Ikasleek Baionan klimaren auziko «arduragabekeria» salatu dute

Ingurumen arloko politikek berdin segitzen badute, 50 urteren buruan «denak hiltzeko» arriskua egongo dela ohartarazi dute Baionako suprefetura aitzinean eginiko protestan

«Akabo naiz, gizakiak dauzkat», dio planeta bat negarrez erakusten duen pankarta batek, atzo, Baionako suprefetura aitzinean. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
300 bat gazte Baionako suprefetura aitzinean etzanda, hilarena egiten. Irudi hori utzi zuen, besteak beste, klimaren aldeko ikasle grebaren harira atzo goizean egin zuten manifestazioak. Klima larrialdiaz ohartarazteko antolatu duten protesta astearen lehen eguna izan zen, eta mobilizazio ugari izan ziren mundu osoan, baita Euskal Herrian ere. Gaur, klimaren aldeko martxa eginen du Bizi mugimenduak Baionan, 15:00etan, Paulbert plazatik abiatuta.

Azken hilabeteetan Ipar Euskal Herrian egin dituzten mobilizazio guzietan bezala, Frantziako Gobernuaren erantzukizuna azpimarratu nahi izan zuten klimaren aldeko ikasleek suprefetura aitzinean. Atzo, Emmanuel Macron presidentearen argazkiak bahitzeagatik epaitutako aktibistek lortu duten «garaipen historikoa» goraipatzeko baliatu zuten. Hain zuzen ere, Lyongo auzitegiko epaileak errugabe jo ditu aste hasieran, klima larrialdiak horrelako ekintzak zilegitzen dituela ebatzita. «Justiziaren erabakiak babesten gaitu bizitzaren aldeko gure borrokan», aldarrikatu zuten ikasleek. Ministerio publikoak helegitea jarri dio epaiari, eta hori salatu nahi izan zuten, gobernuak orain arteko ildo beretik segitu nahi duela deitoratuta. «Arduragabekeria hori salatzeko, hemendik 50 urtera proiektatuko gara; denak hilak izanen gara». Eta, sirena hotsen artean, lurrean etzan ziren, hildakoarena eginez, beste batzuek igeltsuarekin hildakoen gorpuak marrazten zituzten bitartean.

«Kutxatu, kontsumitu, eta isilik egon! Hori da gazteei ematen zaien mezua» eta «Klima baino beroago!», aldarrikapen oihuen artean, Baionako Agusti Xaho plazan bukatu zuten mobilizazioa. Bertan, Amaiur izeneko gereziondoa landatu zuten, sinbolo gisa. «Urte guziz, berotegi efektuarengatik, suteak geroz eta larriagoak dira. Oihan horiek idorteagatik eta giza jarduerengatik erretzen dira, eta berotegi efektua eragiten duten gasak kantitate handian botatzen dituzte. Arnastea, bizitzea ahalbidetzen digun biodibertsitate bat galtzen ari gara», salatu zuten megafonotik irakurri zuten testuan.

Hiru eskaera egin zizkieten arduradun politikoei: tenperatura igoera 1,5 gradu baino gutxiagotan atxikitzea, justizia klimatikoa segurtatzea, eta datu zientifikoak kontuan hartzea. Bukaeran, gaur Bizik antolatu duen martxan parte hartzera deitu, eta aste osoan protestak eginen dituztela iragarri zuten. Bihar, lehena: Baionako eta inguruetako saltoki aitzindegietako argiak itzaliko dituzte, energia «alferrik xahutzen» dutela salatzeko.

Martxa bat Bilbon

Bilbon ere zabaldu zituzten atzo klima aldaketaz ohartarazteko aldarriak: protesta martxa bat egin zuten udaletxe aurreraino. Hiriko hainbat tokitatik abiatu zen jendea. Egoeraren larritasuna nabarmentzeko pankartak erakutsi zituzten gehienek: Ez dago Bplanetarik, SOS, Beste borrokek ez dute zentzurik hau galtzen bada... Hainbatek dei egin zuten errotiko aldaketak egitera: abeltzaintzak ingurumenari dakarzkion kalteak gogora ekarri zituzten, adibidez, eta elikadura eredua aldatzera deitu zuten. Mobilizaziootan nahiko ohikoa da gazteen parte hartze handia, eta hori agerikoa izan zen atzo, berriro, Bilbon. Irailaren 27a gogora ekartzeko pankartak ere zabaldu zituzten askok: egun horretarako greba deialdia gogoan. Aste osoan tankerako leloak ozentzen jarraitu nahi dute antolatzaileek. Protesta keinuak mundu osoan gertatzen ari direla gogoratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.