Azukrearen arrastoa Araban

Erremolatxa merkatu du La Azucarerak. Arabako nekazariak ez daude ados. Prezio txikiekin egingo dute urtea, eta, aldaketarik ezean, kolokan egongo da hurrengo uzta.

La Azucarera enpresaren lantegia, Miranda Ebron. Han tratatzen dute Arabako azukre erremolatxa. JAIZKI FONTANEDA / EFE.
Gasteiz
2019ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Arabak urteekin beretu zuen patata landatzen den herrialdea izateko fama. Baina urteak dira beste landaketa batzuk aurreratu zaizkiola; tartean, azukre erremolatxa. 2016an, 1.659 erremolatxa hektarea landatu ziren; patatarenak, berriz, 1.182 hektarea. Produktua, ordea, ez dago bere garairik onenean. Saltze prezio finko bat izateari utzita, aldakorra du orain. Izan ere, azukrearen merkatuko prezioarekin lotu du bere balioa La Azucarera enpresak, bai zati bat behintzat. Nekazariak, ordea, ez daude konforme aldaketarekin: 2019-2020 denboraldiko uzta prezio berri horretan salduko dute, baina egoera irauli nahi dute 2020-2021 sasoirako. Ikusteko dago oraindik erremolatxa landatzen jarraituko duten Araban, salmenta balio berria lortu ezean.

Abenduan hasi zen katramila nekazarien eta La Azucareraren artean. Izatez, bost urterako zeukaten adostuta zein izango zen erremolatxaren prezioa. Enpresak, ordea, tratua haustea erabaki zuen, merkatuan dirua galtzen ari zela argudiatuta. Beste eskaintza batekin hurbildu zitzaien laborariei: aurreko prezio finkoa ordaindu ordez, gutxieneko kopuru bat bermatu nahi zien, eta gainontzekoa, azukrearen merkatuko prezioaren arabera. Eskaintza ez da nekazarien gustukoa izan.

Azukrearen salneurriak nahiko gorabehera izan du azken urteetan. Europako Batzordeak ebatzi zuen azukre kuotak kendu egin behar zirela; hots, ezin zela zehaztu zenbat azukre ekoitzi zitekeen gehienez urtean. 2017an aplikatu zen neurria, kolpetik. Horren ondorioz, Europako azukre produkzioak gora egin zuen: bi milioi tonako azukre defizita izan ondoren, lau tonako soberakina zuen. Era berean, urte bikaina izan zen azukre ekoizleentzat munduan, eta bereziki Brasilentzat.

Azukrearen merkatua

Munduko merkatua asebeteta aurkitu zuten Europako herrialdeek. Bertan behera gelditu zen soberakinak bertan saltzeko ideia. Besterik ezean, Europako periferiara jo zuten, izatez azukre produkzioan defizitarioak diren tokietara. Ondorioz, azukrearen prezioa jaitsi egin zen. 2017ko irailean kendu ziren kuotak; orduan 490 euro balio zuen tonak. 2018ko urtarrilerako, 371 eurora jaitsi zen. La Azucarera egoeraz baliatu zen salmenta eredu berria proposatzeko nekazariei.

«Argi azaldu genien laborariei egoera: diru asko galdu dugu, eta egoera ez da jasangarria», nabarmendu du Juan Luis Fernandezek, La Azucarerako kontseilari ordezkariak. «Eredua aldatzeko ordua da». Alemaniako eta Frantziako azukre industriara jo zuten adibide bila, eta baita aurkitu ere: azukre erremolatxaren prezioa azukrearen balioaren arabera moldatzea.

«2018-2019 denboraldian ez genuen proposamena egin, bagenekielako prezio horietan erremolatxa ez zela errentagarria izango nekazarientzat», argitu du Fernandezek. Hurrengo urterako adostua dute eredu berriarekin izango dela. Azukrearen prezioak gora egitea espero du La Azucarerak. «Guretzat oso garrantzitsua da eredu aldaketa etorkizunean ere erabiltzea. Azukreak beti izango ditu zikloak, eta, frantziarrekin lehiatzeko, eredu hau behar dugu».

Bestelakoa da, ordea, nekazarien ikuspuntua. Raul Beitiak zuzentzen du erremolatxen arloa UAGA Arabako Nekazarien eta Abeltzainen Batasunean. Ez dator bat enpresarekin: «Bost urterako akordio bat geneukan. Urtebete falta zela hautsi dute, eta prezioak jaisteko planteamendu batekin etorri zaizkigu». Administrazioarekin ere konpromisoa zeukatela nabarmendu du Beitiak, bost urtean erremolatxa landatzeko tratua eta, horregatik, nahitaez sartu behar zutela. «Gurekin jolasean ibili dira».

2018-2019ko uzta akordioan sinatutako balioarekin saldu zuten nekazariek. «2019-2020ko eredu berriarekin kobratuko dugu», zehaztu du zuzendariak. Hurrengo urterako, dena den, prezio berria negoziatzea dute helburu.

Eredu berria

Ereduak berak ez ditu gustura utzi Arabako nekazariak, ordainduko zaien zati finkoa ere ez zaielako nahikoa iruditzen. «Gutxieneko prezioarekin, gastuak ere ezin ditugu ordaindu». Azukre tona 400 eurotik behera baldin badago, ezingo dituzte berdindu landatzearen gastuak. «Ezin dute horren prezio txikiekin eredua aplikatzen hasi». Akordioan zeukaten salneurria adina lortzeko, ia 600 euroan egon behar du tonak. «Horrelakoetan tokatzen zaigun baino gutxiago lortuko dugu».

Maiatzaren bueltan hasi nahi dituzte negoziazioak 2020-2021 denboraldiko salneurriak adosteko. Beitiaren arabera, badute itxaropena, prezio finkoak lortzeaz gain, epe luzeago baterako tratua ere eskuratuko dutela. «Ezin zara urtero negoziatzen ibili. Inbertsio batzuk egiten ditugu; makinerian, esaterako. Ez badakizu hurrengo urtean zer izango duzun, ezin duzu inbertsiorik egin».

Baina, azukrearen balioa gora behera, kobratuko duten finkoa ere gai garrantzitsua da nekazarientzat. Tona bat erremolatxak 26 euro balio izatea proposatu die enpresak gutxieneko moduan. «30 eurotik gorakoa izan behar du berme horrek. 30etik ez gara jaitsiko».

Kontua da akordiorik lortu ezean eredu bera erabiltzea planteatuko duten edo bestelako konponbiderik daukaten buruan. «Akordiorik ez badago, guk ez dugu azukre erremolatxarik sartuko, eta La Azucarerak ez du uztarik izango».

Sustraituta dago landarea Arabako tradizioan, eta mantendu egin nahi dute. Erremolatxak, hala ere, beste produktu batzuk baino lan gehiago eskatzen du, eta ez daude prest aurrera eramateko errentagarria ez baldin bada. «Urte asko daramatzagu nekazaritzan», esan du Beitiak. «Makinak dauzkagu, eta uzta asko ezagutzen ditugu». Erremolatxarekin jarraitu nahi dute, baina, tratua lortu ezean, patata sartzeko aukera ere ikusten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.