Harro sortu dute, «faxismoaren eta LGTBI zuriketaren kontra»

Euskal Herriko LGTBI kolektiboko hamar elkartek eta hainbat militantek Harro plataforma berria osatu dute. Ekainaren 15ean aurkeztuko dute, Donostian egingo duten ekitaldian

Harro plataformako kideak, atzo, Bilbon egindako agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
«Esparru politiko koherente eta kritikoak sortzeko eta elkar sostengatuz eta koordinatuz erantzun material bat emateko beharretik» sortu da Harro Euskal Herrialdeetako Transmaribibollo Plataforma. «Kapitalismo aseezina» LGTBI mugimendua «instrumentalizatzen» ari dela ohartarazi dute, «zuriketarako erabiltzen». Faxismoarentzako «lur ongarritua» dela ere salatu dute. Azpimarratu dute «faxismoaren gorroto delituek ondorio larriak» dituztela LGTBI kolektiboan, arauz kanpoko funtzionaltasuna dutenengan, pertsona arrazializatuengan, musulmanengan, juduengan eta erlijio minoritarioetako sinestunengan, eta migratzaileengan. Horri aurre egiteko elkartzea erabaki dute Euskal Herriko LGTBI mugimenduko hainbat elkarte eta norbanakok. Atzo eman zuten plataformaren sorreraren berri, Bilbon, baina ekainaren 15ean egingo dute aurkezpen ekitaldia, Donostian, Guardetxean.

«Kide garen elkarteen ekintza partikularrak batzea da asmoa», zehaztu du Bea Macias Montoya Harroko kideak. Gaur-gaurkoz, EHGAM, Hiruki Larroxa Kolektiboa, Guztiok, Ozen, Intifada Marika, Sare Lesbianista, Iris Proiektua, Euskal Hartzak eta Lumagorri taldeek osatu dute plataforma, baita beste militante batzuek ere. «Gure helburuak dira Euskal Herrietako hainbat kolektiboren artean lan eta zaintza sareak sortzea, memoria historikoa bildu eta kontserbatzea eta erasoen aurrean erantzun erreal bat ematea», azaldu du plataformako kide Guille Martinsek.

LGTBI mugimenduaren erroak «erradikalak eta antikapitalistak» direla gogoratu dute. Baina aitortu dute kapitalismoak «iraultzaileena ere irensten» duela. Horren adibide modura aipatu dute pinkwashing delakoa; hau da, LGTBI mugimendua zuriketarako erabiltzea, «progresismo itxurak» egiteko.

Eredu talka

Horrela jardun izana egotzi diete Ortzadar LGTBI elkarteari eta Bizkaiko erakunde publikoei. Bilbao Pride jaialdia antolatu dute azken urteetan, ekainaren 28aren bueltan, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira. Harroko kideen ustetan, «tolerantzia eta irekitasun irudi baten atzean, jendarte eta hiri eredu baztertzaile, elitista eta kapitalista sustatzen du». Salatu dute eredu horrek bultzatzen duen «gayfriendly turismoak auzoak gentrifikatzen eta prekarizatzen» dituela. Aurten, izenari harro hitza gehitu diote sustatzaileek: Bilbao Bizkaia Harro izango da. Harroko kideek aitortu dute nahasketa eragin dezakeela. «Baina gure ekintzek eta ideologiak argi erakutsiko dute batzuen eta besteen artean dagoen aldea», azpimarratu du Macias Montoyak.

1969ko ekainaren 28ari erreferentzia egin dio Martinsek. Gogoratu du gau hartan Stonewallen izandako errebolta adreilu batekin hasi zela. Eta adreilu hura erabili du Harroren egitekoa azpimarratzeko: «Suzko adreilu bat gara. Erailtzen gaituen instituzio eta sistema honen erraiak suntsitzeko erabiliko dugun adreilua. Berria den zerbait eraikitzeko erabiliko dugun suzko adreilu bat gara. Itzaltzen utziko ez dugun suzko adreilua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.