Garbiketa sektorean soldata arrakala 6.000 eurora artekoa dela salatu du ELAk

Emakumeak nagusi diren lanpostuetan jasotzen dituzte sektoreko soldatarik txikienak. Administrazioen esku hartzea eskatu du ELAk, garbiketa azpikontratua baitute

Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
«Ez da kasualitatea sektore feminizatuetan soldata txarrenak eta kontratu prekarioenak egotea. Soldata arrakalaren oinarrian genero arrazoiak daude». Marikruz Elkoro ELAko zerbitzu federazioko idazkari nagusia horrela mintzatu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako garbiketa sektorearen inguruan. Sindikatuak azaldu duenez, urtean 3.500 eta 6.000 euro gutxiago irabazten dute emakume garbitzaileek gizonezkoekin alderatuz gero.

Soldata arrakalaren errealitatea azaltzeko, garbiketako bi atalen arteko konparazioa egin zuen ELAk, atzo, Bilbon. Batetik, kale garbitzaileak daude. Haien artean %80tik gora gizonezkoak dira, eta, peoi edo oinarrizko garbitzaileen kasuan urtean 23.183 euroko soldata dute. Bestetik, eraikin eta lokaletako garbiketa langileak daude, %85 andrazkoak. Kasu horretan, egoerarik okerrenean, urtean kategoria bereko kale garbitzaileek baino %35 gutxiago kobratzen dute. Lan bera egiten duten kategorietan soldatak parekatzeko eskatu du ELAk; hau da, urtean 23.183 euroko gutxieneko soldata eraikin eta lokaletako garbitzaileentzat.

Bi sektoreak %100 ditu azpikontrataturik hiru lurraldeetako administrazioak, eta, beraz, instituzioei egotzi die ardura Elkorok: «Soldata ezberdintasuna arazo politiko larria da, eta bere jatorria generoen araberako lanaren segregazioan datza, aberastasunaren banaketa bidegabean eta sarritan administrazioak ezartzen dituzten murrizketa politiketan». Gogora ekarri dute aurtengo martxoaren 8an izandako greba feministaren harira Eusko Jaurlaritzak egindako adierazpena. Orduan, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi zuen grebaren helburuekin bat zetorrela, gobernua greba deialdira batu ez zen arren. «Koherentzia» eskatu diete instituzioei.

Dena den, egoerak askotarikoak dira lurralde zein alorraren arabera. Gipuzkoaren kasuan, esaterako, %2 eta %22 artekoa da arrakala. Amaia Pintado Gipuzkoako garbiketa ordezkariak zergatia azaldu du: «Hitzarmen batzuetan antolakuntza eta borroka sindikalaren ondorioz, administrazioaren langileekiko berdintasunerantz aurrera pausoak eman dira. Osakidetza, hezkuntza eta hainbat udaletxetako garbiketa, esaterako. Une honetan negoziazio mahai ugari daude zabalik, baina fase ezberdinetan daude».

Borrokatik berdintasunera

Sindikatuko ordezkariek gogora ekarri nahi izan dituzte baita aurretiaz garbiketaren esparruan berdintasunari lotuta emandako beste urrats batzuk ere. «35 orduko lan astearen alde borrokatu eta lortu genuen, eta bere garaian oso zaila zirudien. Administrazioko hainbat azpikontratatan lortu genuen soldaten parekatzea», dio Elkorok. «Garaipen» horrekin alderatu du Pintadok oraingo borroka: «Hasiberritan daukagu gipuzkoako eraikinekin eta lokalekin hitzarmena. Segur aski negoziazioa gogorra izango da, baina 35 orduak ere hala izan ziren».

Bada, soldata berdintasuna bermatua duen adibiderik ere. Gipuzkoako aldundia, kasurako. Irailean lortu zuten akordioa, eta Pintadok «historikoa» deritzo lorpe- nari. Gainerako negoziazioetarako adibide gisa balioko diela uste du.

Gipuzkoako aldundian ez bezala, Bizkaikoan diharduten garbitzaileei ez diete soldata berdintasuna bermatu. Horrela salatu du Maite Elizegi Bizkaiko garbiketa ordezkariak: «Aldundiko garbitzaileen %95 emakumezkoak dira, eta 2010etik ez dute soldata igoerarik izan. Borondate politiko kontua da Gipuzkoan egin duten bezala Bizkaian ere soldatak berdintzea». Elizegik jakinarazi duenez, urriaren 29an gaia jorratzeko batzarrera deitu zuen administrazioarekin. Azken adibide gisa, Gipuzkoako komisaria eta epaitegietako langileak aipatu dituzte. Enpresarekin egindako negoziazioaren bidea agortuta, greba mugagabea hasi zuten irailaren 19an. Komisarietan %12 da arrakala; eta epaitegietan, berriz, %7.

Hori dela eta, ELAko kideek jakinarazi dute soldata berdintasuna bermatzeko kanpaina hasiko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.