Jaurlaritzak %50 handituko ditu inbertsioak 2022ko aurrekontuetan

Inoiz baino diru gehiago gastatuko du datorren urteko aurrekontuetan, «susperraldi ekonomikoa bultzatzeko». Aurtengo eta datorren urterako hazkunde aurreikuspenei eutsi die Azpiazu sailburuak

jokin sagarzazu
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Pandemiaren ondorioei inbertsio gehiagorekin erantzun nahi die Eusko Jaurlaritzak. Uste du «haizea alde»duela hori egiteko, «inoiz ez bezalako aukera paregabea». Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak azaldu duenez, horrela pentsatzeko bidea ematen diote aurtengo zerga bilketaren emaitza onek eta Bruselak eta Madrilek berriz ere defizit eta zor arauak malgutu izanak. Era berean, urte amaierarako eta datorren urterako aurreikuspen ekonomiko onei eutsi die Jaurlaritzak (%6,7ko hazkundea aurten eta %6,4koa 2022an), nahiz eta energiaren prezioek eta industriako lehengaien hornidura krisiak «zuhurtziaz» jokatzera behartuko duten. Horiek horrela, ezohiko gastua egitea erabaki du: 13.108 milioi euro, aurten baino %6 gehiago. 1.605 milioi inbertsioetara bideratuko du, %50 gehiago. «Inoiz baino baliabide gehiago izango ditugu, eta azkar gauzatu behar ditugu», esan du Azpiazuk.

Aurrekontuak abenduaren 23an bozkatuko dituzte Eusko Legebiltzarrean. Datorren astean aletuko ditu sailburu bakoitzak bereak. Ondoren, oposizioko taldeekin bilduko da Azpiazu. Gobernuko kideek ez dute beste inoren babesa behar, baina, Voxekin salbu, gainerako guztiekin hitz egiteko prest azaldu da. Bi baldintzarekin: «eskumenen esparrua errespetatzea» eta eskura dauden baliabide ekonomikoekin «koherenteak» izatea. Azpiazuk adierazi duenez, oposizioarentzat zaila izango da aurrekontuei ezetz esatea; ohi bezala, azpimarratu du «hamar eurotik zortzi» gizarte politiketarako direla.

Pandemiaren ondorena

Murriztu dituzten diru sailetako bat da pandemiaren eraginei aurre egiteko iaz sortutako funts berezia (-%36). Horren inguruan sailburuak adierazi du osasun eta hezkuntzarako laguntzak berdin mantenduko dituztela, eta gainerakoa, «zorraren amortizaziora bideratu zitezkeena», sailen gastu ahalmena handitzeko erabiliko dutela.

Betiko moduan, Osasun Sailak izango du aurrekontuaren zatirik handiena; Osakidetzak 116 milioi gehiago jasoko ditu, bereziki COVID-19aren aurkako neurriekin jarraitu ahal izateko. Txertoetan, adibidez, beste bost milioi erabiliko dituzte, hemeretzi guztira. Hezkuntza Sailak, berriz, 127 milioi gehiago izango ditu: hortik 61 milioi langile eta funtzionamendu gastuetarako izango dira, bereziki pandemiaren ondorioei aurre egiteko.

Jaurlaritzak sail bakarrean doitu du bere aurrekontua: Lanekoan. DSBE diru sarrerak bermatzeko errentarentzat bideratutakoa gutxituko du, Azpiazuk argudiatu duenez, Espainiako Gobernuaren bizitzeko gutxieneko diru sarreraren sorrerak DSBEaren onuradunen kopurua gutxitu duelako. Batez beste %3ko igoera izango dute, baina hori motz geratu ahal zaie, KPIaren igoera dela eta. Gizarte laguntzei dagokienez, etxebizitzetakoak igoko dira, azken hamar urteetan lehen aldiz, 25 euro inguru,baita gizarte larrialdietarako laguntzak eta pobrezia energetikoaren aurkakoak ere, %11,8.

Ekonomia eta Ogasun Sailak izango du igoerarik handiena (%42). Finkatuz funtsa indartzeko ahalegin berezia egin nahi du Jaurlaritzak, 50 milioirekin. Euskal enpresa handietan epe luzerako partaidetzak erosteko sortu zuten funtsa 2019ko uztailean.

Jaurlaritzak bere aurrekontuetatik azpimarratutako beste diru sailen artean 1,1 milioiko bat azaltzen da, Parisen ordezkaritza bat irekitzeko. Era berean, 70 milioiko beste bat jasotzen du Espainiako Gobernuak berriki bere esku utzi duen espetxeen eskumenerako. Azpiazuk, halaber, jakinarazi du EAEko administrazioetako langile publikoen soldatek %2ko igoera izango dutela datorren urtean, Espainiako Estatuko funtzionarioek bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.