Bizitza erdian jartzeko greba

Bost ardatz izango ditu greba feministak: ikasketak, enplegua, kontsumoa, pentsioak eta zaintza. «Zaintzaren gatazkak» garrantzia izango du. Gizonen egitekoa zehaztu dute

Euskal Herriko Mugimendu Feministak aurtengo grebaren berri eman zuen atzo, Gasteizko Talka espazio feministan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
«Martxoaren 8an, emakumeok, transok eta bollerok lan guztiak utziko ditugu, eta kaleak hartuko ditugu berriro». Iaz bezala, aurtengo Emakumeen Egunean ere grebara deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta atzo agerraldi bat egin zuten Gasteizen, Talka espazio autogestionatuan, mobilizazioen ardatzen berri emateko. Ikasleen, enpleguaren, kontsumoaren, zaintzaren eta pentsioen arloak izango dira nagusi; antolatzaileek, ordea, jakinarazi dute «zaintzaren gatazkari» zentralitatea emango diotela: bizitzak erdigunean jarriko dituzte. Hasiak dira herri eta eskualdeetan antolatzen, baita maila nazionalean ere. Hainbat kolektiborekin elkartu eta txosten bat idatzi dute.

Iazko greba feminista «erabateko arrakasta» izan zela berretsi dute. Milaka izan ziren hiri eta herrietako kaleetara atera ziren emakumeak, «mundua gelditu zutenak, mundua mugitzeko». Greba feminista bizitzako esparru guztietara eraman zuten, eta aurtengoan ere hala izango da. Antolatzaileek azaldu dute zapalkuntza guztiei aurre egingo diela grebak: «sistema heteropatriarkal kapitalistari» planto egitea dute helburu. Gizonezkoei ere egin diete eskaria: zaintza lanen ardura modu autonomoan har eta antola dezatela.

NOR DAGO GREBA FEMINISTARA DEITUTA?

Emakumeak, bollerak eta transak egongo dira greba feministaren erdigunean, hau da, «heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektuak». Mugimendu feministak azaldu du subjektu guztiak ez direla emakume gisa identifikatzen, eta nabarmendu dute emakume eta gizon kategoria «patriarkalak» desagerrarazi beharra dagoela. «Kategoria hori baliagarria zaigu zapalkuntza izendatzeko». Gaineratu dute heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuak izendatzeko emakume* moldea erabiltzeko hautua egin dutela aurten ere.

Horrez gain, eta zalantzarik ez egoteko, argitu dute grebara Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitzen duela. Hortaz, emakume, bollera eta transei dei egin diete mugimenduak antolatutako mobilizazioetan parte hartu eta greba feministaren irudi eta aldarrikapenak erabiltzeko. «Alderdi edo beste edozein erakunderen sigla eta koloreen protagonismoa» saihestu nahi dute.

ZER ALDE DAGO IAZKO GREBAREKIN?

Lau ardatzetan zuen oinarria iazko greba feministak: ikasleak, enplegua, kontsumoa eta zaintza ziren. Bosgarrena erantsiko diote aurten: pentsiodunek ere lekua izango dute aldarrietan. Finean, azaldu dute greba feminista bizitzako esparru guztietara heltzen dela: «Soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintza ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan». Ardatzok oinarri hartu eta sistemarekiko haustura irudikatzea du helburu mugimendu feministak.

Irailean ere aurreratu zuten berririk. Iaz ez bezala, antolatzaileekjakinarazi zuten aurten ordu batzuetako lanuzteak egin ordez 24 orduko greba egingo dutela.

ZEIN DA GREBAREN ARDATZ NAGUSIA?

Grebaren ardatzak bost izan arren, «zaintzaren gatazkari» garrantzia eman nahi diote. «Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatzen dugu, pertsonen zaintza ez dadila zapalduon bizkar geratu». Itun sozial berri bat eskatu dute. Horretarako, jakinarazi dute etxeko lanetan eta zaintza lanetan dabiltzan emakumeekin aliantzak sortu, estutu eta indartuko dituztela. «Etxeko langileen esplotazioarekin aberasten diren enpresa banpiroak seinalatzeko edo administrazioaren arduragabekeria» salatzeko deia ere egin dute.

ZER EGIN BEHAR DA GREBA EGUNEAN?

Mugimendu feministak dei egin du lantoki eta ikasgeletan greba egitera, mobilizazioetan parte hartzera eta zaintza lanak albo batera uztera. Greba irudikatzeko, berriz, proposatu dute amantalak balkoietan eskegitzea eta besoko morea eta txapak janztea. Azken finean, nabarmendu dute eguneroko «normaltasuna apurtu» eta «herriak geldiarazi» nahi dituztela. Gogoan izan dute kontsumo greba ere: «Ez kontsumitzeko eta kontsumo arduratsu eta iraunkorra garatzeko deia egiten dugu». Nabarmendu dute kontsumitzean ekoizpen eredu bat edo beste sustatzeko boterea dagoela, eta, beraz, konpromiso politikoa gogoan izan behar dela.

«Egungo zapalkuntza sistema basatia ezin dugu termino bakar batekin definitu». Hori dela eta, esplotazioaren edo miseriaren ikur diren multinazionalei ez ezik, planto egingo diote kapitalismoari, patriarkatuari, heteroarauari eta kolonialismoari, baita kapazitismoari ere; hau da, «aniztasun funtzionala duten pertsonak alboratzeari eta ezgaitu bezala eraikitzeari».

ZER EGIN BEHAR DUTE GIZONEK?

Zaintza izango da gizonezkoen egitekoa. Iazko grebaren bideari jarraikiz, zuzeneko eskaera egin die mugimendu feministak: zaintza lanen ardura «modu autonomoan hartu eta antolatzeko»; hau da, zaintza bere egiteko, eta lantoki zein herrietan zaintza gune komunitarioak antolatzeko. Dena den, gizonentzako gako batzuk ere eman dituzte, haiek greba bultza dezaten. Nabarmendu dute, zaintzaz arduratzeaz gain, ondoko emakumeei babesa ematea ere beharrezkoa dela.

Era berean, mugimendu feministak azaldu du gizonek mobilizazioetan parte hartzea ez dela lehentasunezkoa. Halere, berretsi du, parte hartuz gero, gogoan izan behar dutela emakumeen ikusgaitasuna eta ekimena: «Jar zaitez atzeko aldean, agindu edo azalpenik eman gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.