Sanchezek eta Urkulluk eskumenak transferitzeko agenda berretsi dute

Konpromisoa hartu dute martxorako bost eskumen eskualdatzeko; tartean, kartzelena. Pandemiari aurre egiteko, Urkulluk etxeratze agindua 20:00etara aurreratzeko eskaera berretsi du

BALLESTEROS / EFE.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
2018ko ekainaren 25az geroztik ez zen halako argazkirik, atzo arte. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Madrilera joan zen Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin Moncloako jauregian batzartzeko. Lehen aldia, lehendakariak kargua berritu zuenetik. Aurreko bilera hartako elkarrizketan lehentasuna izan zuen Gernikako Estatutua betetzeko falta diren eskumenen transferentziak, eta atzokoan ere antzera gertatu zen. Balantze orokorra egiteko orduan, bi agintariak ados azaldu ziren estatutua betetzeko konpromiso politikoaren beharra aldarrikatzean, eta aurretik bi gobernuek adostuta zeukaten agenda berretsi zuten. Martxorako bost eskumen «urgentziaz» eskualdatzeko konpromisoa hartu zuten bi aldeek. Hauek lirateke: espetxe sistemena, soldatak bermatzeko funtsarena, errepideko garraioarena, itsasertzaren antolamendu eta kudeaketarena, eta ISBN eta ISNN elikatzearena.

Urkulluk sare sozial bidez azaldu zuenez, Espainiako presidentearekin izandako bilera «eraginkorra» izan zen, eta «bi gobernuen intereseko gaiak konpontzeko aldebiko harremanei eustea adostu» zuten. Estatutua betetzeko falta diren eskumenen agendaz gain, bestelako gaiak ere izan zituzten mahai gainean. Nagusiak, koronabirusari eta bere ondorioei eman beharreko erantzunak, eta krisi ekonomikoari aurre egiteko Europako funtsen banaketa. Baina horrez gain, bestelako hizketagaiak ere izan zituzten: aurrera egiteko zain dauden azpiegiturak, Jaurlaritzak Europan izan beharko lukeen parte hartzea, euskal selekzioen ofizialtasuna, ikus-entzunezkoen lege berria, eta kontzertu ekonomikoaren eguneratzea.

Espainiako Estatuan dagoen «konfrontazio» testuinguruari aurre egiteko elkarrizketaren beharra ere azpimarratu zuten. Alde horretatik, Urkulluk azken urtean behin eta berriro egin duen eskaera berretsi zion Sanchezi: koronabirusaren krisiari aurre egiteko orduan, autonomia erkidegoek gaitasun handiago izan dezatela. Finean, horrek eraginkortasun handiagoa ekarriko lukeelako, lehendakariaren ustez. Horrek lotura zuzena izango luke etxeratze agindua luzatzearen eskaeran. Gogora ekarri behar da Eusko Jaurlaritzak 20:00etara aurreratu nahi zuela agindua, baina Espainiako Gobernuak aukera hori baztertu zuela autonomia erkidegoekin izandako azken bileran. Urkulluk eskaera hori berretsi zion atzo Sanchezi.

Pandemiak sortuko dituen kalte ekonomikoei aurre egiteko Europatik iritsiko diren funtsei begira, bestalde, lehendakariak 188 proiektu biltzen dituen Euskadi Next dokumentua eraman zuen Madrilera. Eusko Jaurlaritzak bidalitako oharrean, ordea, ez dute zehaztu arlo horretan akordiorik lortu ote duten.

PSE-EE, «pozik»

Bilera amaitu berritan, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak adierazpenak bidali zituen ohar bidez. Mendiaren arabera, arduradun publikoek elkarlanean jardun beharra daukate, «are gehiago pandemia egoera batean». Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean harreman ona dagoela zioen, eta, desadostasunak daudenean, horiek «errespetu instituzionaletik» bideratzen direla. Gernikako Estatutua betetzeko falta diren eskumenen transferentzian eman diren aurrerapausoak ikusita, balorazio positiboa egin zuen Mendiak, gogoraraziz bi gobernuetako osaketetan sozialistak daudela, eta, haren esanetan, «hori ez da kasualitatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.