UPNk martxoaren 29an egingo du kongresua, gerorako erabakigarria

Datorren astean batzordeak osatuko dira barne funtzionamenduko araudiei, printzipioei eta egitarauari buruzko txostenak lantzeko. Javier Esparzari aurre egiteko asmoa azaldu du Sergio Sayasek

Atzo, kontseilu politikoa egin zuen UPNk Iruñeko Blanca de Navarra hotelean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Oraingo bidetik jarraitu edo eraberritu. Hautu hori egin beharko dute datozen hilabeteetan UPN alderdi barruan. Atzo goizean kontseilu politikoa bildu zen, eta, amaitu ostean igorritako prentsa oharraren arabera, XII. kongresuari data jarri dio: martxoaren 29a. Lau urtean behin egin ohi dute biltzarra, eta, aurreko aldietan bezala, oraingo honek aurrera begirako ildoa eta alderdiaren lema hartuko duen zuzendaritza taldea aukeratuko ditu. Dena den, beste legealdi batez oposizioan geratu ondoren, etorkizunera begira erabakigarri izan daiteke kongresua, batik bat Navarra Sumaren apustuarekin zer egin erabakitzeko orduan.

Kongresu horri begira, datorren astetik aurrera, hiru hilabete pasako eztabaida prozesu bati ekingo dio alderdiak. Lehenik eta behin, batzordeak osatuko dira, eta alderdiaren funtzionamendu araudiari, printzipio politikoei eta programa ekonomiko eta sozialari buruzko txostenak landuko dituzte.

Martxoaren 10etik 12ra

Onartutako prozeduraren arabera, txosten horiek landu ostean, kontseilu politikoak berak eztabaidatuko du haren edukia. Horren ondotik, Nafarroan barreiatuta diren egoitzetara zabalduko dituzte agiriak, militantziak irakurri eta zuzenketak aurkez ditzan. Prozesu hori amaitzen denean, alderdiaren goi kargudunak aukeratzeko epea irekiko da. Aurreko prozesu hori bide onetik badoa, alderdiak espero du martxoaren 10 eta 12 artean izatea kargudunen aukeraketa.

Gaur egun, Javier Esparza da presidente, baina haren adibideak ondo islatzen du zein malkartsua izan daitekeen alderdiko buruzagitzara heltzeko bidea. Izan ere, Yolanda Barcinaren agintaldi amaieran, higadura handia jasan zuen UPNren gobernuak, eta orduko presidente Barcinak uko egin zion hauteskundeetako hautagai izateari. Bozei begirako lehia hartan Esparza gailendu zitzaion Alberto Catalani, baina aurpegi aldaketa ez zen nahikoa izan: 2015eko maiatzeko foru hauteskundeetan, UPNk porrot egin zuen gobernua lortzeko helburuan, eta uda hartan Yolanda Barcinak alderdiko presidentetza utzi zuen behin betiko.

Urte hartako irailaren 27an, alderdiko lema hartu zuen Esparzak behin-behinean, eta, handik hilabete batzuetara egin zen kongresuan, lau urterako hautatu zuten: militanteen %83ko babesa lortu zuen. Oraingo honetan ere presidentetzara aurkeztuko da, eta faborito nagusia da.

Ikusiko da alderdiaren lema hartzeko orduan lehiakiderik izango ote duen aurrean. Asteon, Sergio Sayas diputatuaren izena aipatu da. Oraindik bere hautagaitza ofizial egin ez badu ere, Sayas berak ez du aukera hori baztertu, Cope irratiak egindako elkarrizketan: «Alderdiko pertsonekin hitz egingo dut, eta horren arabera hartuko dut erabakia». Sayasen erabakian eragina izan dezakete kongresurako hautagaiak aukeratzeko hauteskunde primarioetako emaitzek. Navarra Sumaren zerrendako ordena erabakitzeko orduan, Carlos Garcia Adanerori gailendu zitzaion Sayas, nahiz eta azken horrek parlamentuko eledun gisa pisu berezia izan alderdi barruan. Iraganean, alderdia bi bloketan bereizita zenean, Sayas Barcinaren taldekoa zen. Urteotan, zatiketa hori lausotu egin bada ere, Sayasen inguruan jarraitzen dute Maribel Garcia Malo parlamentariak eta Fermin Alonso Iruñeko hautetsiak, adibidez.

Lau urteotan, Esparzak Navarra Suma koalizioaren alde apustu egin du, eta aurpegi berriak sartu ditu parlamentu taldean eta alderdian. Horien artean daude Yolanda Ibañez egungo idazkari nagusia, Jorge Esparza Antolamendu idazkari eta parlamentaria, eta Maria Jesus Valdemoros parlamentuan gai ekonomikoen arduraduna. Halaber, asteon Enrique Maia Iruñeko alkateak baieztatu du ez duela hautagaitzarik aurkeztuko, eta Esparzari babesa adierazi dio.

Talde propioa eskatu dute

Biltzarraz harago, asteon UPNk Espainiako Kongresuan talde propioa erregistratu du, España Plural izenekoa —euskaraz, Espainia Plurala—. Talde horretan UPNko bi diputatuez gain, Coalicion Canaria, PRC Kantabriako alderdi erregionalista eta Teruel Existe leudeke. Halere, arazoak izan ditzakete Kongresuko mahaiaren oniritzia lortzeko —besteak beste, UPN Navarra Suma koalizioarekin aurkeztu zen, eta PPk eta Ciudadanosek taldea dute—. Senatuan, Alberto Catalan senatariak antzeko eskaera egin zuen, baina mahaiak ukatu egin zion. Egun, Vox-ekin dago, talde mistoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.