Lituaniara ihes egin du Bielorrusiako oposizioburuak

Bozen emaitzen aurkako iruzur salaketa jartzera zihoanean ordu batzuez atxilo hartu dute Tikhanovskaia. Protestak egin dituzte presidentearen aurka, eta 2.000tik gora dira atxilotuak

Emakume bat garaipen keinua egiten, bezperan manifestari bat hil zuten tokian, Minsken. TATYANA ZENKOVICH / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Sare sozialetan zabaldutako bideo batean eman du erabakiaren berri Svetlana Tikhanovskaia oposizioko buruak. Bertan presidentegai izan denak aitortu du «oso erabaki zaila» izan dela, eta bere kabuz hartu duela, «inoren presiorik gabe». Hala, onartu du, kanpaina gogor eta indartsu hasi zuen arren, ohartu dela «haurrak direla garrantzitsuena», eta iragarri du Bielorrusia utziko duela. Hala, Aleksandr Lukaxenko presidentearen agintaldia amaitzeko oposizioaren hautagai izan denak Lituanian hartu du babes. Herrialde hartako Atzerri Ministerioak berretsi zuen atzo albistea, eta jakinarazi zuen han geratzeko urtebeteko baimena onartu ziotela. Tikhanovskaiak hara bidaliak zituen bere bi seme-alabak presidentetzako kanpainan sartu aurretik, «segurtasun neurri gisa». Haren senar Sergei Tikhanovski preso sartu zuten maiatzean, hainbat manifestaziotan parte hartzeagatik.

Dena den, ez zen hori izan asteartean sare sozialetan zabaldutako bideo bakarra. Haren aurretik, beste bat ere izan zen ikusgai. Bertan, Tikhanovskaia ageri zen ohar bat irakurtzen, eta herritarrei eskatzen «onar» zezatela Lukaxenkoren garaipena eta eten zitzatela protestak. Irudi horiek zabaldu eta gutxira jakin zen Bielorrusiako segurtasun indarrek oposizioko presidentegaia atxiki zutela, hura igandeko bozen emaitzen aurkako salaketa jartzera joan zenean Hauteskunde Batzordearen egoitzara. Hango komunikabideen arabera, zazpi orduz bakartua izan zuten Tikhanovskaia, eta horren ostean jakinarazi zuen hark erbestera ihes egiteko erabakia. Bigarren bideoan atxiloketari buruzko hitzik esaten ez duen arren, haren ingurukoek berretsi dute «mehatxupean» joan dela atzerrira.

Tikhanovskaiarekin batera egin du ihes Maria Moroz haren kanpaina arduradunak ere. Bozen bezperan atxilotu zuten Moroz, eta handik ordu batzuetara askatu. Tikhanovskaiaren alderdikideek zabaldu dutenez, Bielorrusiako segurtasun indarrek egindako proposamena izan zen presidentegaia Lituaniara joatea, Moroz aske uztearen truke.

Emaitza ofizialen arabera, botoen %80 lortu zituen egungo estatuburuak eta %9,9 Tikhanovskaiak, baina oposizioak ez zituen emaitzak onetsi, ez eta herritarrek ere. Lukaxenkok, ordea, ohartarazi zuen ez zuela onartuko 2014an Ukrainako Gobernuaren eraitsi zuenaren antzeko matxinadarik.

Protestak Minsken

Astelehen gauean protestak lehertu ziren beste behin Minsken, eta Bielorrusiako hiri nagusietan. Poliziak indarrez jo zuen manifestarien aurka, eta, gobernuzkanpoko erakundeen arabera, dagoeneko 2.000tik gora dira atxilotuak eta 200 inguru zaurituak. Hildako bat ere izan zen.

Zenbait lekukoren arabera, manifestariak Poliziaren furgoietan sartzen zituzten eta barruan jo. «Kanpotik entzuten ziren kolpeak eta garrasiak», adierazi zuen kazetari batek. Manifestariek desagertuak ere badirela salatu dute, baina iturri ofizialek ez dute azalpenik eman. Internet zerbitzua bera ere, bozen bezperan bertan behera utzi zutena, ez dute oraindik abian jarri. Lukaxenkok ukatu egin ditu bere aurkako salaketa guztiak, eta Tikhanovskaia «atzerriko indarren menpe» dagoela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.