Iritsi zaio moteltzea hazkundeari

EAEko ekonomiaren hazkunde erritmoa %3,1etik %2,8ra jaitsi da urtearen bigarren hiruhilekoan. 2008-2016ko epean, erosteko ahalmenaren %1,5 galdu da soldatetan, eta gehiago apalenetan

Iker Aranburu. Xabier Martin
2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Otsoa aipatu eta otsoa ez da inondik agertu... orain arte. Badirudi azkenean hemen dela hainbat aldiz iragarritako hazkunde ekonomikoaren moteltzea. Euroguneko ekonomiak urteko lehen hiruhilekoan antzeman zuen gel- dialdia, eta bigarrengoan iritsi zaio Euskal Herrikoari. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordinaren hazkunde erritmoa %3,1tik %2,8ra moteldu da urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera —Nafarroak asteartean emango ditu bere datuak—. Astirotzeak ez du ezustean hartu Eusko Jaurlaritza. «Hazkunde apalagoa dator, argi eta garbi», onartu zuen atzo Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak. Berez, urte osorako %2,8ko hazkundea aurreikusi zuen Gasteizko gobernuak joan den ekainean.

Eustatek atzo aurreratu zuen ekainaren amaieran hiru lurraldeetako BPGa %0,6 handiagoa zela martxoaren amaieran baino. Hiruhilekotik hiruhilekora ere ikusi da moteltzea, aurreko datua %0,8 izan baitzen. Abiadurak moteltzen jarraituko duela uste du Jaurlaritzak. 2019. urterako %2,3ko hazkundea espero du, eta %2koa baino ez 2020. urterako.

Lan merkatuaz ere beste hainbeste esan daiteke. Enpleguen sorrera sendoa da oraindik ere, azken urtean %2,1eko hobekuntza izan baitu, baina aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat apalagoa da hori. Urtearen joanean bere eskumeneko hiru lurraldeetan 17.800 enplegu sortuko direla kalkulatu du Jaurlaritzak.Sorrera txikiagoak izango dira datozen urteetan: 2019an, %1,4ko hobekuntza legoke lan merkatuan, eta 2020an, berriz, %1ekoa.

Urte horretarako langabezia tasa %10etik behera jaisteko helburua jarri zion bere buruari Iñigo Urkulluren gobernuak. Aurten bertan lor dezake: Eustaten arabera, %10,1era heldu zen bigarren hiruhilekoan. Aurrerantzean polikiago jaitsiko dela uste du Azpiazuk: «Orain, eman dezake erraza zela Jaurlaritzak 2020. urterako langabezia %10era jaisteko helburua, baina 2020. urterako %9,6ko langabezia egotea da gure aurreikuspena. Ez zen helburu erraza; kontua da 2017. eta 2018. urteetan ekonomiaren hazkunde handiak azkarrago eraman gaituela helburura; baina datozen urteetan Euskadiren potentzialaren araberako hazkundeak izango ditugu, %2 ingurukoak, eta espero dugu horrek %9,6an uztea langabezia tasa».

Arrakalak handitu egin dira

Ekonomiaren azken bilakaera komentatzearekin batera, 2017ko txostena aurkeztu zuten Azpiazuk eta haren taldeak. Datu positiboak daude hor, hala nola hiru urtez %3 inguru hazi dela langabezia, eta honezkero ekonomia 2008koa baino %3,8 handiagoa dela. Lan merkatuaren aldetik, argi-ilunak oso nabarmenak dira: langabezia %16,1tik %11,3ra jaitsi da lau urtean, baina lanean diren horien sariak ez dira hobeak. 2008-2016ko epean %9,2 igo da inflazioa, baina, batez beste, %7,6 baizik ez dira handitu soldatak. Hau da, %1,5eko galera egon dela erosteko ahalmenean.

Hori baino kezkagarriagoa da erosahalmenaren galerak batez erelangile apalenei eragin diela. Jaurlaritzaren datuek diote soldatarik txikienak dituzten langileen %10en errentak %4,5 jaitsi direla: urtean 9.996 euro gordin irabazten zituzten lehen, eta 9.550 euro orain. Irabazien beste muturrean daudenek, hots, gehien irabazten duten %10 horiek duela zortzi urte baino %10,6 gehiago patrikaratzen dute: 42.366 eurotik 46.823 eurora igaro dira.

Gehien eta gutxien irabazten dutenen arteko arrakala ez da handitu den bakarra. Alberto Alberdi Ekonomia sailburuordeak azaldu duenez, soldata arrakala handitu egin da gizonen eta emakumeen artean ere: mila euro handiagoa da 2008an baino, batez ere zerbitzuetan biltzen delako emakume gehien, eta sektore horretan hedatu dira soldata oso apaleko enpleguak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.