Kristalezko sabaidun eraikinak

Emakume arkitektoek pairatzen dituzten genero desorekak ikertu ditu Veronica Benedet adituak. Emakundek ezinbestekotzat jo du sektorean «genero ikuspegia txertatzea»

Veronica Benedet arkitektoa eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, atzo, ikerlanaren aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Herriko arkitekturak kristalezko sabaia du. Emakume arkitektoek hainbat desoreka eta arrakala pairatzen dituzte beren jardunbidearen fase ia guztietan: irakaskuntza eta ikerketa guneetan, lanbidearen jardun askean, lidergo postuetan eta, batez ere, beren ekarpenek izan ohi duten aitortza sozialean.

Veronica Benedet arkitektoak arrakala horiek ikertu ditu: datu estatistikoak jaso, eta hainbat arkitektoren eta ikasleren testigantzak bildu ditu, Arquitectas (in)visibles en Euskadi. La problemática que oculta esta invisibilización (Emakume arkitekto ikusezinak Euskadin. Ikusezintasun horrek ezkutatzen duen arazoa) izeneko ikerlanean. Emakundek sustatu du proiektua, Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerketa lanei emandako beka deialdiaren barruan. Atzo aurkeztu zuten, Emakumearen Euskal Erakundeak Gasteizen duen egoitzan.

Ikerlanaren aurkezpenean, «emakume arkitektoak ikusgai jartzeak» duen garrantzia azpimarratu du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Haren irudiko, ikusgaitasunak balio du, emakumeen lanari aitortza emateko ez ezik, «neska gazteek esparru horretan erreferente ikusgarriak izateko, baita emakume arkitektoek beren garapen profesionalean dituzten egiturazko zailtasunak azaleratzeko ere».

Arkitekturan «maskulinitatea nagusi» dela esan zuen Landaidak: «Eredu oso maskulinoa dago indarrean; emakumeak prestigiotik eta aitortzatik bazter uzteko joera du». Andreei «zuzenean» eragiten dieten arazoen artean aipatu zituen «soldata arrakala, kristalezko sabaiak, eta lana eta familia bateragarri egitea» , eta nabarmendu zuen, askotan, horrek guztiak profesional horien jarduera «gizonekin berdintasunean garatzea eragozten duela». Egoerari buelta emate aldera, Landaidak ezinbestekotzat jo zuen arkitekturan «genero ikuspegia txertatzea».

Eredu lehiakorra

Benedetek bat egin zuen Landaidaren iritziarekin. Haren irudiko, «gizonezkoen lehia eredua» gailentzen ari da arkitekturan, «boterea eta autoritatea gehiegi balioesten baitira». Eskema horren barruan, emakume arkitektoek bazterketa pairatzen dute, eta sektorean balio txikiagokotzat jotzen diren esparruetara mugatuta ikusten dute beren burua, «gizonezkoen kualifikazio bera edo handiagoa izan arren». Desberdintasun eta arrakala hauek nabarmendu zituen adituak: «Gizartearen aitorpenik eza, gizon arkitektoek egiten duten gauza bera lortzeko ahalegin bikoitza egin beharra, sexismoa eta mikromatxismoak, eremu jakin batzuetan parte hartzeko zailtasunak, soldata arrakala eta lan prekaritatea, eta kontziliazioa eta amatasuna zigor gisara aurkeztea».

Azterketa egiteko, bi metodologia erabili ditu arkitektoak: batetik, estatistika eta datuen analisi kuantitatiboa, eta, bestetik, hainbat arkitektoren eta Arkitektura ikasleren esperientzietan oinarritutako ikerketa kualitatiboa. Bigarren zati horren barruan, hainbat elkarrizketa egin ditu Benedetek. Haren esanetan, testigantzek frogatzen dute bazterketa «ohikoa» dela lanbidean, gaur egun ere. «Elkarrizketatutako arkitektoen eta ikasleen bizi esperientziek agerian utzi dute, halaber, lanbidearen zenbait esparrutan baztertuta daudela, emakume izate hutsagatik».

Ikerlariak azpimarratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aitortza lortu duen arkitekturaren zatirik handiena gizonezkoek egin dutela: «Ia ez dago erreferente femeninorik: oso gutxi dira; horrek ez du esan nahi emakumeek diseinuan eta arkitekturan subjektu aktibo gisa parte hartu ez dutenik. Kontrara: emakume arkitektoak asko dira, baina, tamalez, haien ekarpenak ikusezin bihurtu, isildu, ezkutatu, baztertu edo zigortu egin dira, kultura patriarkalaren ondorioz».

Euskal Herrian badira aitzindari izandako emakume arkitektoak. «1930eko hamarkadara arte, emakumeek ezin izan zuten arkitekto izan Espainiako Estatuan. Matilde Urzelai, Margarita Mendizabal eta Elena Arregi izan ziren EAEko lehen emakume lizentziadunetako batzuk».

1957tik aurrera, Irakaskuntza Teknikoak Arautzeko Espainiako Lege frankistak zabaldu egin zuen esparrua, eta emakume gehiagok eman zuten izena Arkitektura ikasketetan. Maria Teresa Capdevilla Bermejo nafarra izan zen Arkitektoen Euskal Elkargoko kide egin zen lehen emakumezkoa, 1967an.

Hodi apurtu bat

1990eko hamarkadaren amaieratik, emakumezko ikasleak gehiengoa dira Euskal Herriko Arkitektura ikasketetan; hala ere, ikasgeletako feminizazioa ez da islatzen lanbidearen hurrengo faseetan.

Ibilbide profesionalean aurrera egin ahala emakumeen presentzia gero eta urriagoa izateari «hodi apurtuaren efektua» izena eman zion Benedetek. «Emakumeak ez daude behar beste ordezkatuak sektorean: unibertsitatean izena emandakoen %55 eta lizentziadunen %62 dira, baina, aurrerago, jardun profesionala hasten denean, tantaka desagertzen hasten dira, presentzia galtzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.