Tutera, arabazozoz estalita

Milaka arabazozo heldu dira Tuterara, aurreko urteetan baino gehiago; hala ere, ez da izan ohi baino kexu gehiago. Udala neurriak hartzen ari da zikinkeria eta zarata murrizteko
Milaka arabazozo, Tuterako pinudi baten inguruan, herenegun iluntzean.
Milaka arabazozo, Tuterako pinudi baten inguruan, herenegun iluntzean. JESUS DIGES / EFE

Ainhoa Larretxea Agirre -

2019ko otsailak 12
Neguan, eguna argitzearekin eta iluntzearekin batera, arabazozoz betetzen da Erribera eta Tutera (Nafarroa) inguruko zerua. Goizean, gizakiak baino lehen mugitzen dira, eta, eguna jaki bila igaro ondoren, goxotasun bila joaten dira iluntzean herriguneetara. Irudi ikusgarriak uzten dituzte arabazozoek, talde handietan mugitzen baitira, baina arazoak ere sortzen dituzte. Egunotan, milaka arabazozo pilatu dira Tuteran, eta udala neurriak hartzen ari da arazoei aurre egiteko.

Zikinkeria eta soinua, horiek dira arabazozoek sortutako arazorik handienak. Hala azaldu du Olga Risueño Tuterako Udaleko Ingurumen zinegotziak: «Goizean goiz eta iluntzean izaten da soinurik gehien, eta hori da arazo nagusia. Soinuaz gainera, zikinkeria ere sortzen dute».

Arazo horiek saihesteko, hegaztiak hiriaren erdialdetik kanpoaldera eraman nahi izan dituzte. Auto batean, hegaztientzat desatsegina den soinua jartzen dute, eta, horrela, landa ingurura bideratzen dituzte. Finean, leku batetik bertzera mugitzen dituzte herritarrei arazo gutxiago eragiteko. Gaur egun, Tuteran hegaztiak ez dira herrian bertan elkartzen; kanpoaldean dagoen leku jakin batean biltzen dira, eta han daude arazo nagusiak. «Zentral elektriko bat dago, babesgunetzat hartzen dituzten pinuak daude inguruan, eta herrigunean baino tenperatura altuagoa izan ohi da», azaldu du Risueñok. Leku pribatua da, eta udalak ezin du zuzenean bertan esku hartu; hala ere, zinegotziaren arabera, arazoa nola konpondu aztertzen ari dira.

Ezohiko kopururik ez

Risueñoren esanetan, bertze urte batzuetan baino arabazozo gehiago ailegatu dira aurten Tuterara, baina ez da ezohiko kopurua ere izan. «Negua berandu ailegatu da, eta horrek berekin ekarri du hegazti gehiago etortzea». Herrira hegazti gehiago heldu diren arren, ez dute nabaritu herritarren kexa kopuru handiagorik, eta aurreko urteetako prozedura berari jarraitzen ari da udala aurten ere.

Udaberria heltzearekin batera, martxo aldera utziko dute arabazozoek Erribera, eta neguarekin bat itzuliko dira heldu den urtean.