batean ondorioztatu dute Orain Baik ez zuela gutxieneko baldintza formalik betetzen Aznarez, Tere Saez eta Mikel Buil taldetik kanporatzeko. Idatzi hori oinarri hartuta, atzo, Parlamentuko Mahaiko gehiengoak erabaki zuen eskaera hori aintzat ez hartzea —hiru boto alde eta bi kontra—. Modu horretan, Aznarezek karguari eutsiko dio, baina, modu berean, aldaketaren aldeko indarrek mahaian gehiengoa izaten jarraituko dute. Erabakiarekin haserre, Orain Baiko Laura Perezek aldaketatik at kokatu zuen bere burua. «Kanpoan utzi gaituzte», gaitzetsi zuen.

Aurtengo aurrekontuak onartu eta berehala, abenduaren 20an, Carlos Cousok hiru parlamentariak kaleratzeko eskaria erregistratu zuen. Aurreko legealdietan izandako hiru aurrekariek bidea libre uzten zioten Orain Bairi eskaera zuzenean onartzeko eta hirurak kaleratzeko. Orduan arrazoitu zuten legealdi amaierarako lana egiteko bitarteko falta zutela —denbora luzez dirua blokeatua izan da talde barruan, eta ezin izan dute erabili—, eta, aldi berean, salatu zuten Aznarezek presidente kargua interes pertsonalerako erabili zuela. Gerora, bitarteko faltaren argudioak indarra galdu du, eta argi utzi dute jomuga nagusia Aznarez zela. Iragan astean, Cousok onartu zuen behin Aznarez kargutik kenduta eta «hala nahi izanez gero» hirurak berriro hartzeko prest zeudela.

Alta, aurreko legealdietako kasuetan ez bezala, kaleratu nahi zituzten parlamentariak ez zeuden ados erabakiarekin, eta horrek dena aldatu du. Kontrako alegazio bat aurkeztu zuten transfugak beste lau parlamentariak zirela argudiatuz eta egiazki haiek kaleratu behar zituztela eskatuz.

Auzia gehiago kiribiltzeko, ondorio politikoei erreparatu behar zitzaien. Hiru parlamentariak kaleratuz gero, aldaketak gehiengoa galduko zuen mahaian, legealdia amaitzeko aste gutxiren buruan, eta beste presidente bat hautatzeko prozesuari ekin beharko zitzaion ezinbestean. Krisi instituzional hori bere alde erabil zezakeela jakitun, oposizioak Orain Bairen eskaerari bide ematea lortu nahi izan zuen hasieratik. Alderantziz, Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerra gatazka onbideratzen ahalegindu ziren, eta, ikusirik hori ezin zela lortu, mahaian gehiengoari eutsi nahi izan diote.

Pultsu politikoa bideratzeko, korapilo juridikoa askatu behar zen lehenik. Hala, mahaiak lehen txostena eskatu zion legelari nagusiari. Haren arabera, ezohikoa da hauteskundeetara aurkeztu den alderditik (Ahal Dugu) kanpo diren parlamentari batzuek halako eskaera egitea. Hala ere, argitu zuen Builen, Saezen eta Aznarezen alegazioari bide emateko modurik ere ez zegoela. Orain Bairen eskaerari, berriz, forma akats batzuk atzeman zizkion: hiru parlamentariak kaleratzeko bilera deialdirik ez zen egin, eta ez zen aktarik aurkeztu, kasurako.

Hori dela eta, mahaiak gehienez hamar eguneko epea eman zion baldintza horiek betetzeko. Ruben Velascok berriro hiru parlamentariak kaleratzeko eskaera erregistratu zuen, baina, EH Bilduren eskariz, zerbitzu juridikoek ondorioztatu zuten ez zela eskatutako epean aurkeztu eta bileraren akta zein eskaera egiteko taldeko gehiengoaren sinadurak falta zirela. Eduki horren aurrean, atzo, Mahaiko hiru kidek —Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarezek, Geroa Baiko Unai Hualdek eta EH Bilduko Maiorga Ramirezek— ez zuten aintzat hartu eskaera;UPNko bi ordezkariek alde bozkatu zuten.

Arartekoaren aukera

Perezen arabera, «hainbat bide» har ditzakete orain. Aurreko astean Orain Baik iragarri zuen auzitara jo dezakeela, baina zuzenean Auzitegi Konstituzionalera jo beharko luke. Atzo, Perezek Nafarroako Arartekora jo dezaketela zioen. Mahaiko kideei «arbitrariotasunez jokatzea, sinesgarritasun falta eta erakundeen erabilera alderdikoia» egotzi zizkien: «2017ko uztailetik, beste aldera begiratu dute, ez dute barne egoera zuzendu nahi izan, agian interesatzen zitzaielako deserosoagoa zen taldea isilaraztea. Eta orain damutu egiten dira ondorioekin?».

EH Bilduko Adolfo Araizek Orain Baiko kideei gogorarazi die 2015eko maiatzean herritarrek emandako agindua «legealdia amaitu arte» dela, eta oraindik lege ugari daudela onartzeko. «Gehiengoa hausten badute, azaldu beharko dute zergatik».