Bergarako Udalak ezeztatu egin du paper lantegiari eman zion baimena

Udalak atzera bota du baimena, Valogreene Paper BC SM enpresak ez duelako argitu bere jarduera «zehazki» zein izango den. Beste eskaera bat aurkeztu beharko dute

Bergarako udal aginte taldearen agerraldia, iragan astean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Gurutze Izagirre Intxauspe Jone Arruabarrena
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Kezka areagotuz joan da, eta oraingoz geratzea erabaki du. Gorka Artola Bergarako alkateak iragarri du Valogreene Paper BC SM enpresari uztailean behin-behinean eman zioten baimena erretiratzea ebatzi dutela. Euskadi Irratian eman du horren berri. Udalak erabaki hori hartu du, alkatearen hitzetan, enpresak ez duelako modu argian adierazi bere jarduna zein izango den. Izan ere, udalari hirigintza bateragarritasun txostena eskatu zionean, adierazi zuen karea ekoizten zuela. Enpresak Jaurlaritzari Ingurumen Baimen Bateratuaren tramitazioa hasteko egindako eskaera aurkeztu zionean, ordea, «hondakin ez-arriskutsuetarako jarduera» gisa deskribatu zuen egiten zuen lana. Beraz, udalak enpresari eskatu dio berriz ere aurkezteko garatu nahi duen jardueraren gaineko txostena.

Duela hilabete batzuetatik dator afera. Valogreene Paper BC SM enpresaren izenean hirigintza kontsulta aurkeztu zuten uztailean, Bergarako Larramendi industrialdean industriarako karga mineralak modu ekologikoan ekoizteko planta bat ezartzeko. Paper industriaren hondakinak pirolisiz eta errekuntzaz deuseztatzea proposatzen zuen paper enpresak. Horren bidez, Zaldibarrek hondakin horietarako utzitako hutsunea bete nahi zen.

Bergarako Udalak kanpo aholkularitza batekin aztertu du proiektua. Azkenean, Bergarako udal arkitekto zerbitzuburuak eskaerak aztertu ostean ondorioztatu du zehaztugabetasunak daudela, eta horregatik erabaki dute hirigintza bateragarritasunari buruzko txostena baliogabetzea, eta eskatzea argitu dezatela zer jarduera garatuko den. Txosten horri jarraituz erabaki da udalak alkatetza dekretu bidez emandako baimena baliorik gabe uztea. Horrez gain, azaldu dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariari helarazi diotela gertatutakoa.

Bergarako herritarrek eta eragileek ere zerikusia izan dute udalaren erabakian. Izan ere, joan den astean Artolak azaldu zuen lantegiaren inguruan kezka zabaldu zela herrian, eta, ondorioz, udalak txostena berrikustea erabaki zuela: «Hainbat eragilek ere horren inguruko aipamena egin digute alegazio bidez, eta udalak igorritako hirigintza bateragarritasun txostena berrikusteko eskatu digute. Hori berrikusten ari gara, Bergarako arau urbanistikoetara egokitzen den edo ez ziurtatzeko».

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak asteartean adierazi zuen ulertzen zuela herritarren kezka. Dena den, esan zuen Europaren Next Generationeko diru funtsak lortzeko aurkeztutako proiektuen artean zegoela, eta oniritzia ematearen alde azaldu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.