Franco, hobian geldi oraingoz

Auzitegi Gorenak behin-behinean eten du Francisco Francoren gorpua Erorien Haranetik ateratzeko prozesua, familiak jarritako helegiteari buruz epai irmo bat ez dagoen bitartean
Francisco Francoren hilobia, Erorien Haraneko basilikaren barruan. Ohorezko tokia du diktadoreak tenplu horretan.
Francisco Francoren hilobia, Erorien Haraneko basilikaren barruan. Ohorezko tokia du diktadoreak tenplu horretan. JAVIER LIZON / EFE

Ion Orzaiz -

2019ko ekainak 5
Ez dute hobitik aterako. Ez, behintzat, oraingoz. Francisco Franco fundazioak, diktadorearen familiak eta Erorien Haraneko prioretzak eginiko eskaera onartu du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, kautela neurri gisa, eten egin du diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik atera eta El Pardon hobiratzeko prozedura. Ekainaren 10ean lekualdatzekoak ziren, baina, Francoren familiak jarritako helegitearen gainean epai irmo bat ez dagoen bitartean, Espainiako Gobernuak ezinen du Franco hobitik atera.

Diktadorea Erorien Haranetik ateraz gero Francoren senideek eta Espainiako estatuak nahiz instituzioek «kalte larria» pairatzeko arriskua legokeela argudiatu du epaimahaiak: «Epai irmoan gorpuzkiak hobitik ateratzearen kontrako helegitea onartuko balitz, eta, atzera ere jatorrizko tokira itzuli beharko balira, kaltea agerikoa izanen litzateke».

Auzitegi Goreneko Administrazio Auzietarako 3. aretoko bost magistratuk hartu dute erabakia: Pablo Maria Lucas, Antonio Jesus Fonseca-Herrero, Jorge Rodriguez-Zapata, Celsa Pico eta Jose Luis Requero epaileek. Aurretik, memoria historikoaren aldeko hainbat erakundek salatua zuten epaimahaiaren inpartzialtasuna «zalantzan» zegoela, magistratuetako batek Francisco Franco fundazioko abokatu Santiago Milans del Boschekin duen «harreman estuagatik».

Behin-behineko etenaldiaren berri izanda, Espainiako Gobernuak esan du erabakia errespetatzen duela, eta hobitik ateratzeko prozedura «atzeratu» eginen duela, «datozen hilabeteetan epaileek auziaren mamiari buruzko sententzia irmo bat eman arte». Era berean, Pedro Sanchezen gobernuak garrantzia kendu dio Auzitegi Gorenaren erabakiari: «Ez da ezohiko kontua: erabaki bat betearaztea eten egin dute behin-behinean, horren legezkotasuna baieztatu arte, besterik ez». Madril ziur da, hala ere, Auzitegi Gorenak atzera botako duela helegitea, «orain arte Francoren familiak aurkeztutako helegite guztiekin egin duen bezala».

Francoren hilotza Erorien Haranetik ateratzeko bidea iazko abuztuaren 24an hasi zuen Espainiako Gobernuak; diktadorearen gorpuzkiak ohorezko toki batean egoteak «biktimenganako errespetu falta» erakusten zuela adierazi zuen orduan gobernuko jarduneko presidenteorde Carmen Calvok: «Demokrazia ez da bateragarria Francoren memoria goresten duen hilobi batekin». Gobernuak lege dekretu bat onartu zuen gorpuzkiak lekuz aldatzeko, baina neurri hori ez da nahikoa izan. Eragozpenak gailendu dira, eta Franco, gaur-gaurkoz, Erorien Haranean dago oraindik.

Prozesu korapilatsua

Diktadorearen zazpi bilobek hamaika helegite eta alegazio aurkeztu dituzte orain arte, Francisco Franco fundazioaren eta Erorien Haraneko prioretzaren laguntzaz. Memoria historikoaren aurka publikoki azaldu den epaile batek ere prozesua trabatu nahi izan zuen, «hilobiaren 2.000 kiloko estalkia altxatu behar duten beharginen segurtasuna» argudio gisa erabilita.

Iragan martxoan, gobernuak erabaki zuen Francoren gorpuzkiak El Pardora eramatea, Mingorrubioko hilerrira. Han dago lurperatuta Carmen Polo haren emaztea zena ere. Han, gobernuak prest ditu hilobi bat eta lurperatze unitate bat, Francoren gorpu momifikatua lekuz aldatzeko baimenaren faltan. 3.738,90 euroren aurrekontua izango dute Francoren gorpua hobitik ateratzeko lanek, eta, adituen arabera, egiten errazak lirateke: garabi batekin hilarria altxatu, eta gorpua atera egingo lukete, segituan Mingorrubion lurperatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna