2050erako argindar guztia berriztagarria izateko xedea jarri du Madrilek

Espainiak 2030. urterako karbono isurketak %38 murrizteko neurriak iragarri ditu. Teresa Ribera ministroak leundu egin du ibilgailuei 2040rako ezarritako debekua

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta bere lau ministro, atzo, Madrilen. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Irune Lasa.
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Inork zalantzarik bazuen, hauteskunde kanpaina betean da Pedro Sanchez Espainiako presidentea. Horrela soilik ulertzen da atzo haren gobernuak datozen hamar urteetarako klimari eta energiari dagozkion neurri sorta aurkeztu izana —energia arloko enpresa nagusien buruzagien aurrean—, nola eta horiei dagozkien testuak plazaratu gabe. Ziurrenez, bihar ezagutuko dira testu horiek, Ministroen Kontseiluak onartu ostean.

Sanchezek usteko zuen bere gobernuaren lege indartsuenetakoak, ezerezean geldituko den Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren legeak, ez zuela lortuko berak nahi beste oihartzunik biharkoan, eta horregatik ekitaldi berezia egin zuen atzo, hedabideetako tituluak lortzearren. Egia da ere kopuru biribila eman zuela Sanchezek, egoki-egokia kanpainari begira: «Energia eta Klima sortarekin abian jarriko diren neurriek 300.000 enplegu berri sortuko dituzte datozen hamar urteetan».

Espainiako presidenteak aipatzen duen sorta hori hiru testutan banatzen da. Batetik, Europara bidali beharreko Klima eta Energia Plan Nazionalaren zirriborroa dago, joan den urtean entregatu behar zuena. Zenbait hedabideren arabera, testu horretan Espainiako Gobernuak aurreikusten du 2030. urterako herrialdearen karbono isurketak 1990. urtekoak baino %20 txikiagoak izango direla. Horrek esan nahi du, gaur egun isurtzen duena baino heren bat CO2 gutxiago (-%38) atmosferaratu beharko duela, gaur egun isurketak 1990ekoak baino %17 handiagoak direlako.

Pedro Sanchezen arabera, 2030ean argindarraren %74 iturri berriztagarrietatik sortuko da Espainian —%40 dator hortik gaur egun—, eta 2050ean argindar guztia iturri berriztagarrietatik lortzea izango du helburu herrialdeak. Jomuga hori bat dator Europako Batzordeak dioenarekin.

Bestetik, atzo aipatutako testu sortan Klima Aldaketarako eta Trantsizio Energetikorako Lege proiektua eta Bidezko Trantsizio Baterako Estrategia ere badaude. Gobernu sozialistaren egitasmo handienetako bat izan nahi zuen trantsizio energetikoaren lege proiektua ezerezean geldituko da, martxoaren 5ean desegingo direlako Espainiak Gorteak. Edonola ere, hor jasotakoetatik ezingo da askorik urrundu apirileko hauteskundeetatik datorren gobernu berria, datorrena datorrela.

Dena den, Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak, dirudienez, amore eman behar izan du lege egitasmoaren puntu garrantzitsuenetako batean, eta bihar onartzekoa den testuan jada ez dago debekurik 2040tik aurrera diesel eta gasolinazko ibilgailuak matrikulatzeko. Testu berriak orain «CO2 isurketa zuzenak dituzten ibilgailuak matrikulatzeko debekua» soilik aipatuko du, zehaztu gabe zein motatakoak izan daitezkeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.