Hamar herritarretik lauk erabili dute inoiz Internet erosketak egiteko EAEn

Kontsumobidek sareko kontsumitzaileen ohiturak aztertu ditu. Institutuak ohartarazi du erabiltzaile gehienek ez dituztela ezagutzen dagozkien eskubideak

Kontsumobideko zuzendari Nora Abate, atzo, Bilboko agerraldian. IREKIA.
aitor biain
2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Gero eta erabiltzaile gehiago ditu Internetek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; inoiz baino gehiago dira: hamar herritarretik ia zortzi konektatzen da sarera egun, zehatz esateko. Eta gero eta erabiltzaile gehiagok aukeratzen du Internet erosketak egiteko. Hala adierazi du Kontsumobidek. Herritarrek merkataritza elektronikoan kontsumitzeko dituzten ohiturak aztertu ditu Kontsumoko Euskal Institutuak, eta ondorioztatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %40k erosi dutela inoiz Internet bidez. Atzo aurkeztu zuen txostena Nora Abate erakundearen zuzendariak, Bilbon.

Ohiturak aldatzen ari dira kontsumitzeko garaian, eta gero eta gehiagok egiten dute sareak ematen dituen aukeren alde. Hain zuzen, Arabako, Bizkaiko eta GipuzkoakoInterneteko erabiltzaile guztien herenak ohiko erosleak dira sarean, hau da, urtean hamar erosketa edo gehiago egin dituzte. Adin tartea zenbat eta txikiagoaizan, halere, kopuru horrek gora egiten du: 26 eta 35 urte arteko herritarren %58 dira ohiko erosleak, eta 36 eta 45 urte artekoen %41.

Batez ere erosotasuna argudiatzen dute herritarrek merkataritza elektronikoaren alde zergatik egiten duten azaltzean. Bigarren mailan leudeke prezioak txikiagoak izatea eta denbora aurreztea. Nolanahi ere, badirudi probatzen duen orok errepikatu egiten duela. Izan ere, azken urtean erosketak sarean egin dituzten hamar herritarretik ia lauk onartu dute handitu egin dituztela.

Plataforma handietan egiten dituzte erosketak kontsumitzaileek %74k, baina baita denda fisikoak dituzten enpresen webguneetan eta bigarren eskuko produktuen plataformetan ere. Bidaiak, arropak eta osagarriak, eta ikuskizunetako sarrerak dira azken urtean sarean gehien erositakoak. Azken urtean Internet bidez erosi dutenen %41ek aitortu dute 500 euro baino gehiago gastatu dituztela gisa horretara.

Kontsumobidek ohartarazi du, halere, sarean ibiltzen diren kontsumitzaile gehienek ez dituztela ezagutzen dagozkien eskubideak. «Harrigarria da erosketetan arazoren bat izanez gero zer egin behar den ez jakitea», azpimarratu du Abatek. Kontsumobidek nabarmendu du kontsumitzaileen %2k bakarrik dakitela erositako produktua itzultzeko epea 30 egunekoa dela kontrakorik adierazi ezean, eta 14 egunekoa, berriz, inolako arrazoirik eman beharrik gabe itzultzeko.

Kontzientziazio kanpaina

Kontsumitzaile gehienak gustura daude, oro har, merkataritza elektronikoarekin, eta gero eta gogobeteago daude urtetik urtera. Soilik %17ak aitortu dute «arazo nabarmenik» eduki izana azken urtean. Hain zuzen, sareko erosketei dagokie Kontsumobiden egiten diren erreklamazioen hamarretik hiru.

Hori horrela, Internet bidezko erosketak modu seguruan egin ahal izateko informazio eta kontzientziazio kanpaina bat abiarazi du institutuak. Hainbat gomendio eman ditu horretarako: saltokiaren segurtasun maila egiaztatzen duten adierazleak identifikatzea, aldez aurretik ez ordaintzea, eta erosketaren agiri guztiak gordetzea, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.