Cikautxok 600 lanpostu sortuko ditu inbertsio planaren bitartez

Europako Inbertsio Bankuaren 26 milioi euroko mailegua lortu du, kautxoa ordezkatuko duten material ekologikoak garatzeko. Berriatuko egoitzan bilduko dira inbertsioak

Emma Navarro EIBko lehendakariordea eta Cikautxoko arduradunak mailegua sinatzen, atzo, Berriatuan. CIKAUTXO.
Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Produktu berriak eta berritzaileak garatzeko behar zuen laguntza eskuratu du Cikautxo taldeak. Europako Inbertsio Bankuak (EIB) 26 milioi euroko mailegua emango dio, ikerketa eta garapen arloa indartzeko egin nahi dituen inbertsioak finantzatzeko. Horien bitartez, lau urtean 600 langile baino gehiago kontratatu ahal izango dituela iragarri du Cikautxok.

Egun gutxian EIBk Mondragon taldeko enpresa bati ematen dion bigarren mailegu handia da atzo iragarritakoa. Joan den ostiralean, Ulma taldeak ere jakinarazi zuen 26 milioi euro utziko dizkiola, Espainian eta Polonian dituen lantegietan makina eta ekipamendu modernoak jarri ahal izateko. Inbertsio horiek 300 lanpostu sortuko dituzte.

Cikautxoren kasuan, berriz,inbertsioak Berriatuan (Bizkaia)bilduko dira, han baitu ikerketa eta garapen atala kooperatibak. Batez ere, autogintzan erabiltzen diren kautxozko eta plastikozko osagaiak egiten ditu Cikautxok, eta, inbertsioaren bitartez, material berriak aurkitu nahi ditu;kautxoa ordezkatuko duten material birziklagarriak, zehazkiago esateko. Kooperatibak espero du material horiek, gutxiago kutsatzeaz gain, osagaien pisua gutxitu ahal izango dutela eta horrela autoei pisua kendu ahal izango dietela, eta erregaia aurreztu. Autogintzan ez ezik, medikuntzarako makinetan edo etxetresnetan ere erabiliko diren materialak bilatuko ditu, arlo horretan ere aritzen baita Berriatuko kooperatiba.

Cikautxok 2.822 langile ditu gaur egun, eta 268 milioi euroren salmentak egin zituen iaz. Berriatuko lantegi nagusiaz gain, beste zazpi fabrika ere baditu, ondoko herrialdeetan: Espainia, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Errumania, Mexiko, India eta Txina. AEBetan bulego komertziala du.

Iñigo Laskurain Cikautxoko zuzendariak nabarmendu duenez, EIBren maileguari esker egingo den inbertsioak konpainiaren «lidergoa» sendotzeko balioko dio «gaur egun Europan eta munduan erreferente den funtzioetan».

Maileguak Juncker planaren babesa du. Hark emandako bermearen bitartez, EIB arrisku handiagoko industria proiektuak finantzatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.