25 urte eskatu dituzte Lantaronen emaztea hil zuen gizonarentzat

2017an hil zuen Herrerok bikotekidea; hilketa aitortu zuen, eta defentsak hamabost urteko zigor eskaria egin du. Seme-alabek eta biktimaren anai-arrebek deklaratuko dute gaur

2017ko urriaren 2an, Agustin Herrerok Ana Belen Jimenez hil zuen Lantaronen (Araba), eta atzo hasi zen epaiketa, Gasteizen. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Gizonezko batek bere emaztea hil zuen 2017ko urriaren 2an, Lantaronen (Araba). Hiru urte geroago, atzo hasi zen haren aurkako epaiketa Arabako Probintzia Auzitegian. Fiskaltzak 25 urteko espetxe zigorra eskatu zuen Agustin Herrerorentzat, «azpikeriaz eta ankerkeriaz» eginiko hilketa delitua egotzita. Generoaren eta ahaidetasunaren larrigarriak ere bildu zituen txostenean, eta hildakoaren senideentzako kalte ordainak eskatu zituen. Zigor eskari horiek berretsi egin zituzten akusazioek. Defentsak, aldiz, hamabost urteko kartzela zigorra eskatu zuen gizonezkoarentzat, hiltzaileak bere emaztea zena azpikeriaz hil izana aitortu egin zuelako, besteak beste. Larrigarriak bertan behera uzteko eskaria ere egin zuen.

Hain zuzen, Herrerok orain dela hiru urte hil zuen Ana Belen Jimenez. 45 urte zituen, eta, sortzez gasteiztarra izan arren, Lantaronen bizi zen senarrarekin eta bi seme-alabekin batera. Ikerketaren arabera, emakumeak dibortziatzeko prozesua abiatu zuen, bikotekidearekin bizikidetza «eutsiezina» zela iritzita. Gizonezkoak, ordea, ez zuen erabaki hura onartu, eta Jimenez kontrolatzeari ekin zion, besteak beste etxeko sartu-irtenak eta sakelako telefonoko dei eta mezuak kontrolatuta. Seme-alabei ere amak zer egiten zuen kontatzeko eskatzen zien. Azkenean, Turisoko (Lantaron, Araba) etxeko sukaldean hil zuen emakumezkoa, eztabaida baten ostean, mailu bat erabilita. Lehenengo, kolpe bat eman zion buruan Jimenezi, bizkarrez zegoela aprobetxatuta, eta mailukatzen jarraitu zuen hilda zegoela ziurtatu arte. Gorpuak guztira hamabi zauri zituen.

Epaiketan emandako informazioak zehazten duenez, Herrerok aurreko egunetan pentsatutako planari jarraitu zion: sukaldea garbitu, gorpua Jimenezek erabiltzen zuen autoan sartu, eta Miranda Ebrora (Burgos, Espainia) abiatu zen. Bertan utzi zuen autoa, eta emakume batek ikusi zuen gorpua ibilgailuaren barnealdean. Larrialdi zerbitzuetara deitu zuen, autoaren kanpoaldean ere odol arrastoak zeudela antzeman ostean. Poliziak arratsaldean atxilotu zuen Herrero, Gasteizko Mercedes lantegian sartzen ari zen unean. Hark egindakoa aitortu zuen Poliziaren eta epailearen aurrean, eta behin-behineko espetxealdian egon da orduz geroztik.

Epaiketan, fiskaltzak izan zuen lehen hitza. Jakinarazi zuen hamar urteko ibilbidean izan duen kasurik «gogorrena» zela hori, eta legeak halako kasuetan baimentzen duen espetxe zigorrik handiena eskatu zuen Herrerorentzat. Biktimaren seme-alaba bakoitzarentzat 120.000 euroko kalte ordainaren eskaria ere egin zuen, eta anai-arrebentzat 60.000 eurokoa. Gainera, hilketa delitua aipatzeaz gain, azpimarratu zuen «ankerkeriaz eta azpikeriaz» eginikoa izan zela, biktimaren sufrimendua «nahita» areagotu zuelako. Jimenezen anai-arreben abokatuak ere gogoan izan zuen andreak heriotzaren aurretik ere pairatzen zuen indarkeria matxista, eta Clara Campoamor herri akusazioak generoaren larrigarria ere gogoan hartzeko eskatu zion epaileari.

Herreroren defentsak, ordea, atzera bota zituen akusazioek aipatutako zenbait puntu. Hamabost urteko kartzela zigorra eskatu zuen, ankerkeriarik egon ez zela eta generoaren larrigarria ez zela kontuan hartu beharko iritzita. Haren arabera, gainera, garrantzitsua da gizonezkoak hilketa aitortu, erabilitako arma entregatu eta egindako minari erreparatu izana. Erantsi zuen barkamena ere eskatu diela seme-alabei, eta ondasun guztiak eman dizkiela. Hain justu, Herrerok atzo arratsaldean deklaratu zuen, eta soilik bere abokatuaren galderak erantzun zituen. Gertakariak aitortzeaz gain, seme-alabei barkamena eskatu diela eta damututa dagoela adierazi zuen.

Epaiketak datozen egunetan jarraituko du, eta datorren astearen amaierara arte luzatzea aurreikusten da. Gaur, bi seme-alabak igaroko dira epailearen aurretik, baita biktimaren bi anai-arrebak ere; hirugarrena ezin izango da gerturatu, koronabirusaren ondorioz, bakartuta baitago. Halere, epaileak mahai gainean jarri du datozen saioetako batean deklarazio hori bermatzeko aukera, aurrez aurre izan ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.