Hirugarren gradua eskatuko dute buruzagi independentistek

Espetxeetako batzordeek proposatu dute Kataluniako buruzagi independentistei bigarren gradua ezartzea. Sanchezek iragarri du Torrarekin bilduko dela datorren astean

Kataluniako prozesu independentistaren kontrako auzia, joan den maiatzean, Espainiako Auzitegi Gorenean. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Espetxean diren Kataluniako buruzagi independentistak bigarren graduan sailkatzea proposatu zuten atzo Lledoners, Puig de las Basses eta Mas d'Enriceko kartzeletako batzordeek. Erabakia ez dute aho batez hartu, baina hirugarren graduaren aldekoak gutxiengoa izan ziren. Espetxeen proposamenak aurrera egingo balu, presoek ezin izango lukete espetxetik irteteko baimenik eskuratu gutxienez zigorraren laurden bat bete arte. Horrek esan nahi du zigor handiena duen Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiak —hamahiru urteko espetxe zigorra du— ezin izango duela baimenik eskatu 2021eko urtarrilera arte, aurretik onuraren bat aitortzen ez badiote. Jordi Pina abokatuak aurreratu du hirugarren gradua eskatzeko helegitea aurkeztuko dutela, bigarren gradua ezartzen bazaie.

Espetxeetako batzordeen proposamena aztertu beharko dute orain Kataluniako Gobernuko Justizia Kontseilaritzaren Kartzela Zerbitzuek. Proposamena berresten duten ala ez erabaki behar dute. Ohikoena izaten da espetxeetako batzordeen irizpideari jarraitzea, baina Generalitateak eskumena du irizpide horri ez jarraitzeko ere. Hau da, espetxeratutako buruzagi independentistak hirugarren graduan sailkatu ditzake, egoki iruditzen bazaio. Bi hilabete ditu erabakia hartzeko.

Kartzela Zerbitzuek erabakitzen dutena erabakitzen dutela ere, aldeek helegitea jartzeko aukera izango dute. Lehen instantzian, espetxe zaintzako epailearen aurrean, eta, bigarren instantzian, sententzia ezarri duen epailearen aurrean; kasu honetan, Espainiako Auzitegi Goreneko Manuel Marchena magistratuaren aurrean.

Jordi Pina abokatua Lledonerseko espetxean izan zen atzo arratsaldean, Jordi Turull, Josep Rull eta Jordi Sanchez bere bezeroekin, batzordeen erabakia aztertzen. Kartzelatik irteterakoan adierazi zuen zigortutako buruzagi independentistei hirugarren gradua dagokiela. «Ez dago leporatzen zaien delitua berriro egiteko modurik». Abokatuak nabarmendu zuen batzordeko kideen artean iritzi desberdinak daudela. «Jarrera bateratu bat ez egoteak pentsarazten digu gaia nahiko eztabaidagarria dela».

Kartzela Zerbitzuen erabakiaren zain geldituko direla jakinarazi zuen Pinak, hirugarren gradua ezarriko zaiela espero izateko nahikoa argudio dituztela iritzita. Aurreratu zuen helegitea aurkeztuko dutela presoei bigarren gradua ezartzen bazaie.

Kataluniako Gobernuaren Espetxe Zerbitzuetako idazkari Amand Calderok (ERC) zuhur hitz egin zuen, eta argi bereizi nahi izan zituen auziaren «alde politikoa eta teknikoa». Ziurtatu zuenez, Generalitatearen erabakia profesionala izango da. «Argi daukat nire uste pertsonalek ezin dutela auzitegi baten sententzia moldatu». Erabakia ez da Eguberriak baino lehenago hartuko, Calderoren hitzetan.

JxC eta ERC, aldenduta

Erabakiaren gaineko balorazioek agerian utzi dute beste behin alderdi independentisten arteko desadostasuna. JxCren esanetan, batzordearen erabakia «etsigarria» izan da. Josep Costa Kataluniako Parlamentuko presidenteordeak adierazi du presoek baldintza guztiak betetzen dituztela hirugarren graduan sailkatuak izateko, baina, «presio politiko eta mediatikoak» eragin zuzena izan duela kartzeletako batzordeen erabakian.

ERCren parlamentari taldeko presidente Sergi Sabriaren hitzetan, berriz, ezin zaio presioa «teknikariei» jarri. ERCk errespetua adierazi du batzordeek egin duten proposamenarekiko, eta gaineratu du «gudua» hasiko dutela presoak lehenbailehen kalean egon daitezen.

Sabriak azaldu du aukera desberdinak aztertuko dituztela presoek espetxetik irteteko baimenak eskuratu ditzaten. Aukeretako bat da hirugarren gradua eskatzea, helegite bidez. Beste aukera bat da Kartzela Araudiko 100.2 artikuluaren onurak bilatzea. Artikulu horren bidez, bigarren graduan diren presoek hirugarren graduari dagozkion hainbat abantaila jaso ditzakete. Horien artean, kartzelatik irteteko aukera, lan egitera joan ahal izateko.

Bigarren graduak ez bezala, 100.2 artikuluak ez du ezinbesteko baldintza gisa jasotzen zigorraren zati jakin bat beteta izatea. Gainera, neurria berehala jar daiteke indarrean, ondoren espetxe zaintzako epaileak oniritzia eman behar badio ere. Hau da, Kartzela Zerbitzuek onurak aitortu bezain laster ezarriko litzaizkieke presoei, eta horien aplikazioa ez litzateke etengo kontrako helegite bat aurkeztu arren. Soilik epailearen kontrako ebazpen batek indargabetuko lituzke.

Artikuluaren malgutasuna ere aipatu dute adituek, ez baitu zehazten presoek astean zenbat egunetan egin dezaketen lan espetxetik kanpo, edo zenbatetan egin behar duten lo kartzelan. Horrez gain, onura horiek ohiko baimenekin uztartu daitezke.

Presoen sailkapenari buruzko erabakia Pedro Sanchez Espainiako presidentearen inbestidurarako negoziazio betean heldu denez, kazetariek Sabriari galdetu zioten ERCren eta PSOEren elkarrizketen parte al diren presoen egoera eta fiskaltzak auzi horretan har dezakeen jarrera. Sabriak erantzun zuen «elkarrizketa garbia eta egiazkoa izan dadin» derrigorrezkoa dela «errepresioa» baztertzea.

Quim Torra Kataluniako presidenteak ERCren eta PSOEren arteko elkarrizketak izan zituen hizpide atzo, Kataluniako Parlamentuan, eta ERCri gogorarazi zion amnistiaren eta autodeterminazioaren aldarrietan oinarritzen dela independentismoaren «akordio nazionala».

Sanchez-Torra bilera

Felipe Borboikoa Espainiako erregeak Sanchez proposatu zuen atzo inbestidurarako hautagai, eta hark iragarri zuen Torrarekin eta autonomia erkidegoetako gainontzeko presidenteekin bilera bana egingo duela datorren astean. Horrez gain, PSOE Espainiako talde politiko guztiekin bilduko dela ere aurreratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.