ELAk egindako greben kopurua %81 handitu da urteko lehen seihilekoan

Lan erreforma baliogabetzeko eskatu dio sindikatuak Pedro Sanchezi. 2018an sinatu diren sektoreko hamabost hitzarmenetatik zortzitan dago ELA
Txakartegi, Muñoz eta Igeregi, atzo, sindikatuak Bilbon egin zuen agerraldian.
Txakartegi, Muñoz eta Igeregi, atzo, sindikatuak Bilbon egin zuen agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko uztailak 20
«Laneko gatazkek gora egitea seinale ona da». Argi adierazi zuen Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak bere iritzia, atzo, gatazkek gora eginda langileek euren baldintzak hobetzen dituztela uste baitu. Egungo egoeran, grebak inoiz baino beharrezkoagoak direla uste du, «patronalaren betoari aurre egiteko balio duelako».

Negoziazio kolektiboaren inguruko txostenaren aurkezpena egin zuen sindikatuak, atzo, eta hark argi islatzen du gatazkei zein garrantzia eman dien ELAk. 2018ko lehen seihilekoan sindikatuak bultzatu dituen lanuzte kopuruek %81 egin dute gora iazko epe berarekin alderatuz gero. 27 greba egin zituzten iaz, eta 49 aurten. «Kopurua handiagoa izango zen akordioa lortu ondoren bertan behera utzitako grebak kontuan hartuz gero».

Gorakada horrek, gainera, eraginik izan du sinatutako itunetan, Pello Igeregi negoziazio kolektiboko arduradunaren arabera. Aurten, hamabost itun sektorial sinatu dira Hego Euskal Herrian, eta horietatik zortzitan presente egon da ELA. «Horietan guztietan lan erreformaren inaplikazioa» jaso dela nabarmendu zuen. Horregatik, Muñozek mobilizazioaren garrantzia nabarmendu zuen. «Gatazkek gora egitea albiste txarra da batzuentzat, baina guretzat aurkakoa».

Sinatutako itun horien bidez, gainera, 2012ko lan erreformari aurre egitea lortu dutelako harro mintzatu zen Muñoz. «Akordio horiei esker, egunero lortzen dugu lan erreforma gainditzea». Zentzu horretan, eskaera egin zion Pedro Sanchez Espainiako presidentearen gobernuari erreforma bertan behera utzi dezan. «Demokrazian normalena da oposizioan egon zarenean aldarrikatutakoa egitea gobernura iristean; horregatik, Sanchezen gobernuari eskatzen diogu utz diezaiola beste alderdiei begiratzeari, eta pentsatzen duena egiteko, benetan hori pentsatzen baldin badu». Izan ere, sindikatuko ordezkariaren arabera, patronalak eragin politiko handia dauka «lortutako hori guztia ez galtzeko».

Espainiako Gobernuak, dena den, negoziazio kolektiboaren puntu gatazkatsu bat aldatzeko asmoa azaldu du, ordea. Hau da, erreforman dioenaren aurka, sektoreko itunek enpresakoek baino indar handiagoa eduki dezatela nahi du Sanchezek. «Hasieran ez zaigu asmo txarra iruditzen», azaldu zuen Muñozek, baina horrek berarekin ekar dezakeen arriskuak ere aipatu zituen. «Erreferentziazkoak diren estatu mailako itun batzuk prekarioak dira». Adibide gisa jarri zuen ostalaritzako ituna, urtean 11.000 euroko soldata onartzen duela. «Erreferentzia horiek onartzen badira, hori iseka egitea da, eta prekaritatea onartzea besterik ez dakar berarekin».

Sektore prekarioei begira

Borrokaren bidea hautatuta, patronalak krisi garaian lortu duen guztia suntsitu nahi du sindikatuak. Eta horren artean legoke prekaritatea. «Prekaritateari aurre egiteko tartea badago», azaldu zuen Muñozek. ELAk nabarmendu zuen egoerarik zailenean dauden kolektiboei laguntzeko erabakia hartua duela, eta gogoratu azken hilabeteetan izan dituzten gatazkarik gordinenak gisa horietako sektoreetan izan direla. Alegia, lan baldintzarik kaskarrenak dituzten sektoreetan, eta «emakumeen presentzia handia den enpresetan», Leire Txakartegi genero arloko arduradunaren hitzetan.

Horregatik, lan ildo horretan jarraitzeko asmoa erakutsi zuten ELAko arduradunek, eta aurreratu zutenez, udazkenean gatazka gehiago izango dira. Besteak beste, Gipuzkoako kale garbiketako sektorean. Halaber, zahar etxeetako langileak antolatzen hasita daudela ohartarazi zuen Igeregik. «Euren baldintzak hobetzeko lanean ari dira, eta, erakundeak mugitzen ez badira, grebara joateko prest daude». Muñozek «erakartze efektu» bat lortu nahi du horrekin guztiarekin, azaldu baitzuen «antolatzen den jendeak bere eskubideak lortzen dituela»; «borrokatuz garaipenak lortzen direnaren narratiba bat» sortu behar dela uste du ez alferrik. Eta horretan sakonduko dutela azaldu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna