Apostasia ugaritzen ari da

Argentinan, estatua eta Eliza bereizteko kanpaina gehitu zaio abortuaren eztabaidari. Herritar asko tramiteak egiten hasi dira Elizaren erregistroetan parte hartzeari uzteko.

Alde handia dago Elizak dioenaren eta fededunek sinesten dutenaren artean. Irudian, abortuaren aldeko protesta bat Buenos Airesen, abuztuan. D. FERNANDEZ / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2018ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Argentinan, haurdunaldia nahita eteteko legearen inguruko eztabaidak eragin izugarria izan du gizarte osoan, eta agerian utzi du, ezer gutxik bezala, zer-nolako pisua duen Eliza katolikoak estatuaren erabakietan. Eskubideen kontrako taldeen mobilizazioa handia izan zen, baina eskasa izan zen katolikoen parte hartzea, eta eskerga, berriz, ebanjelisten presentzia: izan duten oihartzunaren eraginak ausarturik, jokaleku politikoan zuzenean esku hartzea planteatzen hasiak dira. Bestalde, Eliza katolikoa auzitan jarri izanak ere zenbait ekintza ikusarazi ditu, besteak beste, Apostasia Kolektiboak abuztuaren 8an egindakoa, senatuan abortuaren legearen kontra bozkatu zuten egun berean—gaiaz galdeketa egiteko sinadura eske dira change.org-en—; horren ondorioz, harrigarriro handitu zen eskaria. Era berean, zapi berdez josi ziren kaleak, legearen aldekoen ikur gisa, eta zapi laranjak ere agertu ziren, Eliza eta Estatua Bereiztearen Aldeko Kanpaina Federalaren ezaugarri gisa; kanpainak gero eta jarraitzaile gehiago ditu.

Argentinako Konstituzio Nazionalak honela dio lehen ataleko 2. artikuluan: «Gobernu federalak kultu katoliko apostoliko erromatarra sostengatzen du». Sostengu horren zurigarri, zalantzazko kopuru batzuk darabiltzate. Apostasia Kolektiboa taldearen arabera, «Eliza katolikoak dio berak duela ordezkaritzarik handiena, baina hark berak ematen du argibiderik gutxien hori erakusteko. Ez dago argi zer aldagai erabiltzen diren fededunen kopuruak zehazteko, baina uste da bataioen erregistroetan oinarritzen direla. Era berean, bada beste arazo bat ere: Eliza bera da eskuragarri dagoen informazio iturri bakarra, eta fededunen kopuru horiek nekez eskura daitezke, «material sentiberatzat» jotzen baitira.

Dirudienez, zenbait ikerlanek erakutsitakoaren arabera, Argentinako biztanleen ia %90 daude bataiatuta; dibortzio legea —duela ia 20 urte— onartu zutenetik gaurdaino, ordea, Elizak zokoratu zituen lege asko eta asko nabarmen babestu izan dituzte gehiengo sozial handiek, eta tartean dago bataiatuen ehuneko handi bat. Alegia, alde handia dagoela Elizak zer dioen eta haren ustezko fededunek zer pentsatzen duten. Are, duela zenbait aste, ugaritu egin ziren salaketak, haurdunaldia nahita eteteko legearen alde ager ez zitezen zenbait legegileri hierarkia eklesiastikoak egin zien presioaren ingurukoak. Diputatuek legea onartu arte, ezer gutxi egin du Elizak; harrezkero, ordea, gogor jokatzen hasi da.

Taldeen lana

Abortuaren inguruko eztabaidaren azkeneko astinaldiak egitura sozialeko maila guztietan sumatu dira; baina, batik bat, sinesmen erlijiosoei dagokienetan: esaterako, Estatu Laiko Baten Aldeko Koalizio Argentinarra erakundean —hor biltzen dira hainbat erakunde eta pertsona— eta Apostasia Kolektiboa taldean —hamar urtean baino gehiagoan dihardu lanean—. Horiek guztiak gainez eginda ibili dira azken asteotan, informazio eskaerak direla bide, edota jendea tramiteak egiten hasi dela-eta Elizaren erregistroetako parte izateari uzteko.

Abuztuaren 8an, urrutira joan gabe, 1.200 eskabideri baino gehiagori ekin zitzaien Buenos Aires hirian bakarrik. Eliza eta Estatua Bereiztearen Aldeko Kanpaina Federalak, berriz, ibilbide motzeko ekinaldia izanagatik ere, ikaragarri zabaldu du bere ikonoa, zapi laranjaren eta sare sozialen bidez; horrez gainera, ekinaldi horren aldeko taldeak ere ugaritu egin dira Argentinaren luze-zabal osoan.

Baina espazio erlijiosoa betetzeko borroka ez da ebatzi bakarrik katolikoen eta laikoen artean: ebanjelistek ere toki nagusi bat okupatu zuten eskubideen kontrako taldeen artean. Katolikoek baino askoz ere gaitasun handiagoa erakutsi zuten mobilizatzeko, bai legea bozkatu zen egunean eta bai haren aurreko larunbatean, haurdunaldia nahita eteteko legearen kontra mobilizatzera deitu zutelarik, eta Buenos Airesko erdigunea okupatu.

Fede ebanjelikoa

Argentinan, fede ebanjelikoak herritarren %13 biltzen ditu, fededun ezinago organikoak eta baliabide asko dutenak. La Política Online egunkari digitaleko txosten batek dioenez, Brasilen alderdi politiko bat gobernatzen dute (PRB), eta Record katea eta antzeko beste hedabide multzo batzuk, eta haien ordezkarietako batek gobernatzen du Rio de Janeiro: Marcelo Crivella metodistak. Baina, Brasilen ez bezala, Argentinakoak eskuineko populismo baten forma har lezake, progresismo kirchneristatik eta egungo gobernuaren liberalismotik aldendua.

Haurdunaldia nahita eteteko legearen kontrako garaipenak ausarturik, hauteskunde talde propio bat osatzeko prestatzen hasiak dira. Katolikoek ez bezala, beren burua finantzatzen dute, eta ez dira estatuaren ezein aurrekonturen mendeko; horrek gaitasun handiagoa ematen die negoziaziorako. Argentinako zenbait hiritan, hala nola Rosarion, igandeetan bakarrik, 170.000 fededun ere bildu ohi dira.

Katolizismoaren lerroetan izan ezik, legearen inguruko eztabaidaren eragina honako hauengan sumatzen da nagusiki: batetik, sinesmen erlijiosoek estatuen (estatu laikoen) erabakietan eta aurrekontuetan esku hartzeari utz diezaioten nahi dutenen artean, eta, bestetik, orain jokaleku politikoan bete-betean sartzeko eta eremu horretan sendo jokatzen hasteko abagunea ikusten dutenen artean (ebanjelistak). Legeari buruzko eztabaidaren inguruan sorturiko hausturak oraindik ere ez du uzten argi ikusten askotariko jarrera horiek zer-nolako indarra hartu duten multzo sozial osoan, baina argi dago eragile erabakigarri gisa nabarmentzen hasiak direla etorkizunera begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.