Hizkuntza aniztasuna bermatzeko eskatu diote Espainiako Estatuari

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta hainbat gizarte eragilek alderdiei eskatu diete konpromiso «irmoak» hartzeko, «zabaltzen ari diren mehatxuei aurre egiteko»

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Donostian egindako prentsaurrekoa, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Donostia
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Hizkuntza aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia izeneko dokumentua aurkeztu dute Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten hainbat gizarte eragilek. Estrategia partekatu bat adostu dute, Espainiako Estatuari eskatzeko berma dezala hizkuntza aniztasuna. Dokumentu horretan eskatzen diete alderdi politikoei zenbait konpromiso hartzeko, «bidezko gizarte plurala eta demokratikoa bermatzeko». «Aldibereko agerraldia» izan zen atzokoa, Donostian ez ezik Pontevedran (Galizia), Valentzian eta Bartzelonan (Herrialde Katalanak) ere egin dituztelako prentsaurrekoak.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian egin dute dokumentu bateratua, eta aragoieraren, asturieraren, euskararen, galizieraren eta katalanaren aldeko hainbat eragileren arteko elkarlanaren fruitua izan da. Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi du eragileek duten kezka izan dela estrategia abian jartzeko arrazoi nagusia: «Kezkatuta gaude hainbat alderdik mehatxuak egin dituztelako. Esan dute maiatzetik aurrera gaztelania ez den hizkuntzetan bizitzeko eskubidea are gehiago murriztuko dutela. Lege berriak onartuko dituztela diote, berezko hizkuntzen eta gaztelaniaren arteko desoreka areagotzeko».

Bilbaok azaldu du aldaketa horiek «inboluziorako jarrera areagotu» egin dezaketela, eta horregatik erabaki dutela «iniziatiba hartzea». Azpimarratu du alderdiei egin dieten eskaera: «Estrategia bat adostea erabaki dugu, iruditzen zaigulako alderdi politikoek erantzukizunez jokatu behar dutela; ez da nahikoa gaitzestea hainbat alderdi hizkuntza gutxituen inguruan esaten ari direna. Harresi bat eraiki behar da, eta, horretarako, beste gizarte bat eraikitzeko borondatea izan dezaketen alderdiek konpromiso zehatzak hartu behar dituzte».

Aurkeztu berri duten dokumentua «lehen urratsa» da estrategia horretan. Txostenak bi atal nagusi ditu: batetik, «oinarrizkoak» diren lau premisa azaltzen ditu, Bilbaok esan duen arren ez dutela hizkuntza bakoitzaren azterketa zehatz bat egin; eta, bestetik, alderdiek «hartu beharko lituzketen» sei konpromiso zehazten ditu. Bilbaok azaldu du zein diren premisa horiek: «Hasteko, hizkuntza eskubideak giza eskubideak dira, eta erabilera da demokraziarako, askatasunerako eta aurrerapenerako bermea; bestalde, hau ez da kapritxoz egindako eskakizun bat, guretzat duintasunez bizitzea baita gure hizkuntzan bizitzea, eta eskubide osoz egin nahi dugu; horrez gain, gaur egun, estatuko testuinguruan, milioika hiztunez ari gara diogunean ezin garela askatasunez bizi; eta, azkenik, hainbat itun egin izan dira, eta iruditzen zaigu badela garaia itun horiek behar bezala betetzeko».

«Lau premisa horiek jarri ditugu oinarri, baina konpromiso zehatzak eskatu dizkiegu alderdiei», azpimarratu du Haizpea Abrisketa Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko proiektuetako arduradunak. Abrisketak nabarmendu du alderdi politikoek «beren gain» hartu behar dituztela konpromisoak, eta «aurrera eraman behar» dituztela: «Aipatutako premisa horiek alderdiek utzi duten desorekarekin amaitzeko hartu beharreko neurriak dira».

Hurrengo urratsak ere zehaztu dituzte Bilbaok eta Abrisketak: «Alderdi politikoei aurkeztuko diegu proposamena, eta dokumentu honekin bat egiteko eskatuko diegu». Adierazi dute ekainean gainerako eragileekin biltzekoak direla, Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.