Zentrala, haztegi izatear

Euskal Herriko borroka nuklearraren ikurra izan da Lemoizko zentral nuklearraren eremua. Orain, eraikina arrain haztegi bihurtu nahi du Jaurlaritzak; ez, ordea, polemikarik gabe.

Lemoizko zentral nuklearra, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Lemoizko zentral nuklearrak 36 urte daramatza itxita, baina lursailaren etorkizuna erabakitzeko dago oraindik. Iberdrola enpresarenak dira instalazioak eta eremua, eta Espainiako Gobernuari itzultzear da. Hark Eusko Jaurlaritzaren esku utziko luke, Madrilek eta EAJk iaz sinatutako akordioaren arabera, Azti zentro teknologikoarekin batera, arrain haztegi erraldoi bat egiteko. EH Bilduk salatu du era horretan Iberdrolak ez liekeela aurre egin beharko eremuan dituen betebeharrei.

Jaurlaritzak arrain haztegi bihurtu nahi du zentral nuklear izan behar zen eraikina, Aztiren babespean. Haztegiak urteko 11.000 tona arrain eman ditzakeela aurreratu zuen Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak. Horretarako, ordea, 44 milioi euroko inbertsioa beharko da, Jaurlaritzak adierazi duenez, proiektuan parte hartzeko prest dauden enpresa pribatuek ordaindu beharko dutena.

Arrantza eta Akuikulturako 2020 Egitasmoaren barruan sartzen da proiektua. Tapiaren esanetan, akuikulturaren inguruan askotariko proiektuak izatea da helburua, «iraunkorrak» direnak, eta enpresen sustapena aurrera eramaten lagunduko dutenak. Eraikina lau edo sei urte barru martxan izatea espero dute, eta bederatzi urte barru errendimendu osoan aritzea. Horiek hala, uste dute urteko 40 milioi euroren irabaziak sor ditzakeela, eta 380 eta 575 lanpostu artean. Halere, hori ez da nahikoa EH Bilduko parlamentari Mikel Oteroren ustez, eta proiektua legez kanpokotzat jo du: «Nahiz eta negozio bat jartzeko kapital pribatua egon, enpresak beharrezkoa aprobetxatuko du, eta gainontzekoa esku publikoetan geratuko da».

Horretarako, ordea, eremuak Jaurlaritzarena izan behar du. Egun, Iberdrolaren esku daude, eta enpresari uztailean amaituko zaio lurren kontzesioa, baina enpresa instituzioekin negoziatzen ari da lehenbailehen eteteko. Urtarrilaren 19an lurrei uko egiteko idatzi bat aurkeztu zuen; hura tramitatzen ari dira.

Eremuaren jabetza utzitakoan, lehengo egoera berean lagatzera behartu dezakete enpresa; hau da, 1972an zentrala eraikitzen hasi aurretiko egoeran. Adjudikazioak hala dio, baina 2017ko maiatzaren 3an Espainiako presidente Mariano Rajoyk eta EAJko EBBeko presidente Andoni Ortuzarrek sinatutako akordioak eraikinetik guztiz bereizteko aukera eman zion Iberdrolari. Iazko Espainiako aurrekontu orokorrak onartzeko akordioa izan zen.

EH Bilduren ustez, ordea, Iberdrolak ordaindu beharko luke eremuaren lehengoratzea. Oteroren esanetan, hala gertatzen ez bada «herritarrek hirugarren aldiz ordaindu beharko dute» Basordako kalako obra: lehena, zentrala eraikitzean; bigarrena, 1984ko moratoria nuklearraren ondorioz; eta hirugarrena, eremua lehengo egoerara itzultzeko. EH Bilduk adierazi du 1985. eta 2015. urteen artean guztira 4.383 milioi euro ordaindu zaizkiola Iberdrolari, faktura elektrikoen bidez, moratoria nuklearra dela eta. Horietatik 2.273 milioi Lemoizko zentral nuklearragatik izan direla azaldu du.

Horiek horrela, inguru naturala lehengoratzeko Iberdrolak bere erantzukizuna izatea eskatu du koalizioak. «Enpresa bati eman zaio eremuaren esleipena, eta hor irabazi batzuk izan ditu. Logikoena da, eta esleipenak ustez hala dio, erantzukizun bat izan behar duela eremua berreskuratzeko edo berregokitzeko orduan», adierazi du Oterok.

Bere jarrera defendatzeko, Kostaldea Babesteko Lurralde Plan Sektoriala aipatu du Oterok. Planaren arabera, eremuan aldaketak egiteko bi aukera daude: tokia zentralaren aurreko egoerara itzultzea, edo lehengoratzearekin bateragarria den jarduera ekonomiko bat egitea. Horretarako «plan berezi bat» egin beharra defendatu du legebiltzarkideak, Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Lemoizko Udalak eta Iberdrolak osatutako batzorde baten bidez.

Espainiako Ingurumen Ministerioak, ordea, ez du arazorik ikusten eremuari egun duen babesa kentzeko, eta hori ez-beharrezko bihurtzeko txostena kudeatzen ari da. Ministerioaren esanetan, eremuak «bere itsasertz ezaugarriak» galdu ditu, eta, beraz, ez du babesik behar. Eraikina eraistea ere ez litzateke beharrezko izango, Jaurlaritzak «eremuak eta instalazioak bereganatzeko asmoa» erakutsi duelako.

Asmo horren inguruan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolari galdera bat egin zion Oterok legebiltzarrean. Hark baieztatu zion eremua lehengo egoerara itzultzea eta berreskuratzearekin bateragarria den jarduera bat egitea direla mahai gainean jarri beharreko aukerak. Sailburuaren esanetan, ordea, egun ez da eremuarekin lotutako proiekturik edo proposamenik aurkeztu sail horretan, ezta arrain haztegiaren ingurukorik ere. «Beraz, ez da inongo erabakirik hartu behar izan», adierazi zuen Arriolak.

Plan berezia

EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioaren arabera, eremua Ingurumen Ministerioak hartuko du lehenik, eta ondoren Jaurlaritzaren eskuetara igaroko da. EH Bilduren ustez, ordea, ez litzateke Gasteizen eskuetan soilik utzi behar. Esku hartze zuzena izan beharko lukete Bizkaiko Aldundiak eta Lemoizko Udalak ere. «Lemoizen daude lurrak. Bere garaian proiektu bat inposatu zitzaien herritarrei, eta, orain, Jaurlaritzak bere gain hartu, eta beraiek zer egin erabakitzea ez da bidezkoa. Edozein proiektuk herritarren oniritzia behar du», adierazi du Oterok. Era horretan, uste du Ingurumen Sailak plan sektorialak dioena aktibatu beharko lukeela, hiru erakundeekin eta Iberdrolarekin organo exekutatzaile bat eratzeko, bertatik «eremuarekin zer egin erabakitzeko plan berezi bat» ateratzeko.

Egun bada batzorde bat, eskualdatzea behar bezala egiteaz arduratzen dena. EH Bilduren ustez, ordea, Madrilekin negoziazioak Jaurlaritzak eramaten ditu, «eta tarteka informazioa ematen die beste instituzioei». «Beraz, hor arrain haztegi bat eraikiko dela adierazita, Jaurlaritzak pauso bat saltatu du», salatu du Oterok, hura ez baita proiektua aurrera eramateko planteatutako batzordea.

EH Bilduko kideak gehitu du ez duela baloratu arrain haztegiaren proiektua ona den edo ez, baina «pausoak jarraitzearen» garrantzia azpimarratu du. Ezinbestekotzat jo du herritarrei galdetu beharra ere, oniritzia jaso eta erabakia berresteko: «Uste dugu herriarekiko zor historiko bat dagoela. Lemoizko herritarrak 40 urtetik gora egon dira eremu hori erabili ezinda, eta orain ezin da Jaurlaritza erabakia hartuta iritsi, euren borondatearen gainetik».

Historia luzea

Historia korapilatsua du Basordako kalak. Herri mugimenduen urteetako borrokaren eta ETAren ekintzen ostean —bost langile hil zituen—, 1982an lanak behin-behinean gelditu ziren Lemoizko zentral nuklearrean, eta 1984. urtean Espainiako presidente Felipe Gonzalezek aurrera ateratako moratoria nuklearrak behin betiko geratu zuen proiektua. Ordutik ia abandonatuta egon da eremua. Iberduerorena izan zen lehenik, eta hura Hidrolarekin batzean, Iberdrolaren eskuetara igaro zen.

Basordako kala ez da edozein eremu, «balio sinboliko berezia» du, Oteroren esanetan: «Euskal Herriko borroka nuklearraren sinbolo da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.