Abusuen bakardadea apurtuz

Adingabeen aurkako sexu abusuen kontrako programa bat egin du Basauriko Udalak. Biktimei arreta emateko bitartekoak jarri ditu, eta prestakuntza ematen hasiko dira.

Baskonia futbol taldeko entrenatzaileari egotzitako abusuak salatzeko manifestazioa, Basaurin, joan den urtarrilaren 12an. MAIDER IBAÑEZ / GEURIA.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Iazko azaroan, Pepe Godoy izeneko Basauriko (Bizkaia) 48 urteko gizonaren bideoak herria astindu zuen: umetan, Baskonia futbol taldean zebilela, entrenatzaile batek sexu abusuak eginzizkiola kontatu zuen. Haren atzetik, beste salaketa batzuk iritsi ziren. Godoyren gertukoek Ez naiz isilduko izeneko plataforma sortu zuten. «Pepek [Godoyk] azaldu zigun zelako bakardadea sentitu zuen, ez zekielako zer egin eta nora jo laguntza eske. Elkarte pribatu batera joan behar izan zuen, Garaitzara. Eta pentsatu genuen laguntza hori administrazioak eman behar duela; gertukoenak, hau da, udalak», azaldu du taldeko kide Iñigo Isuskizak. Urtarrilean, Basauriko Udalaren osoko bilkuran aurkeztu zuten eskaera. Eta hainbat hilabeteko lanaren fruitu, adingabeen aurkako sexu abusuei aurre egiteko programa bat dauka Basaurik joan den asteaz geroztik.

Oraingoz, biktimei laguntza eta arreta emateko bitartekoak jarri dituzte; hau da, udaleko gizarte zerbitzuetako lantaldea eta telefonoa (94-466 63 48), Whatsapp zenbaki bat (688-73 15 09) eta posta elektroniko bat (abusurikez@basauri.eus), biktimek edo euren inguruan kasuren bat egon daitekeen susmoa daukatenek nora jo izan dezaten. Irailetik aurrera ekingo diote prebentzio lanari, ikastetxeetan, eta kirol eta aisialdi elkarteetan kontzientzia sortuz eta prestakuntza eskainiz.

«Udalean badugu adingabeen babeserako zerbitzua, baina ez dago sexu abusuetara bereziki bideratuta, eta eskumen gutxi ditu, berez, diputazioarena delako», azaldu du Basauriko Gizarte Politiketako zinegotzi Asier Iragorrik. Plataformako kideekin, udalean ordezkaritza duten alderdiekin, udaleko profesionalekin, biktimekin eta adingabeekin lan egiten duten hainbat elkarte eta gobernuz kanpoko erakunderekin hasi ziren beharrean, egoera aztertzen. «Ikusi dugu ez dagoela asko zehaztuta horrelako egoeretan zer egin». Adingabeekin lan egiten duten taldeekin eta profesionalekin ondu dute protokoloa.

«Gure gizarte zerbitzuetako profesionalek badakite horrelako mezu bat jasotzen dutenean zelan jokatu behar duten, zer laguntza eskaini behar duten eta nora bideratu ditzaketen. Eta laguntza eske edo informazioa ematera jotzen duenak badaki erantzun azkarra jasoko duela eta pribatutasuna gordeko dela». Whatsappa eta helbide elektronikoa ere eskura ipinita komunikazioa erraztu nahi izan dute. Izan ere, uste dute hasieran batzuei «errazagoa» egingo zaiela idatzizko komunikazioa edukitzea gizarte zerbitzuetako langileekin.

Herrian eragin

Basauriko programak beste pauso bat ere eman nahi izan du. Iragorriren esanetan, sentsibilizazioa sortzea ere ezinbestekoa dela iruditzen zitzaien. Isuskizak azaldu du Godoyk bideoa egin aurretik ere bazela abusu horien susmoa izan zezakeen jendea. «Dokumental bat egin du eskualdeko Geuria aldizkariak, eta han ikusten da ez zela kontu arrotza. Hori aldatu behar da ezinbestean. Herri modura, gizarte modura, ezin dugu beste aldera begiratu. Arazoa hor dagoela jakin behar dugu, eta aurre egin behar diogu», ohartarazi du Isuskizak. Horregatik, udalari horretan ere indar egin zezala eskatu zioten. Godoyren bideoak eta gerora etorri ziren beste sei salaketek lurrikara txiki bat eragin zuten Basaurin. Isuskizaren ustetan, jarrera aldatzen eta kontzientzia sortzen lagundu dute. Urte hasierako mobilizazioak ipini ditu adibide. Urtarrilaren 12an, 4.000 lagun inguru elkartu ziren. «Basauriren tamainako herri batentzat sekulako manifestazioa da hori».

Horrela, bada, udalak ikastetxeekin eta herriko kirol, kultur eta aisialdi elkarteekin egingo du lan. Ikasturtea bukatzear dago, eta, beraz, ezin dute askorik egin. Orain abisua pasatuko diete, irailean eurekin elkartu nahi dutela esateko. Besteak beste, informazio eta sentsibilizazio saioak egingo dituzte irakasle, begirale eta gurasoekin. Era berean, ikasgeletan gaia landu ahal izateko materiala prestatuko dute. Alde batetik, adingabeei tresnak eman nahi dizkiete, sexu abusuak zer diren jakiteko eta nola aurre egin ikasteko. Beste alde batetik, irakasleak, begiraleak eta familiak prestatu nahi dituzte, euren ardurapeko umeengan zantzuak interpretatzen jakiteko. «Badakigu abusu kasu gehienak familia barruan edo inguruan gertatzen direla, eta horiek direla antzemateko zailenak. Irakasle eta begiraleei horretan lagundu nahi diegu».

Hirugarren ardatz bat ere badu plataformak. Baskoniako entrenatzailearen aurkako ipinitako zazpi salaketetatik sei artxibatu egin dituzte, preskribatuta daudelako abusuak. Baina zazpigarrena auzitegietan dago. Iragorrik azaldu du herri akusazio gisa parte hartu nahi dutela epaiketan. Baina horretarako epailearen baimena behar dute. «Genero indarkeriako kasuetan administrazioak badu eskubide hori, baina halakoetan legeak ez du ematen. Epailearen esku dago». Kasu berririk agertzekotan berdin jokatzeko konpromisoa hartu dute: «Udala inplikatu behar izateko besteko larritasuna du gaiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.