Oporretako itzulera gogorra

Frantziako Gobernuko bi ministro aldatu ditu Macronek, astebetean bi dimisio izan baitira. Urte politikoaren hasieran, orain arteko babes maila txikiena du presidenteak

François de Rugy Trantsizio Ekologikorako ministro izendatu berria eta Nicolas Hulot kargu horretan zegoena, atzo, Parisen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
mikel rodriguez
2018ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Ia hamasei hilabete bete dira Emmanuel Macronek Frantziako presidentetza hartu zuenetik. Erauntsi baten gisan ailegatu zen boterera, presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian botoen bi heren lortuta, eta handik hilabetera egin ziren Asanblearako hauteskundeetan diputatuen %54 irabazita Errepublika Martxan alderdi sortu berriarekin. Erakunde nagusien kontrol erabatekoa eskuratu zuen, eskuin muturraren mamua uxatu zuen, eskuin tradizionala urruti utzi zuen, haren alderdi ohia (PS Alderdi Sozialista) hondoratuta gelditu zen, eta ezkerra ez zen hurbildu alternatiba izateko helburura. Indartsu, hagitz indartsu ekin zion agintaldiari, nazioartean ere erreferentzialtasun handia lortu zuen, baina uda hau uste baino sargoriagoa bihurtu zaio presidenteari. Gaur hasiko du urte politiko berria haren gobernuak, astebeteko epean bi dimisio jasan ondoren, eta Macronen ospea boterea hartu zuenetik mailarik txikienean dagoenean.

Ifop-Fiducial etxeak egindako inkestaren arabera —Paris Match astekariak eta Sud Radio irratiak argitaratu zuten atzo—, herritarren %31k babesten dute Macronen jarduna; iazko irailean, %46 ziren. Hedabide horiek nabarmendu dute François Holland aitzineko presidentearen jarduna herritarren %32k babestu zutela boterean Macronen denbora berbera zeramanean, 2013ko irailean.

Uztailean argitaratu zen Benalla auziak ahuldu du Macronen irudi sendoa —Alexandre Benalla presidentearen bizkartzaina Maiatzaren Lehenean Poliziarekin batera manifestari bat jipoitzen ageri zeneko irudiak argitaratu zituzten—, eta bi ministroren dimisioak indartu du joera hori; gehienbat, Nicolas Hulot Trantsizio Ekologikorako ministroarenak —ingurumen politiken arduradun nagusiarenak—.

Hulot pertsona ezaguna da Frantzian ekintzaile ekologista gisa, eta gobernuan ospe handiena zuen ministroa zen. Joan den astean jakinarazi zuen dimisioa emanen zuela, aitzinetik Macroni eta gobernuari deus erran gabe eta gobernuarekin zituen desadostasunak jendaurrean adierazita. Gobernuari leporatu zion bere agenda ekologistari trabak paratzea; bereziki, energia nuklearraren erabilera murrizteko zuen helburuari. Horrek kalte handia egin zion Macronen irudiari, bertzeak bertze, Hulot ministro izendatzeak irudiarekin baitzuen zerikusia.

Hori konpondu nahian, joan den igandean Frantziako hedabideek jakinarazi zuten Macronek Hulot ordezkatzea proposatu ziola Daniel Cohn Bendit berdeen europarlamentari ohi eta 68ko Maiatzeko liderretako bati. Cohn Benditek ez du onartu, eta, atzo, Macronek bertzelako profila duen ordezkari bat izendatu zuen Trantsizio Ekologikorako ministro: François de Rugy, legegintzaldia hasi denetik Asanbleako presidente izan dena.

De Rugyk Alderdi Berdean hasi zuen ibilbide politikoa, baina, 2016an, PSren primarioetara aurkeztu zen. Horiek galdu ondoren, iaz Macronen Martxan mugimenduarekin bat egin zuen.V. Errepublika sortu zenetik (1958) hirugarren aldia da Asanblea Nazionaleko presidente batek kargu hori utzi behar duela ministro izendatu dutelako —azkena Laurent Fabius izan zen, 2000. urtean, Dominique Strauss-Kahnen ordez Ekonomia ministro izendatu zuenean Jacques Chirac presidenteak—. Heldu den astelehenean jakinaraziko dute Asanblea Nazionaleko presidentetzarako hautagaia, eta asteazkenean bozkatuko dute.

Frantziako hedabideen arabera, De Rugy Hulot baino erranekoago izanen zaio Macroni, baina, atzo, ezusteko bertze hutsune bat ere bete behar izan zuen presidenteak, goizeko lehenbiziko orduan jakin baitzen bertze ministro mediatiko batek, Laura Flessel Kirolekoak, dimisioa eman zuela. Hulotek ez bezala, «arrazoi pertsonalak» argudiatu ditu kargua uzteko, baina ekaitzak erdian harrapatu du. Bertzeak bertze, Mediapart hedabideak argitaratu du Flesselen kontuak aztertzen ari dela Ogasuna. Esgrima jokalaria izan zen Flessel, eta bortz domina irabazi zituen Olinpiar Jokoetan. Macronek Roxana Maracineanu igerilari ohia izendatu du Kirol ministro.

Greba urriaren 9an

Gobernuak gaur eginen du urte politiko berriko lehenbiziko bilera. Macronek Benalla auziarekin hasitako ahultze joera iraultzeko abiapuntua ezarri nahiko du gaurtik aitzinera. Uztailean, bi zentsura moziori aurre egin behar izan zien, baina, Asanblean duen gehiengo zabalari esker, aisa gainditu zituen. Ordutik, eta dimisioak gertatu baino lehen, bertze kontu batzuek ere kalte egin diote uda arte guztiz sendoa zirudien presidentearen irudiari: Danimarkan Frantziako herritarrei buruz egindako adierazpen batzuek —«galiarrak aldaketekiko uzkurrak dira»—, adiskide bat Los Angelesen (AEB) kontsul izendatzeko asmoak, eta Macronek eta ministroek errenta zergaren bilketa metodoari buruz egindako adierazpen kontrajarriek.

Ondorio politikoak utzi ditu ospe galera horrek, Benalla auzia piztu ondoren Macronek konstituzioaren erreforma gibelatzea erabaki baitzuen. Presidenteak erakutsitako ahulezia hori baliatzen saiatuko dira hasieratik kontra izan dituenak, sindikatuak. Urriaren 9rako greba orokorrera deitu dute Macronen politika neoliberalen kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.