Maia: «Sexu erasoek ezin dute belztu sanferminetako giro ona»

Hilaren 12an beste sexu eraso baten berri izan zuen Iruñeko Udalak: bigarren erasoa zen. Festak «bikainak» izan direla adierazi du. Opakutasunez aritzea egotzi dio oposizioak

Igandean ehunka pertsona bildu ziren Gazteluko plazara, mugimendu feministak eta Gora Iruñeak deituta, hilaren 6ko sexu erasoa salatzeko. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
«Ederrak», «alaiak», «dibertigarriak», «seguruak», «munduko onenak»... Adjektibo eta epiteto ugari erabili ditu Iruñeko alkate Enrique Maiak 2019ko sanferminak deskribatzeko. Haren esanetan, festa «bikainak» izan dira aurtengoak, eta ezerk ezin du irudi hori belztu. Ezta azken egunetan azaleratutako sexu erasoek ere. Igandean jakinarazi zuten eraso baten berri —uztailaren 6an salatutakoa—, eta festak pasatu ostean eman dute bigarrenaren berri: uztailaren 12an gertatu zen, eta, Maiaren esanetan, udalak ez zuen orain arte ezer esan «ikerketa eta delituaren kalifikazioa egiteko zegoelako». Azkenik, hiru egunen buruan, erasotzat jo dute gertatutakoa, erasotzaileek «indarra» erabili zutelako. Sexu erasoei buruzko salaketak ez ezik, abusuenak ere izan dira jaietan: hamar salaketa jaso dituzte.

Bi sexu eraso horien ikerketa prozesuaren barruan, Poliziak ez du inor atxilotu, eta, horretaz galdetuta, Maiak ez du informazio gehiago eman nahi izan, «gai labaina delako». Erasoak gaitzetsi ditu, nolanahi ere: «2016ko sanferminetako talde bortxaketaren auziak zauri sakona utzi zigun denoi, eta lanean segituko dugu halakoak berriro gerta ez daitezen». Azpimarratu du, bestalde, erasook ezin dutela lohitu sanferminen irudia, «orokorrean giro ona izan baita nagusi».

Udaltzaingoak, Foruzaingoak, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak sanferminetan egindako lana ere goraipatu du Maiak; batez ere, kalean saltzen aritzen diren migratzaile papergabeen aurkakoa. «Aurreko urteetan, ezinezkoa zen kale batzuetatik igarotzea, legez kanpoko salmentagatik; aurten, aurre egin diogu horri, eta material konfiskatzeek %25 egin dute gora».

Txupinazoko eta uztailaren 7ko prozesioko gertaeren harira, berriz, alkateak iragarri du «neurriak» hartuko dituztela «legea une oro bete dadin», eta iragarri du «epaileen eta Poliziaren bidetik» joko dutela. «Ez da normala zinegotziok erradikalen irainak, presioa eta eraso saialdiak pairatu behar izatea. Prozesioan gertatutako guztia grabatuta dago; hortaz, hurrengo urteetan istiluak sortzeko asmotan dabiltzanei aholkatuko nieke halakoak burutik kentzeko».

Ikurrinari buruz, Maiak esan du «legez kanpokoa» dela «beste autonomia erkidego baten bandera» zintzilikatu nahi izatea: «Ez dut onartuko inork esatea ikurrina euskaltasunaren ikurra denik. Euskal sentimendua ordezkatua dago Nafarroako banderan».

Uztailaren 6an, Udaltzaingoak kolpeka eta arrastaka aterarazi zituen EH Bilduko eta Geroa Baiko zenbait zinegotzi udaletxeko balkoietako batetik, ikurrina ateratzeko asmoa zutelakoan. Maider Beloki EH Bilduko zinegotziak salaketa aurkeztu zuen epaitegian, eta kritikatu egin zuen udaltzainen «jokabide bortitza». Handik astebetera, Carmen Albak, Navarra Sumako zinegotzi eta Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiak, beste salaketa bat jarri zuen, EH Bilduko zinegotzi batek «ostikoak» eman zizkiola argudiatuta. Atzo, Maiak berak azaldu zuen hiru udaltzainek ere auzitara jo dutela: «Batek dio hozka egin ziotela, eta beste biek, kolpeak jaso zituztela». Alkateak horren guztiaren erantzule egin ditu EH Bilduko eta Geroa Baiko zinegotziak, ikurrina ateratzeagatik: «Istilu bila zebiltzan».

«Desinformazioa» auzitan

Iruñeko Udaleko gainerako udal taldeek kritikatu egin dituzte Maiaren hitzak, eta sexu erasoak «estali» nahi izatea egotzi diote. Alkatearen adierazpenetan «informazio eta gardentasun falta erabatekoa» antzeman du EH Bilduk, eta salatu du Navarra Sumak urratu egin duela sexu erasoen gaineko udal protokoloa. «Lotsagarria da sanferminetako azken egunera arte gertakari horien berri ez izatea; alkateak urratu egin du protestarako eta mobilizaziorako eskubidea». Geroa Baik ere txarretsi egin ditu Maiaren «isiltasuna eta desinformazioa», eta gaineratu du sexu erasoen kontrako borrokan ez duela atzerako urratsik onartuko, «ezta isiltasun instituzionalik ere». Kritika apalagoa egin du PSNk: Maite Esporrinen taldeak uste du Maia alkateak «bizkortasun falta handiarekin» eman duela sexu erasoen inguruko informazioa, eta gogorarazi dio informazioa «oinarrizko eskubidea» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.