Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Etxean nahi dituzte, osatzeko

Publizitatea

Politika

Etxean nahi dituzte, osatzeko

Gaitz larriak dituzten presoak askatzeko eskatu dute Gasteizen milaka lagunek. Sarek dei egin dio gizarteari presoen aferan «gidaritza» hartzeko. Madril eta Parisen «mendeku gosea» salatu dute
Milaka lagun gaitz larriak dituzten presoak askatzeko eskatuz, atzo, Gasteizko manifestazioan.
Argazkia: JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

2017-05-07 / Edurne Begiristain

Goratu dute ahotsa, eta ozen salatu dute. Etxean nahi dituztela, eta bizirik. Gaixorik dauden euskal presoak askatzeko aldarriak Gasteizko kaleak bete ditu, milaka lagunek Sarek deitutako manifestazioarekin bat eginda. Eri dauden presoen alde manifestaziora joateko deiak sostengu zabala lortua zuen azken asteotan, eta atzo, babes hori milaka lagunen konpromiso bilakatu zen. Presoen giza eskubideak errespetatzeko eskaerak Gasteizen aspaldian ikusitako mobilizazio jendetsuena ekarri du.

Espainiako Gobernuak presoekin duen «mendeku jarrera» gelditzeko garaia dela eta gaixorik dauden presoak etxeratu egin behar direla aldarrikatu dute milaka lagunek manifestazioan. Larriki gaixorik dauden euskal presoak etxera lelotzat hartuta abiatu da manifestazioa Iparralde gizarte etxetik, 17:30ean. Minutu batzuk lehenago, Joseba Azkarraga Sareko eledunak dei egin dio gizarteari «bake prozesuaren gidaritza» hartzeko eta presoen aferari konponbidea emateko. Gaitz larriak dituzten presoekin Madrilek duen jarrerak, legea urratu ez ezik, «mendeku gosea» ere adierazten duela salatu du. Dena den. Azkarragak ohartarazi du Sarek ez duela etsiko euskal presoak «etxean eta bizirik» ikusi arte.

Jendetsua izan da, oso, mobilizazioa. Azken asteotan eragile ugarik egin dute bat manifestazioarekin, eta ugaritu egin dira presoen eskubideen aldeko mezuak. Azkena, Patxi Lazkoz Gasteizko alkate ohiarena (PSE). Lazkozek eta Azkarragak larri dauden presoak askatzeko eskatu dute Vocento taldeko egunkarietara bidalitako artikulu batean.

Herritar askok egin dute bat eri dauden presoak etxeratzeko eskaerarekin. Txalo artean ekin dio ibilbideari manifestazioak, Frantzia kaletik, Bakea kalera, handik Independentzia kalera joan eta Foruen Plazan amaitu. Pankarta nagusiaren atzetik, lehen ilaran, gaitz larriekin preso dituztenen senideak, Sareren Salatzen dut dinamikako hatz erakusleak eskuan hartuta. Ikurretan, presoen izenak: Ibon Fernandez, Ibon Iparragirre, Jagoba Codo, Txus Martin, Josetxo Arizkuren, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Gari Arruarte, Iñaki Etxeberria, Manu Azkarate, Aitzol Gogorza, Joseba Borde eta Gorka Fraile. Horrela gogoratu nahi izan dute gaitz larriak dituzten presoen zerrenda luzea dela, eta handituz doala. Gaur egun hamabi preso daude gaitz larriekin, baina beste hamar kasu ere badira, nahiz eta ez duten beren egoeraren berri eman nahi modu publikoan.

Manifestazioan oihu bakarra entzun da: Preso gaixo larriak etxera. Bakarra izan da, baina ozen entzun da, ibilbidearen hasieratik amaieraraino. Foruen Plazara iristean, txalaparta doinuek hartu diote lekukoa aldarriari. Lepo bete da plaza.

«Mendekuzko jarrera»

Esker oneko hitzak izan dituzte antolatzaileek Gasteizko kaleak salaketa oihuekin bete dituztenentzat. «Gaixo dauden presoen egoera salatzeko garaia delako». Hala nabarmendu dute Xabier Euzkitzek eta Estitxu Garaik ekitaldian irakurri duten mezuan. «Salatzen dugu Espainiako eta Frantziako Gobernuek eta beren organo judizialek ez dutela betetzen beren legeria eta Europakoa». Oroitarazi dute osasunerako eskubidea «eskubide unibertsala» dela eta pertsona guztiei zor zaiela, «aske zein preso egon». Horregatik, gaitzetsi egin dute gaixorik dauden presoekin Madrilek duen «mendekuzko jarrera», espetxean atxikitzen dituelako aske beharko luketen pertsonak.

«Larriki gaixo dauden presoak berehala askatu behar dira, baina ez hil daitezen, askatasunik gabeko urte horietan galdutako osasuna berreskura dezaten baizik», azpimarratu dute. Hala, herritarrei dei egin diete «adi» egoteko eta «isilik» ez geratzeko, eri dauden presoak etxeratu arte.

Publizitatea

Sortu kontua
Edurne Begiristain Edurne Begiristain

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak