'Gaztatxoa' mikaztu zaie

Legealdiko lehen osoko bilkura egin dute Nafarroako Legebiltzarrean, eta agerian gelditu dira Navarra Sumaren eta Txibite lehendakariaren arteko desadostasunak.

Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Gaztatxoaren teoriarenak egin du. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiak asmatu zuen kontzeptua, PSNrekin akordio zabalak lotu eta esparru politiko osoa kontrolatzeko estrategia definitzeko. Carlos Txibite (PSN) eta Sanz bera (UPN) izan ziren praxi politiko horren sustatzaile nagusiak, eta, haien ostean, segida eman zioten Roberto Jimenezek eta Yolanda Barcinak. Atzo, oinordeko politikoak arduratu ziren ententea dinamitatzeaz, akusazio gogorrez eta etenaldiz beteriko eztabaida parlamentario mikatz batean.

«Pagotxa zara alderdi abertzaleentzat, opari bat», aurpegiratu zion atzo Navarra Suma koalizio eskuindarreko eledun Javier Esparzak Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari. Legealdiko lehen osoko bilkura egiten ari ziren Nafarroako Legebiltzarrean, eta minutu gutxi igaroak ziren Navarra Sumako buruak munizio astuna ateratzea erabaki zuenerako: Espainiako monarkia, batetik, eta euskararen «inposizioaren» mamua, bestetik.

Parean, Txibitek ez zuen asmatu Navarra Sumako buruaren eztenkadei aurre egiten, eta, eskarmentu handia izanagatik, urduri aritu zen atzoko saioan, lehendakari rolean: begiak paperean iltzatuta izan zituen une oro, erantzun guztiak goitik behera irakurriz, eta hitz-totelka. Egoera ongi baliatu zuen Esparzak lehendakaria bere onetik ateratzen saiatzeko: askotan eten zituen Txibiteren mintzaldiak, mikrofonorik gabe ere, ahotsa goratuz eta keinuak eginez.

Adierazgarria izan zen, esaterako, Navarra Sumaren lehen galdera: «Espainiako errege-erreginak gonbidatuko al dituzu Vianako Printzea saria emateko ekitaldira?». Txibitek erantzun zuen Felipe Borboikoari gonbidapena egina diola, «2021ean Nafarroara etor dadin, Done Jakue urtearen ospakizunen barruan». Esparzak eta Txibitek zein baino zein monarkiazaleago azaldu nahi izan zuten. Esparzarentzat, ordea, lehendakariaren azalpena ez zen aski izan: «Ongi deritzot erregea 2021ean etortzeari, baina 2020an, zer? Gonbidatuko duzu Vianako Printzea sariak ematera, bai ala ez?».

Ordurako, epailearen aurreko itaunketa baten itxura hartua zuen eztabaidak: «Ez dakizu ala ez duzu erantzun nahi, Txibite andrea? Ez baduzu erantzuten, pentsatuko dut baimena eskatu behar diezula Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrako bazkideei».

Euskara, jaurtigai berriz ere

Euskararen gaiarekin ere jarrera bertsua agertu zuten Esparzak eta Navarra Sumako gainerako ordezkariek: oldarkor eta PSNren kontraesanak azaleratu nahian. Euskara administrazioan arautzeko dekretua «lehenbailehen» indargabetzeko exijitu zuen Esparzak, «eraikuntza nazionalerako tresna abertzale bat» dela iritzita. Lehendakariari gogoratu zion, gainera, euskararen kontrako manifestazioan parte hartu zuela 2018an, Navarra Sumako alderdiekin batera: «Gurekin bat egiten zenuen lehen, horretan eta beste kontu askotan. Jarleku baten truke irentsiko duzu nazionalismoaren hizkuntza politika osoa? Merezi du zure printzipioei uko egitea?».

Koska bat harago joan zen Navarra Sumako legebiltzarkide eta Ciudadanos alderdiko buru Carlos Perez-Nievas: eremu ez-euskalduneko herrietan D ereduan izena emanda dauden haurrei garraioa eta jantokia ordaintzea «diskriminatzailea» dela esan zuen, eta lehendakariari leporatu zion «nazionalismoaren menpe» egotea: «Gobernu honek bi lehendakari ditu: Barkos andrea da lehendakari emeritua, eta Txibite andrea, berriz, menpekoa».

Txibitek erantzun zien «kontsentsua» nahi duela euskararekin lotura duten auzietan, eta horren alde eginen duela, «euskararen erabilera eta egungo errealitatea onartuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.