Iraileko langabeziak motelaldiari buruzko susmorik okerrenak uxatu ditu oraingoz

Udako datu txarren ondoren, Hego Euskal Herriko lan merkatuak hobera egin du irailean: abuztuan baino 3.090 langabe gutxiago daude, eta 6.481 afiliatu gehiago

Iker Aranburu -

2019ko urriak 3
Udan piztutako alarma gorriak itzali egin daitezke, oraingoz behintzat. Hego Euskal Herriko lan merkatuari buruzko datu txarrak eman zituzten uztailak eta abuztuak —ia 5.500 langabe gehiago eta 18.700 afiliatu gutxiago—, eta kezka bazegoen joera horrek jarraitu egingo ote zuen ondorengo hilabeteetan ere, ekonomiaren motelaldia baieztatu ahala. Baina irailean ez da halakorik gertatu. Estatistikoki, hilabete txukuna izan da, ona ez esatearren: 3.090 lagun gutxiago ageri dira lanik gabe Lanbideko eta Nafar Lansareko erregistroetan, eta 6.481 kotizatzaile gehiago ditu Gizarte Segurantzak.

Gobernuek ontzat jo dituzte datuak, eta historian atzera egin dute beren poza justifikatzeko. «Irailik onena izan da 2006az geroztik», ziurtatu du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak. Nafarroako Gobernuak, berriz, azaldu du krisia hasi zenetik inoiz ez zela langabezia hainbeste jaitsi irailean, eta Espainian gora egin duela azpimarratu du.

Sindikatuek, bestalde, gogorarazi dute ez direla desagertu Hegoaldeko lan merkatuaren ohiko gaitzak: lan kontratu gehiago egin dira, baina oso motzak dira gehienak, eta lanik ez dutenen erdiek ez dute inolako saririk jasotzen.

LANGABEZIA
Bi hilabete atzera

Abuztuan galdutakoa berreskuratu du Hego Euskal Herriko lan merkatuak. 144.071 lagun daude langabezian erregistratuta, uztailean bezainbeste, eta abuztuan baino 3.090 gutxiago. 2008ko abenduaz geroztik soilik ekainean izan da langabeen kopuru txikiago bat (141.719). Ez da baztertu hurrengo hilabeteetan datu hori pixka bat hobetzea, urritik abendura bitarteko hilabeteetan ohikoa baita langabezia jaistea.

Lurralde guztietan egin du behera langabeziak, baina Bizkaian beste inon baino gehiago (-1.490). Jaitsiera apalena Gipuzkoak izan du (-368), baina hark du langabezia tasa txikiena (%8,86). Hegoalde osoko tasa %10,65 da: hortik behera dago Nafarroa (%9,57), eta gora, aldiz, Araba (%11,93) eta Bizkaia (%12,02).

Sektoreei dagokienez, aurretik enplegurik ez zutenen artean soilik handitu da langabeen kopurua (+419). Uda pattal baten ondoren, datu positiboa eman dute industriak (-388) eta eraikuntzak (-275), baina zerbitzuetan sortu da enplegu gehien (-2.598). Ohi den moduan, oporretan soldata ez ordaintzeko udan kaleratzen dituzten irakasleak eta hezkuntza adarreko beste langile batzuk dira horietako asko. Urrian ere gora egiten du enpleguak hezkuntzan.

Langabeen %58 emakumezkoak dira (%13,04ko tasa), eta %42 gizonezkoak (%8,47ko tasa).

AFILIATUAK
Herenak bueltan dira

Udako hilabeteetako daturik kezkagarriena Gizarte Segurantzaren afiliazioaren beherakada handia izan zen: 18.700 langile desagertu ziren bat-batean, eta ekonomiaren motelaldiak lan merkatuan utzitako lehen arrastotzat jo zuten askok. Goizegi da esateko motelaldi horrek ez duela eraginik izan, baina iraileko datua ez da txarra, udan galdutako lanpostuen heren batetik gora berreskuratu baitira. Iazko irailean baino 29.000 lagun gehiago ari dira Gizarte Segurantzan kotizatzen. Edonola ere, oraindik nahiko urrun dago afiliatuen marka historikoa, 2008ko uztailean ikusitakoa: 14.500 afiliatu falta dira.

Autonomoen kopuruan, etxeko langileetan eta itsasoko beharginetan ez da alde nabarmenik, baina bai, ordea, nekazarien erregimenean; mahats uztaren bilketaren eraginez, 988 afiliatu gehiago ditu adar horrek.

KONTRATUAK
Asko, baina motzak

Lan merkatuak irailean izan duen mugimenduaren erakusgarri da kontratu kopuru handia: 141,897 sinatu ziren hilabete horretan, abuztuan baino 45.000 gehiago, eta iazko irailean baino ia 12.000 gehiago. Kontratu horietako gehienak motzak dira, horietako batzuk egun batzuetakoak baizik ez. Horregatik, analisi negatiboa egin dute sindikatuek. «Euskadin, pertsona bat langabeziatik ateratzeko 40 kontratu behar dira», ziurtatu du CCOOk, eta prekaritatearen aurkako borrokan patronalarekin lerratzea egotzi dio Eusko Jaurlaritzari. «Jaurlaritzak erabaki behar du Confebaskentzat bakarrik gobernatu nahi ote duen, ala beste herritarrentzat ere gobernatuko duen, langile klasearentzat batez ere».

Kontratu asko izan direnez, kontratu mugagabeak aspaldi ez bezala izenpetu dituzte, baina oraindik ez dira hamarretik bat ere. Zehazki, %8,88 izan dira.

LANGABEZIA SARIAK
Koska txiki bat gora

Langabeen estaldura oso txikia dela salatu dute berriro sindikatuek, eta arrazoia eman behar izan diete Gasteizko eta Iruñeko gobernuek. Edonola ere, estaldura horrek koska txiki bat egin du gora abuztuan —ordukoa da azken datua—, aspaldiko partez langabeen erdiek baino gehiagok (%50,17) jaso baitute sariren bat.

Langabezia sari arrunta %32,85ek kobratu zuten: uztailean 1,2 puntu gehiago, eta iazko abuztuan baino 3,2 puntu gehiago.

ELAk emandako datuen arabera, batez beste 840 eurokoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 878 eurokoa Nafarroan. «Maiatzetik beherakada garrantzitsua izan dute».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna