Johnsonek dio ez duela «inolaz ere» eskatuko irteera dataren atzerapena

Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi du ez duela boz aurreraturik nahi. Itunik gabeko 'brexit'-a blokeatzeko lege proiektua aurkeztuko dute gaur Komunen Ganberan

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, agerraldia egitear zela. NEIL HALL / EFE.
ander perez zala
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Erronka bota die Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak akordiorik gabeko brexit-aren aurkakoei. Herrialdea Europako Batasunetik (EB) urriaren 31n ateratzeko asmoa berretsi zuen atzo, eta, aldi berean, ohartarazi zuen ez duela planik data horren aurretik hauteskunde aurreratuetara deitzeko; hortaz, finean, argi utzi zuen EBri ez diola «inolaz ere» eskatuko irteera data atzeratzea.

Erresuma Batuko Parlamentua datorren astetik urriaren 14ra ixteko erabakia hartuta, Johnsonek hamaikagarren aste erabakigarrian murgildu du brexit-aren prozesua. Hori eginda, diputatuei soilik hiru bat asteko tartea utzi die haren planari aurre egiteko: egoera edozein dela ere —itun batekin edo gabe—, herrialdea zortzi aste barru atera dadila EBtik.

Komunen Ganberako diputatuen zati handi bat gehiengoa izan liteke— itunik gabe ateratzearen aurka dago, eta, hortaz, espero baino denbora gutxiago dutela kontuan hartuta, aukera hori blokeatzeko asmotan dira asteotan, parlamentuan, lege proiektu bat aurkeztuta.

Erresuma Batuko lehen ministroak atzo esplizituki eta inplizituki esan zuenaren artean, ordea, badago tartea, lege proiektu horren arrakastaren araberako plana utzi baitzuen agerian. Adierazita ez duela hauteskunderik nahi, baina aldi berean ez duela irteera dataren hirugarren atzerapena onartuko, Johnsonek bi aukera jarri zituen mahai gainean, era inplizituan: batetik, diputatuek lege bidez itunik gabeko irteera blokeatzen badiote ez duela hori errespetatuko; bestetik, hori egiten badute hauteskundeetara deitzeko mozioa aurkeztuko duela Komunen Ganberan.

Johnson toryen primarioetan gailenduta aukeratu zuten lehen ministro, eta, beraz, ez du herritarren zuzeneko botorik jaso. Horretaz jakitun da, eta ez da beldur hauteskunde batzuetan lehiatzeaz, oraingoz bada ere inkestak aldeko baititu. Baina haren estrategia zera da: bozak aurreratzen saiatzeko beharra badago, ez dadila haren iniziatibaz izan, diputatuek sorturiko egoerak behartuta baizik.

Hori egiteko, Komunen Ganberaren bi herenek onartu beharko lukete bozak aurreratzea, eta badirudi ez litzatekeela arazorik izango, atzo laboristen buruzagi Jeremy Corbynek eta Eskoziako Alderdi Nazionalak adierazi baitzuten hori egitearen aldekoak direla. Hori gertatuko balitz, litekeena da hauteskundeak urriaren 14ko astean izatea; alegia, Europar Kontseiluaren goi bileraren aste berean, eta irteerarako hamalau egun falta direla.

Diputatuen plana

Aste honetan argituko da Johnsonek era inplizituan eta esplizituan esandakoak beteko ote diren, eta gaurtik aurrera diputatuek egingo dutenaren araberakoa izango da.

Akordiorik gabeko irteera blokeatzeko lege proiektua aurkeztekotan dira gaur, Komunen Ganberako agendaren kontrola hartzearekin batera. Lege proiektu hori onartuz gero, bi aukera emango lizkiokete lehen ministroari: urriaren 19rako EBrekin beste akordio bat adostea edo parlamentuaren baimena lortzea akordiorik gabe irteteko.

Johnsonek ez badu lortzen aukera horietako bat betetzea, legeak behartuko luke irteera data datorren urteko urtarrilaren 31ra atzeratzeko eskaria egitera. Europar Kontseiluak data hori onartuko balu, lehen ministroak ere baiezkoa eman beharko lioke hirugarren atzerapenari; eta, Europar Kontseiluak beste data bat proposatuko balu, kasu horretan ere Johnsonek onartu egin beharko luke proposamena. Hori da, oraingoz, diputatuek marraztu duten bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.